Kimek eskatu du Hego Korea «etsai nagusi» izendatzeko konstituzioan

Ipar Koreako lider gorenak esan du bi herrialdeak elkartzea jada ez dela posible, bizilagunaren jarrerarengatik. Seulek «nazioaren aurka» egitea leporatu dio.

(ID_13272807) COREA DEL NORTE RUSIA
Ipar Koreako lider goren Kim Jong-un, joan den urrian izan zuen bilkura batean, Piongiangen. EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 16a
12:20
Entzun

Korearen batasunari buruzko kontzeptuak herrialdeko konstituziotik kentzearen alde agertu da Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorena. Ez du modu esplizituan adierazi, baina aditzera eman du bertan behera utzi duela bi estatuak modu baketsuan elkartzearen aldeko konpromisoa, oraingoz bada ere. Eskari zehatz bat egin baitu Kimek: lege nagusia aldatzea, eta horretan Hego Korea «etsai nagusi» izendatzea.

Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko harremanak gaiztotu egin dira azken urteotan, eta horren erakusle da Kimek parlamentuan egin duen hitzaldia: «Ez dugu gerrarik nahi, baina ez dugu hori saihesteko asmorik». Bi herrialde horiek gatazka militar bat izan zuten 1950etik 1953ra, eta, harrez geroztik armistizioa indarrean dagoen arren, ez dute bakerik sinatu, hau da, ofizialki, gerran daude. Hori aintzat harturik, eta egun tentsioa nabaria dela, Ipar Koreako lider gorena gogor mintzatu zaio Seuli, adierazita bi estatuen arteko batasuna jada ez dela posible, bizilagunak duen jarreragatik.

Kimen ustetan, Hego Korea «aldaketa bat» sustatu nahian ari da Ipar Koreako sistema politikoan, eta argudiatu du Seulek «xurgatze bidezko batasuna» deitu duena lortu nahi duela. Hori guztia, Ameriketako Estatu Batuen eta Japoniaren laguntzarekin, Hego Korea «atzerriko indarrekin» aliatzen baita. Hortaz, Ipar Koreako lider gorenak esan duenez, nahikoa arrazoi daude estrategia aldatzeko: «Gaur, Herri Batzar Gorenak [parlamentuak] amaiera eman die ia laurogei urteko Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanei, eta legeak egin ditu Hego Korearekiko gure politika berriaz».

«Gaur, Herri Batzar Gorenak [parlamentuak] amaiera eman die ia lauregei urteko Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanei, eta legeak egin ditu Hego Korearekiko gure politika berriaz».

KIM JONG-UNIpar Koreako lider gorena

Ipar Koreako KCNA albiste agentziak, gainera, argitara atera du parlamentuak zenbait erabaki hartu dituela batasunarekin zerikusia dutenak. Afera horretaz eta bi herrialdeen arteko turismoaz arduratzen diren hiru erakunde ixtea erabaki du; kasurako, Bateratze Baketsurako Batzordea, Ekonomia Lankidetzarako Bulego Nazionala eta Kumgangsan Nazioarteko Turismo Administrazioa.

Horrez gain, Kimek 2011n agintaldia hasi zuenetik lehen aldiz, bi herrialdeak elkartzearen sinboloetako batzuk suntsitzeko agindua eman du Kimek, «iraganaren erakusle» direlako: besteak beste, Bateratzearen Arkua deiturikoa —Piongiang hiriburuan dago—, eta Hego eta Ipar Korea elkartzen dituen trenbidea.

Aldiz, badirudi erabaki horiek ez dutela eraginik izango Fronte Bateratua Departamentuan, bi herrialdeen elkartzea lantzen duen erakunderik garrantzitsuenean.

Gerran, hegoaldea «okupatzeko» aukera

Ipar Koreako lider gorenak argi utzi du ez dutela berriz hasiko gatazka militarra, baina, gerra berriz abiatuko balitz, adierazi du Hego Korea «okupatzeko, zapaltzeko eta aldarrikatzeko» aukera aztertu beharko luketela.

Eta, horrekin lotuta, Kimek jakinarazi du «berriz finkatuko» dutela auzoko herrialdearekiko muga. Orain arte, Ipar Koreako Konstituzioan «iparraldeko erdia» erreferentzia izan dute lurralde hartaz aritzeko, baina badirudi kontzeptu hori ere aldatuko dutela; Hego Korearen kasuan, eremuaz aritzean, «Koreako penintsula eta inguruko uharteak» aipatzen ditu lege nagusiak.

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidentea kezkatuta agertu da Ipar Koreako liderrak jakinarazitako asmoez, eta «nazioaren aurka» egitea leporatu dio, «etsai nagusi» izendatuko dutelako. Eta ohartarazpena egin dio Kimi: «Ipar Koreak probokatzen bagaitu, modu askoz ere gogorragoan zigortuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.