Kirgizistango egoera politikoak eztanda egin zuen atzo, hauteskundeen emaitzak salatzeko bi asteko protesten ondotik. Sooronbai Zheenbekov Kirgizistango presidenteak dimisioa eman zuen: «Ez diot botereari kosta ahala kosta eutsiko. Ez dut Kirgizistango historiara pasatu nahi odola isuri eta bere herritarrak tirokatu zituen presidente gisara. Beraz, dimisioa aurkeztea erabaki dut», adierazi zuen gobernuko webgunean argitaratutako agiri batean. Hark utzitako hutsunea Sadir Zhaparov lehen ministro eta oposizioko buruak hartu du beretzat, «botere osoa» bere esku hartu duela adierazi baitzuen Zheenbekovek dimisioa eman eta ordu gutxira.
Bi astez tentsioak etengabe egin du gora Kirgizistanen, urriaren 4an egin ziren parlamenturako hauteskundeen harira. Orduko emaitzek Zheenbekoven aldeko alderdi errusiazaleei eman zizkieten botoen erdiak; oposizioak, ordea, emaitzak bertan behera uzteko eskatu zuen. ESLA Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeak oposizioaren susmoak indartu zituen, ez baitzien «funtsik gabeko» iritzi.
Parlamentuari oldarraldia
Hori horrela, bozak egin eta bi egunera protestek Bixkek hiriburua hartu zuten. Manifestariek,parlamentura sartu, eta hainbat bulegori eraso egin zieten. Horrez gain, preso zeuden Sapar Isakov eta Zhantoro Satibaldiev lehen ministro ohiak, eta Almazbek Atambaiev presidente ohia askatu zituzten.
Poliziaren eta manifestarien arteko gatazkan pertsona bat hil zen eta gutxienez 800 zauritu ziren, eta hilaren 21a bitarte larrialdi egoera ezartzera behartu zuen gobernua. Tentsioa kupulara ere heldu zen, eta Kubatbek Boronov lehen ministro ohiak dimisioa aurkeztu zuen. Zheenbekovek bera ere dimititzeko prest zegoela adierazi zuen, gobernu berria eratzean. Ez da horrela izan, ordea, lehen dimisiotik astebetera eman baitu hark berea.
Horrez gain, «Kirgizistango bakea, integritatea, herritarren batasuna eta gizartearen lasaitasuna beste edozeren gainetik» daudela argudiatuta, ZheenbekovekZhaparov oposizioko buruzagiari eskatu zion protestak uztera deitu zitzala bere aldekoak. Zheenbekov Kirgizistango hirugarren presidentea da, 2005az geroztik, kaleko protesten ondorioz kargua utzi behar izan duena. Urte hartan Askar Akaevek eman zuen dimisioa, eta, handik 5 urtera, 2010ean, Kurmanbek Bakievek. Biek egin zuten ihes atzerrira.
Kirgizistango presidenteak dimisioa eman du «odola isur» ez dadin
Bi astez protestak izan dira herrialdean hauteskundeen emaitzak salatzeko. Lehen ministroak «botere osoa» hartu du bere gain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu