Gerratik ihesi, bakearen bila joan, eta infernua aurkitu dute errefuxiatuek Kiosen. Greziako uharte txiki horretara tantaka iristen dira errefuxiatuak azkenaldian, neguaren atarian itsasoa zakar baitago, baina, hala ere, badira oraindik ere plastikozko ontzietan itsasoratzen direnak. Turkiako kostaldea erraz ikusten da, egun argitan behintzat, eta errefuxiatuek ordu gutxitan zeharkatzen dituzte 4,5 itsas miliak. Astelehenean bertan zortzi lagun lehorreratu ziren; gaur astebete, hamar, eta hilaren 6an, 25. Etengabeko etorrera, duela urtebeteko exodoarekin alderatuta. Hemen aurkitzen dutena, baina, ez da samurra, eta azkeneko bi gauak latzak izan dira.
Egun, bi kanpaleku eta 3.000 eta 4.000 errefuxiatu artean geratzen dira 50.000 biztanleko uhartean. Vialekoa kanpaleku itxia da, ofiziala, militarren zaintzapean dagoena, eta mila bat lagun bizi dira han. Sudakoan beste mila bat lagun bizi dira. Kios hirian bertan dago kanpalekua, gazteluaren magalean. Gobernuz kanpoko erakundeen laguntzari esker bizi dira errefuxiatuak; Save The Children, UNHCR eta Zaporeak, Donostiako lagun talde batek osatutakoa. Gainerako errefuxiatuak nazioarteko erakundeek ordaintzen dituzten hoteletan eta apartamentuetan bizi dira udazkenaz geroztik.
Atxiloketak
Sudako kanpalekuari hainbatetan eraso egin diote aste honetan, beti gauez. Asteazkenean, 60 lagun inguruk suziriak, bengalak eta petardoak bota zituzten iheslarien etxolen kontra, eta kanpalekuaren alde batean dagoen harrizko harresira igo, eta arrokak bota zituzten, hainbat etxoletako teilatuak apurtuz eta hiruzpalau lagun zaurituz, tartean haurdun dagoen emakume bat. Ondoren, karpa handi bat kiskali zuten; 40 lagunentzako tokia zuen azpiegitura sugarretan erre zen, baita errefuxiatuek barruan zituzten ondasun guztiak ere, ilusioak eta ametsak barne.
Ostegun ilunabarrean, berriz, hiruzpalau kidek molotov koktelak jaurti zituzten, eta hainbat etxola erre.
Egunsenti Urrekara eskuin muturreko alderdiari leporatzen diote erasoa. Talde neonazi horretako kideek hainbat mehatxu egin dituzte azkenaldian; asteartean bertan elkarretaratzea egin zuten kanpalekuaren ondoan, eta ez da kanpalekuari erasotzen dioten lehen aldia. Kiosen kazetari gutxi dago egun, eta, haien esanetan, aldez aurretik antolatutako taldeek egiten dituzte erasoak, eta ez beren kabuz ari diren herritarrek.
Dena den, iheslariek salatu legez, erasoa baino larriagoa izan zen polizien jarrera. Izan ere, errefuxiatuak babestu beharrean, kanpalekura modu bortitzean sartu, eta 50 errefuxiatu eta migratzaile atxilotu zituzten, nazioarteko hiru boluntariorekin batera. Lekukoen arabera, boluntario horietako bat erizaina zen, eta errefuxiatuak artatzen ari zela kolpatu eta atxilotu zuten. Poliziaren eskuetan jasan dituzten tratu txarrak salatu dituzte espetxeratuek.
Manolis Burnus Kios uharteko alkatearen adierazpenekin ere haserre daude errefuxiatuak. Greziako Albiste Agentziari eskainitako elkarrizketan, kanpalekua ixteko eskatu dio alkateak Alexis Tsiprasen gobernuari. Haren hitzetan, migratzaileak izan dira asteazkeneko gatazkaren iturri. «Kanpalekuaren zati bat erre dute, autoak eta dendak apurtu dituzte, eta suziriak bota dituzte bizilagunen etxeetara. Udalak ezin du bermatu bizilagunen eta errefuxiatuen segurtasuna».
Amesgaiztoa
Kios amesgaizto bihurtu da askorentzat. Bada hemen urtebete luze daraman errefuxiaturik, eta dagoeneko etsipena da nagusi errefuxiatuen eta migratzaileen artean. Horietako askok gerraren atzaparretatik ihes egin zuten beren bizia salbatzeko, eta orain, arriskuan ikusten dute euren burua. Siriatik ihes egin eta izenik eman nahi ez duen gazte baten hitzek ondo adierazten dute barruko samina: «Kios infernu bat da. Gerratik ihes egin nuen, baina hemen ere giza eskubideak urratzen dira. Nahiago nuen Sirian hil izan banintz, hemen errefuxiatua izaten jarraitzea baino». Europak ez ikusiarena egiten jarraitzea salatu du beste batek: «Bakarrik gaude, ez dugu inolako babesik; gure ametsak zapuzten ari dira esperoan gauden bitartean».
Bart gauean ere erasoen beldur ziren. Hirira ez sartzeko aholkatu zieten, erasoak jasateko arriskua zutelakoan. Hori izan da agintariek hartu duten neurri bakarra. Besterik ez. Kanpalekuan ez dago inolako babes neurririk, eta izu dira halako erasoak berriro errepikatuko direlakoan. Errefuxiatu askok, beldurraren beldurrez, kanpalekuaren alde batean dagoen zabalgune batean igaroko dute gau hotza, egurats zabalean, begirik bildu gabe. Ez dute beren etxeetara itzuli nahi, ez baitira salbu sentitzen askatasunen Europan. Ezen Greziako Gobernuak eta Europako agintariek ez ikusiarena egiten jarraitzen dute iheslariek amorru eta beldur artean, erantzun baten zain dauden bitartean.
«Kios infernu bat da»
Greziako uharteko errefuxiatuen kanpaleku bati eraso egin diote bigarren gauez jarraian. Egunsenti Urrekara eskuin muturreko alderdiari leporatu diote erasoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu