'Khaxoggi auziko' 18 atxilotuen estradizioa eskatuko du Turkiak

Erdogan presidenteak tonua gogortu du, eta Saudi Arabiari exijitu dio argitu dezala non dagoen kazetariaren gorpua. Ikerketaz arduratzen den fiskala Istanbulera joango da bihar

ander perez zala
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea presioari eusteko prest dago. Are, tonua gogortu zuen atzo parlamentuan emandako hitzaldian: Saudi Arabiari exijitu zion argitu dezala non dagoen Jamal Khaxoggi kazetariaren gorpua, eta, saio berean, eskatu zion estradita ditzala hilketarekin zerikusia dutelakoan atxiloturiko hemezortzi saudiarabiarrak. «Jakingo dute nork eman zuen agindua, eta non dagoen gorpua», adierazi zuen Erdoganek diputatuen aurrean. Diskurtsoaren ostean, Turkiako fiskal nagusia hitzetatik ekintzetara igaro zen, eta Justizia Ministerioak jakinarazi zuen prestatua dutela jada estradizio eskaria.

Khaxoggi urriaren 2an sartu zen Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsuletxera, eta egun hartatik dago desagertuta. Hiru asteren ostean, Riadek iragan larunbatean onartu zuen kontsuletxe horretan hil zutela kazetaria —«pertsona batzuekin borrokatu ostean»—, baina ez zuen beste xehetasunik eman; egun berean, Saudi Arabiako fiskal nagusiak jakinarazi zuen hemezortzi pertsona atxilotu zituztela, hilketarekin zerikusia dutelakoan, eta horiek Ekialde Hurbileko herrialdean epaituko dituztela, hilketa Saudi Arabiaren lurraldean gertatu zelako —kontsuletxeak herrialdeen eremutzat hartzen dira, atzerrian egon arren—.

Erdoganek, ordea, ez du begi onez ikusi jokaldi hori, eta asteon hainbatetan defendatu du Turkian epaitu behar dituztela hemezortzi atxilotuak. «Gorpua desagerrarazteaz arduratu zena horien [atxilotuen] artean badago, Saudi Arabiak informazioa helarazi behar digu». Bere burua defendatzeko, ordea, Riadek beste bertsio bat zabaldu du egunotan: atxilotuek gorpua turkiar bati eman ziotela, eta hura arduratu zela desagertzeaz. «Hori argitu ezean, Saudi Arabia susmagarria izango da», adierazi zuen Erdoganek, Riaden bertsioaz mesfidati. Turkiako fiskal nagusiaren ikerketaren arabera, Khaxoggiren hilketa aurrez antolatu zuten, eta kontsuletxean hil eta gero laurdenkatu zuten; Turkiako presidenteak eman zuen ikerketa horren xehetasunen berri, eta, atzo adierazitakoaren arabera, «froga gehiago» bildu dituzte egunotan. Saudi Arabiako fiskal nagusiari helaraziko dizkiote bihar, hura Istanbulera iristen denean.

Khaxoggiren semea, berriz, AEBetara iritsi zen atzo, Saudi Arabiatik irten ostean. Berez, herrialdetik ateratzeko debekua zuen, baina Salman bin Abdulaziz al-Saud erregearekin eta Mohammed bin Salman printzearekin batzartu ostean, badirudi irteteko baimena eman ziotela. Bin Salman da auziko susmagarrietako bat, kazetaria hiltzeko agindua hark eman zuelakoan; asteazkenean, adierazi zuen Khaxoggirena krimen «ankerra» izan zela.

Hatice Cengizen zalantzak

Khaxoggiren bikotekide Hatice Cengizek elkarrizketatu zuen atzo Turkiako Haberturk telebista kateak, hilketaz mintzatzeko. «[Khaxoggik] Uste zuen Turkia herrialde segurua zela, eta atxilotuko edo galdekatuko balute, arazoa azkar batean konponduko zela», adierazi zuen Cengizek. Hala ere, kontsuletxera joan aurretik, kazetariak esan zion «kezkatuta» zegoela.

Ameriketako Estatu Batuek ikerketan duten rolaz, adierazi zuen ez dakiela «zintzo» ari diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.