Errusiarekin duen gerran Ukrainaren alde egitearen beharra azpimarratu dute hainbat agintarik azken asteetan; Europakoek, batez ere. Are gehiago, Europako agintariak bake hori nola ziurtatu eztabaidatzen ari dira Kievekin batera, noiz-eta Kievek bake akordio bat proposatu duen eta AEB Ameriketako Estatu Batuek bi aldeekin negoziazioak martxan dituzten honetan. Hori horrela izanik, bilera telematiko bat egin dute gaur 26 agintarik, eta erabaki dute datorren ostegunean batuko direla Ukrainaren aliatuak diren herrialdeetako agintari militarrak. Bilera horren helburua Ukrainarako plan bat eztabaidatzea izango da, gaur egin duten bileraren presidentetzak ohar batean jakinarazi duenez.
Oharrean argi utzi dute zein izango den eztabaidagai nagusia: behin Errusiak eta Ukrainak gerra eteteko akordio bat egiten dutenean, tropak Ukrainan hedatuko ote dituzten, bi herrialdeek akordioari eutsi diotela ziurtatzeko. «Ukrainako defentsak eta armada indartuko ditugu, eta prest egongo gara Ukraina lurrez, itsasoz eta airez babesten laguntzeko», hala azaldu du presidentetzak oharrean. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa aritu da presidente lanetan, eta, bileraren ostean egin duen prentsaurrekoan nabarmendu duenez, «heldu da bake akordio bat ezartzeko garaia».
«Su etena kudeatzeko eta kontrolatzeko mekanismo bati buruz hitz egiteko ordua da, baita bake iraunkorra lortzeko negoziazio serioak egiteko konpromisoa hartzeko ordua ere», esan du Starmerrek. Horrenbestez, Errusia akordio bat negoziatzeko esertzera «behartu» behar dutela nabarmendu du lehen ministroak. Eta jakinarazi du gaur bideokonferentziaz bildu diren koalizioko kideek Errusiari «presioa areagotzea» erabaki dutela: «Errusiako ekonomiari jarritako murrizketak areagotuko ditugu, Vladimir Putin ahultzeko eta negoziazio mahaian esertzera behartzeko».
«Errusiako ekonomiari jarritako murrizketak areagotuko ditugu, Vladimir Putin ahultzeko eta negoziazio mahaian esertzera behartzeko»
KEIR STARMERErresuma Batuko lehen ministroa
Bileran parte hartu duten herrialdeek boluntarioen koalizioa deitu diote beren buruari; edo hitz horiekin mintzatu da, behintzat, Starmer. Martxoaren 2an Londresen bilera bat egin zuten Europako eta munduko beste aliatu batzuetako agintariek —hala nola Kanadakoak— Ukrainako aferaz eztabaidatzeko, eta bilera hartan ireki zioten atea horrelako koalizio bat sortzeari. Boluntarioen koalizioa aldi baterako nazioarteko elkarte bat da, helburu jakin bat lortzeko sortua, normalean izaera militar edo politikoa duena. Herrialdeek mota horretako zenbait koalizio sortu dituzte azken hamarkadetan; esaterako, halako talde bat sortu zuten 2003an 31 herrialdek Irak inbaditzeko.
Eta, sortu zutenetik egun gutxi igaro diren arren, dagoeneko hasi dira desadostasunak agertzen. Georgia Meloni Londresen izan zen martxoaren 2an, eta gaurko bileran ere parte hartu du, baina Italiako lehen ministroak baztertu egin du gaurko bileran mahai gainean jarritako aukera. «Italiak ez ditu bere soldaduak Ukrainara bidaliko», adierazi du Italiako Gobernuak, bilera amaitu ostean kaleratu duen ohar batean.
Kursk berreskuratzen
Kontinentearen mendebaldean negoziazioetan ari diren bitartean, ekialdean gerran daude oraindik. Moskuk operazio militarrak areagotu ditu azken egunetan Kurskeko oblastean, eta, Errusiako armadak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan beste bi herri «askatu» dituzte: Zaoleshenka eta Rubanshina. Bi herriak Errusiaren eta Ukrainaren arteko mugatik gertu daude; Zaoleshenka, esaterako, mugatik 7,5 kilometrora dago. Ukrainako armadak iaz abiarazi zituzten eskualde horren aurkako erasoaldiak, eta hainbat hiri bere kontrolpean hartu zituen. Moskuren arabera, baina, Kievek okupatutako lurraldearen %86 berreskuratu dute.
AEBetako presidente Donald Trumpek Putini asteon eskatu dio Kursken dauden Ukrainako soldaduei «bizia barkatzeko». Errusiako presidenteak begi onez ikusi du Etxe Zuriko maizterraren eskaera, eta adierazi izan du soldaduek armak utziz gero «tratu duin bat» jasoko dutela. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du Putinen eskaintza mahai gainean dagoela oraindik. Hala ere, egunero egiten duen agerraldian jakinarazi du «denbora agortzen» ari zaiela Ukrainako soldaduei.
Bestalde, Kievek adierazi du Errusia oraindik Ukrainari eraso egiten ari dela; zehazki, bi misil eta 178 drone jaurti dizkietela. Ukrainako hegoaldean eta erdialdean dauden energia azpiegiturei egin die eraso Errusiako armadak; Odesan eta Dnipropetrosk eskualdetan, hain zuzen.