Errusia-Ipar Korea

Kimek esan du Putin babestuko duela «inperialismoaren kontrako» borrokan

Bi agintariek bilera bat egin dute. Ipar Koreako lider gorenak adierazi du Kremlinekiko harremanak duela «lehentasuna», eta «ziur» dagoela Errusiako armadak irabaziko duela Ukrainako gerra.

Errusiako presidente Vladimir Putin eta Ipar Koreako lider goren Kim Jong-un, gaurko bilkuraren aurretik. VLADIMIR SMIRNOV / EFE
ander perez zala
2023ko irailaren 13a
12:15
Entzun

Ipar Koreako lider Kim Jong-un limusina batean iritsi da Vostotxni kosmodromora (Errusia). «Pozten naiz zu ikusteaz. Hau gure kosmodromo berria da», esan dio Errusiako presidente Vladimir Putinek, irribarre handi batekin, eskua ematen ari zitzaiola. Ongietorriak eta adierazpenek berehala utzi dute agerian bi agintarien arteko harremana zer-nolakoa den, eta, batez ere, erlazio horrek duen garrantzia geopolitikaren testuinguruan. Kimek esan baitu, besteak beste, Moskurekiko harremanak duela «lehentasuna». Eta, hori nabarmentzearekin batera, bi agintariek argi utzi dute «indar hegemonikoen» kontra arituko direla; are, Kimek esan du Putin babestuko duela «inperialismoaren kontrako» borrokan. Sintonia eta adostasuna sumatu da bien artean.

Gaurko bilkura garrantzitsua zen bi buruzagientzat. Batetik, Errusiak arma gehiago behar dituelako Ukrainako gerrarako, eta, Mendebaldearen zigor ekonomikoen ondorioz, zail duelako horiek lortzea; bestetik, Ipar Korearen kasuan, lehengaiak eta teknologia berria nahi dituelako, eta hark ere zigorrei egin behar dielako aurre. Piongiangen beharren erakusle, bi agintarien arteko bilkura kosmodromo batean egin izana, Putinek azaldu modura, Kimek «interes handia» duelako «suzirietan»; hain justu, Errusiako presidenteak laguntza eskaini dio satelite programa garatzeko, ustez espioitzarako erabiliko luketena.

Estrategien ikuspuntutik, bilkurak balio izan du, besteak beste, Mendebaldearen kontrako aliantzetako bat sendotzen saiatzeko, Ipar Koreako lider gorenak aitortu modura; haren arabera, bi herrialdeen arteko harremanak «garrantzi estrategikoa» baitu. Eta, bide batez, norbere beharrez mintzatzeko. Bilkuraren aurretik, Putinek adierazi du «gai guztiez» arituko zirela, baina hitzordua amaitzean bi aldeek ez dute ezer esan horiez, ezta akordiorik egin duten ere; armei buruzko ituna espero zen, eta ikusteko dago datozen egunetan zer edo zer esango duten afera horretaz. Gaurko bileran Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa ere izan da —iragan uztailean Ipar Korean izan zen—.

Edonola ere, badirudi bi herrialde horien arteko harremana geroz eta estuagoa bilakatzen ari dela. Bi agintariak 2019an batzartu ziren estreinakoz, eta gaurkoa harrezkeroztik egindako lehen bilkura izan da —tartean Ukrainaren inbasioa hasi zuen Errusiak, eta Piongiangen babesa jaso du—; gainera, esanguratsua da Ipar Koreako lider gorenak Putinekin izan duen bilkura dela koronabirusaren pandemiaren ostean atzerriko buruzagi batekin egin duen lehena.

«Errusia borroka sakratu bat egiten ari da bere subiranotasuna, segurtasun interesak eta justizia defendatzeko hegemonikoen aurrean. Beti helarazi diegu gure baldintzarik gabeko babes osoa Errusiako Gobernuaren erabaki guztiei», azaldu du Kimek prentsaren aurrean, aurrez aurrekoa abiatu aitzin. Eta sostengu horren adibide gisara, Ipar Koreako lider gorenak esan du «ziur» dagoela Errusiako armadak irabaziko duela Ukrainako gerra. Putinek zera esanda erantzun dio: «Lagun zahar bat hobeagoa da bi berri baino. Gure laguntasuna sendotzen jarraituko dugu eskualdeko bakea, egonkortasuna eta ongizatea lortzeko».

Bilkura gehiago

Ukrainako gerrarekin lotuta, Errusiak beste bilkura bat izango du afera horretaz datorren astelehenean, Sergei Lavrov Atzerri ministroa Wang Yi Txinako bere homologoarekin batzartuko baita. «Iritzi elkartruke bat egongo da», Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaurko agerraldi batean azaldu duenez.

Eta gerra hori amaitzeari buruzko bitartekaritza lanei dagokionez, Frantzisko I.a aita santuak ordezkari bat bidaliko du Txinara. Matteo Zuppi kardinala da, eta aste amaieran joango da herrialde horretara.

Gerra frontean, Errusiako Defentsa Ministerioak esan du Ukrainak eraso egin diola Itsaso Beltzeko bere ontzidiaren egoitzari, Sebastopolen, Krimean, ordu txikietan. Defentsa sistemek misil gehienak suntsitu dituzte, eta, erasoaren ondorioz, 24 lagun zauritu dituzte; Ukrainaren arabera, berriz, urpeko bat eta itsasontzi bat hondatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.