Atzodanik oposizioaren esku dago agintea Kirgizistanen, baina egoera nahasia da oraindik. Rosa Otunbaieva Atzerri ministro ohi eta oposizioko buruak gaur prentsaurrekoan agertu duenez, Kurmanbek Bakiev altxamenduaren ondorioz agintetik kendutako presidenteak ez du amore emateko asmorik. Ondoren Bakievek berak berretsi du hori, ez duela dimisioa eman, baina aitortu du ez duela herrialdea kontrolatzen.
Presidentearen taldea Kirgizistanen hegoaldeko hautesleak mobilizatzeko saioa egiten ari da berriro boterera itzultzeko. Otunbaievak nabarmendu du, ordea, herritarren gehiengoa aukera horren kontra dagoela, eta oposizioak ez duela etsiko.
Ildo beretik, Kirgizistango Indar Armatuetako eta mugetako zaindarien gehiengoa euren alde dagoela adierazi du prentsaurreko berean Defentsa ministro kargua hartu duen Ismail Isakov jeneral eta oposizioko buruetakoak. Ordena bermatuko dutela ziurtatu du, eta bart zenbait lekutan izan diren arpilatzeen modukoak eragozteko patrullak antolatuko dituztela.
Ordena politikoari dagokionez, Konstituzioak, oro har, indarrean jarraitzen duela adierazi du Otunbaievak, "artikulu batzuk izan ezean".
Kurmbanbek Bakiev agintetik kendutako presidenteari dagokionez, sorterrian dagoela plazaratu du Fergana.Ru agerkari digitalak. Beraz, informazio horren arabera, hegoaldeko Jalalabad eskualdean legoke, babes handiena duen gunean, eta bere aldeko komite bat sortzen arituko litzateke. Koshbai Masirov Jalalabadeko gobernadoreak adierazi du Bakievek dimisioa emateko asmoa duela, baina eurek ez dutela hori gerta dadin utziko: "Ez dugu gure seme bat irain dezaten utziko". Ondorioz, ikuskizun dago hegoaldean sor daitekeen Bakieven aldeko mugimenduak zer erantzun emango dion oposizioak sustatutako matxinadari.
Iturri ofizialek agertu dute gutxienez 65 lagun hil zirela atzoko liskarretan. Oposizioak Bakievi eta haren Gobernuari egotzi diote erabat heriotza horien ardura.
Mundua
Kirgizistango presidenteak ez du kargua utzi, baina aitortu du ez duela herrialdea kontrolatzen
Agintetik kendu zuten atzo Kurmanbek Bakiev presidentea, eta sorterrian babestu bide da. Indar Armatuen gehiengoa bere alde dela esan du Kirgizistango oposizioak. Atzoko liskarretan 65 lagunetik gora hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu