SUDAN

Khartumgo eta inguruko eskualdeetako ospitaleen %70 zerbitzuz kanpo daude

OMEren arabera, 330 pertsona hil dira azken egunetako borroketan, eta 3.200 zauritu. Ramadanaren bukaerarako su eten bat eskatu dute Arabiar Ligak eta NBEk.

Pertsona bat botila huts batekin, Khartumen, atzo. EFE
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 20a
15:16
Entzun

Sudanen boterea bereganatzeagatik piztutako borrokek ez dute etenik. Herrialdeko armadak eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak beste menia bat onartu zuten atzo, joan den larunbatean bi aldeen arteko tentsioa lehertu zenetik bigarrena, baina aurrenekoarekin gertatu bezala, ez batak, ez besteak ez dute adostutakoa errespetatu. Eta horrek zuzenean eragiten dio herrialdeko osasun sistemari. Sudango Medikuen Sindikatuak ohartarazpen bat egin du gaur: Khartum hiriburuko eta alboko eskualdeetako ospitaleen %70 zerbitzuz kanpo daude. Iturri horrek berak jakinarazi du, ohar baten bidez, azken egunetako gertakariengatik hildakoak 198 direla eta zaurituak 1.200 inguru. OME Osasunaren Mundu Erakundeak Ekialdeko Mediterraneoan duen bulegoaren arabera, ordea, zendutakoak eta zaurituak dezentez gehiago dira: 330 hilak, eta 3.200 zaurituak. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak esan du gaur hildakoetatik bederatzi adingabeak direla.

Herrialdea aspaldian pairatzen ari den krisirik larrienaren erdian, Khartumen eta alboko eskualdeetan dauden 74 erietxeetatik 52 daude zerbitzuz kanpo. «Bederatzi bonbardatu egin dituzte, eta hemeretzi behartuta hutsarazi». Eta bete-betean edo partzialki funtzionatzen duten 22 ospitaleak ere itxiak izateko arriskuan daude, Sudango Mediku Sindikatuaren arabera. Izan ere, sendagileak falta dira, sendagaiak ere bai, eta maiz eteten dizkiete ura eta argindarra. OMEren Ekialdeko Mediterraneoko bulegoaren zuzendari Ahmed al-Mandharik agerraldi birtual batean esan duenez, segurtasunik ezak mugatzen du Khartumgo zirkulazioa.

Ikusi gehiago: Borrokak gogortu egin dira Khartumen, bi aldeek beste su eten bat adostu arren

Atia Abdula da Sudango Medikuen Elkartearen idazkari nagusia areago joan da, eta azpimarratu du «ospitale gutxi» ari direla funtzionatzen, eta ari direnak «kolapsatzear» daudela. Horregatik, «su eten zintzo bat» eskatu die aldeei, herritarrek aukera eduki dezaten odola emateko, eta osasun langileek erietxeetara joateko. Gatazkan dauden bi aldeek adierazi izan dute herritarren segurtasun bermatzea dela beren helburua. Eta, horren guztiaren harira, MSF Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundearen Afrika ekialdeko arduradun nagusi Jairo Gonzalezek ohartarazi du, Efe berri agentziak egin dion elkarrizketa batean, «inoiz ikusi gabeko» egoera bat nozitzen ari direla Sudanen, «oso larria eta kaotikoa», eta herrialdeko sistema sanitarioa «kolapsatuta» dagoela.

Hildakoei dagokienez, Sudango Mediku Sindikatuak zehaztu du zauritu eta hildako batzuk ez dituztela sartu gaur plazaratu duten txostenean, mugitzeko dituzten zailtasunengatik eta herrialdeko segurtasun faltagatik ezin izan direlako ospitaleetara joan. OMEk hildako eta zauritu gehiago zenbatu ditu, baina aintzat hartu behar da NBE Nazio Batuen Erakundeak eta bere agentziek Sudango eremu batzuetan presentzia handiagoa dutela; Darfurren, esaterako, gatazkak gehien zigortutako eremuetako batean.

Ikusi gehiago: Sudango armadak eta paramilitarrek adostutako menia ez da bete

OMEren Ekialdeko Mediterraneoko bulegoak mahaigaineratu du gatazkaren erdian sexu erasoak pairatu dituztela laguntza humanitarioa ematen ari diren nazioarteko langileek, eta, aldi berean, eraso egin dietela osasun langileei, ospitaleetan «okupazio militarra» gertatu dela, eta arpilatzeak izan direla.

Su-eten eskaera

Ramadana bihar bukatuko da, Eid-el-Fitr ospakizunarekin, eta Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Abul Gheitek eskatu die bi aldeei su eten bat adostu dezatela musulmanentzako esanahi berezia duen data horren harira. Ohar baten bidez gogorarazi die armadari eta paramilitarrei ramadana «hilabete sakratua» dela, eta menia bat hitzartu beharko luketela herritarrek «arnasa» har dezaten. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres, berriz, hiru eguneko menia eskatu diete armadari eta paramilitarrei, eta elkarrizketarako deia ere egin diete, trantsizioa egiteko.

Ikusi gehiago: Darfur, sarraskiz beteriko hogei urte

RSFko buru Mohamed Hamdan Dagalok esan du ados dagoela Arabiar Ligak planteatutakoarekin. Al-Jazeera telebistan egin dioten elkarrizketa batean nabarmendu du, ordea, Abdel Fatah al-Burhan armadaburuak ez duela halakorik nahi. «Bere makineria guztiarekin bonbardatzen gaitu». Adierazi du «alde guztiak», baita AEBak eta AB Afrikako Batasuna ere, beraiekin harremanetan jarri direla menia posible bat «indartzeko». Armadak ohar baten bidez azaldu du, bestalde, uko egiten diola paramilitarrekin negoziatzeari. Hain zuzen, Al-Jazeerako berriemaile baten arabera, bonbardaketak izaten ari dira Khartumgo presidentetza jauregian.

Ikusi gehiago: Armadaren eta paramilitarren arteko borrokak piztu dira Sudanen

2019ko apirilean Omar al-Baxir hiru hamarkadaz herrialdeko presidentea izan zena militarrek emandako estatu kolpe baten bidez kendu zutenetik, Al-Burhan eta Dagalo daude Sudanen agintzen duen Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren burutzan: aurrenekoa presidentea da, eta bigarrena haren ondokoa. Aurreko abenduan itun bat sinatu zuten sektore militarrek eta zibilek, zehaztuz zer pauso eman behar diren trantsizioa bukatu eta zibilek militarrak ordezkatzeko herrialdearen buruzagitzan. Akordio horrek barnean hartzen du paramilitarrak armadan integratzea. Hain zuzen, hori egiteko moduak zartarazi du tentsioa, eta istiluak ekarri ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.