Kievek salatu du Moldavia eta Errumania zeharkatu dituztela Moskuren misilek

Errumaniak ukatu egin du misilek bere aire eremua zeharkatu izana. Azken asteetako aire erasorik handiena pairatu du Ukrainak

Bi pertsona bonbardatutako eraikin baten parean, joan den abenduan, Iziumen (Ukraina). SERGII KOZLOV / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Azken asteotan Ukrainari misilekin egindako erasorik handiena izan zen atzokoa. Volodimir Zelenskiren arabera, Errusiako indarrek 70 misil baino gehiago jaurti zituzten herrialdearen luze-zabalean, eta pertsona batzuk hil zituzten, nahiz eta Kievek ez zuen zehaztu zenbat izan ziren —argia moztu zuten hainbat eskualdetan—. Herrialdeko presidentearen esanetan, nolanahi ere, aireko defentsa sistemek 60 bat misil erorarazi zituzten. Eta Ukrainako armadaren buruzagi Valeri Zaluzhnik salatu zuen Moskuk Itsaso Beltzetik jaurtitako bi misilek Moldaviako eta Errumaniako aire eremua zeharkatu zutela. Moldaviako Gobernuak informazio hori baieztatu zuen, eta, Errumaniakoak, aldiz, gezurtatu.

Errumaniako Defentsa Ministerioak azaldu zuenez, armadak misil bat identifikatu zuen atzo goizean, Errusiak Itsaso Beltzean dituen ontzietako batetik jaurtia. Ohar batean, zehaztu zuen Moldaviako aire eremua zeharkatu zuela, baina «inoiz» ez zela sartu Errumaniakoan; gertuen 35 kilometrora egon zen. Aintzat hartu behar da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea dela Errumania. Horregatik, Zelenskik azpimarratu zuen gertatutakoarekin aliantza militarrari «desafio egiten» ari zaiola Errusia.

Moldaviako Defentsa ministro Anatolie Nosatik, berriz, Kremlinen jokabidea gaitzetsi zuen, eta «auzo herrialdearen aurkako erasoa» gelditu dezala eskatu dio. Horrekin lotuta, bilera batera deitu zuen Errusiaren Moldaviako enbaxadorea. Dena den, ez da Errusiari Moldaviako aire eremua urratzea egozten zaion aurreneko aldia: iazko urrian, Moldaviak salatu zuen Errusiak Itsaso Beltzetik jaurtitako hiru misilek herrialdea zeharkatu zutela.

Ukrainako Gobernua Mendebaldeko aliatuei eskatzen ari zaie gerra hegazkinak eta irismen luzeko misilak bidaltzeko, eta, horren harira, Herbehereetako Defentsa ministro Kajsa Ollongrenek atzo baieztatu zuen KievekF-16 abioiak eskatu dizkiela ofizialki.

Erabakia, NATOren esku

Dena den, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak atzo adierazi zuen NATOk hartu beharko lukeela hegazkinak eta munizioa emateari buruzko erabakia. EB Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuburuek eta estatuburuek herenegun eta atzo Bruselan egindako goi bileraren ondoren mintzatu zen.

Polonia prest agertu da Ukrainari hegazkinak emateko, baina Morawieckik zehaztu zuen «zenbait herrialde» ez daudela ados haien proposamenarekin. Nabarmendu zuen, halere, beste batzuek modu positiboan erreakzionatu dutela. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europar Kontseiluaren goi bileran parte hartu zuen herenegun, eta ondoren adierazi «zantzu onak» daudela EBkoek hegazkinak ematearen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.