Palestinako gatazka

Khan Yunisen operazio militarrak areagotuko ditu Israelgo armadak

Hegoafrikak Israel salatu du Nazioarteko Justizia Auzitegian, Gazan «genozidio bat» egitea egotzita. Tel Avivek Hamasekin «kolaboratzea» leporatu dio salatzaileari.

(ID_13455656) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Israelgo armadako soldadu batzuk Gaza hegoaldeko Xujaiya herriari begira, gaur. ATEF SAFADI/EFE
Maddi Iztueta Olano - Ander Perez Zala
2023ko abenduaren 29a
13:18
Entzun

Borrokaldiak eteteko akordiorik adostu ezean, erasoaldia zabaltzeko asmo irmoa du Israelek. Hain zuzen, Gaza erdialdeko eta Khan Yunis inguruko operazio militarrak areagotu egingo dituztela iragarri du gaur Israelgo armadak. Ez dute operazio horien inguruko xehetasun handirik eman oraingoz.

Hori iragarri baino lehen, ordea, orain arte zurrumurruak baino izan ez direnak baieztatu ditu Israelgo armadak: soldadu israeldarrek hiru gatibu israeldar hil zituzten tiroz, hilaren 15ean Gazan egindako operazio militar batean. «Israelgo armadaren misioa gatibuak erreskatatzea zen, eta huts egin zuen. Agintaritza talde guztiak bere gain hartzen du [hiru gatibu israeldarren heriotzen] erantzukizuna», esan du armadako buru Herzi Halevik. «Istripua» izanagatik ere, aitortu du berez ezinbestekoa dela edonori tiro egin baino lehen egoera eta «helburua bera» ongi aztertzea, baina argudiatu du «nahasmen handia» zegoela egun hartan, gainerako erasoen eta bonbardaketen soinuen ondorioz.

Haren aitortzarekin batera, Israelgo Reshet 13 telebista kateak zabaldu du Israelgo armadako hainbat goi kargu proposamen bat eztabaidatzen ari direla Washingtonekin; proposamen haren erdigunean gatibu israeldarren eta preso palestinarren arteko trukea dago. Planak bi fase izango lituzke: lehenengoan, Israelgo armada zerrendako eremu populatuenetatik irtengo litzateke, eta laguntza humanitarioa sartuko litzateke Rafahko pasabidetik —Egiptoren eta Gazaren arteko mugatik—. Gainera, gatibu eta preso zaurgarrienak utziko lituzkete aske; bigarrenean, soldadu israeldar emakumeak askatuko lituzke Hamasek.

Halere, organizazio islamistak dagoeneko baztertu du Etxe Zuriaren proposamena, argudiatuta ez duela su etenik ezartzeko exijitzen presoen eta gatibuen trukea indarrean dagoen bitartean.

«Israelgo armadaren misioa gatibuak erreskatatzea zen, eta huts egin zuen. Agintaritza talde guztiak bere gain hartzen du [hiru gatibu israeldarren heriotzen] erantzukizuna».

HERZI HALEVI.Israelgo armadako burua.

Baina beste proposamen batzuei ez diete atea erabat itxi, oraingoz. Hamaseko ordezkaritza bat Kairora joatekoa da gaur. Egiptoko Gobernuko zenbait ordezkarirekin bilduko dira han, asteon Egiptok «gerra amaitzeko» aurkeztutako plana eztabaidatzeko.

Hiru fase ditu proposamen horrek: lehenik, zazpi eta hamar egun artean iraungo lukeen menia bat indarrean jarriko lukete, eta bahituriko berrogei zibil israeldar askatuko lituzke Hamasek; trukean, Israelek 120 preso palestinar libre utziko lituzke. Bigarren fasean, su etena astebete luzatuko lukete, eta milizia palestinarrak emakumezko soldadu israeldarrak aske utziko lituzke, eta Tel Avivek preso gehiago askatuko lituzke. Azkenik, gerrako bi aldeek negoziazioak hasiko lituzkete, oraindik ere bahituta leudekeen soldadu israeldarrak askatzeko, eta preso palestinar gehiago libre uzteko.

Korridore bat Zipretik Gazara

Israelek begi onez jo du Zipre eta Gaza artean itsaso bidezko korridore humanitario bat irekitzea, atzo iluntzean Israelgo Atzerri Ministerioak jakinarazi zuenez. Hain justu, EB Europako Batasuneko estatu kideen artean, Zipre da Ekialde Hurbiletik gertuen dagoen herrialdea, Gazatik 370 kilometrora. Hilabete eman dute proposamena lantzen, eta, azkenean, onespena eman dio Tel Avivek. Edonola ere, ministerio horretako eledun Lior Haiaten arabera, pasabide horren bitartez Gazara iritsiko litzatekeen laguntza guztia gainbegiratuko du Israelek, eta oraindik zehazteko dago nork jasoko duen laguntza hori.

Dena dela, hainbatetan ez datoz bat esaten direnak eta egiten direnak. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu berri du soldadu israeldarrek laguntza humanitarioarekin betetako kamioi bati egin diotela eraso, Israelgo armadak «segurutzat» jo zuen errepide batean zegoela. Baina, Israelen erasoaldiak aurrera egiten duen heinean, giza laguntzaren geroz eta premia handiagoa dute zerrendako biztanleek. UNRWAk atzo jakinarazi zuenez, Gazako biztanleen %40 daude gosete arriskuan.

Nazioartean, Hegoafrikak Israel salatu du Nazioarteko Zigor Auzitegian, Gazan «genozidio bat» egitea egotzita. Komunikatu baten bitartez, Pretoriak adierazi du «larriki kezkatuta» dagoela zerrendako zibilen egoeragatik, Israelgo armada «bereizi gabeko indarkeria» erabiltzen ari delako han. Eta aintzat harturik badirela «informazioak eta txostenak diotenak gerra krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak» egin dituztela, Hegoafrikako Gobernuak erabaki du Israel justiziara eramatea. «Israelen ekintzak, izatez, genozidak dira».

Berehalako neurriak hartzeko ere eskatu dio Pretoriak Nazioarteko Zigor Auzitegiari; zehazki, behin-behineko erabaki bat hartzeko, Israelek nazioarteko zuzenbidea errespeta dezan. Hegoafrikako Gobernuak, gainera, jakinarazi du harremanak hautsi dituela Israelekin.

Tel Avivek, ordea, ez du aitortzen auzitegi horren zilegitasuna, eta, salaketaren berri izan ostean, herrialde horretako Atzerri Ministerioak, komunikatu baten bitartez, Hamasekin «kolaboratzea» leporatu dio Hegoafrikari.

Ez da lehen aldia Hegoafrikak Israelen kontra egiten duela Palestinako gatazkagatik. Joan den hilabetean, esaterako, beste bost bat herrialderekin batera, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltzari eskatu zion ikertzeko Gazan gertatzen ari dena, eta zera erantzun zieten: 2021ean ikerketa bat hasi zutela, eta hor jasoko dutela asteotakoa.

Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, urriaren 7az geroztik 21.500 palestinar baino gehiago hil eta ia 56.000 zauritu ditu Israelgo armadak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.