Helena Castella. Politologoa

«Kezkagarria da Marine Le Pen deabrutzeari utzi izana»

Eskuin muturrak bere diskurtsoa alderdien eztabaiden erdigunean jartzea lortu du, Castellaren ustez, eta larria iruditzen zaio joko demokratikoaren parte izatea lortu izana.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Donostia
2017ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
ERC alderdiko eurodiputatuen aholkulari da Helena Castella (Girona, Herrialde Katalanak, 1989), eta azterketa bat egin berri du Europako eskuin muturrari buruz, goraldiaren arrazoiez eta ezaugarriez. Donostian izan zen joan den asteartean, Europaren Egunean, Ezkerraberri Fundazioak gonbidatuta, eskuin muturraz eta Europaz gogoeta egiten.

Frantziako bozen prozesuaz etaeskuin muturrak izan duen garrantziaz, zer pentsatzen duzu?

Kezkagarriena ez da irabazi edo galdu egin duela, baizik eta bigarren itzulira igaro ondoren, Marine Le Pen deabrutzeari utzi diogula. Bere aita Jean-Marie Le Penek bigarren itzulira igarotzea lortu zuenean, [2002], inork ez zuen pentsatu aurkaria gustatzen zitzaion edo ez [Jacques Chirac], baizik eta eskuin muturraren kontra bozkatu zuen zuzenean, faxismoak aurrera egin ez zezan. Orain, jende askok, besteak beste Jean-Luc Melenchonen aldekoek, erabaki dute ez ematea Le Penen aldeko botoa, baina hobetsi dute abstenitzea, Emmanuel Macron gustatzen ez zaielako. Ez da fronte sendorik osatu Le Penen kontra, nolabait barneratu egin dugu, joko demokratikoaren barruan.

Baina 2002tik hona mundua asko aldatu da, eta Macron herritarren gainbeheraren sistemaren eredutzat dute askok. Ez al da baliagarria abstentzioa?

Ulergarria eta onargarria da, baina eskuin muturreko lider bat edukitzera arriskatu bainoago, nahiago sudurra estalita ez horren txarrenari eman botoa.

Dena den, ikusten ari gara eskuin muturraren mezua ardatz bilakatu dela Europan, gainerakoak bere joko zelaira eramanez. Ez Frantzian soilik, Herbehereetako bozetan ere nabarmena izan zen.

Macronek berak adierazpen batzuk egin zituen bozen atarian, esanez Europako Batasuna erreformatzen ez bazen frexit-aren arriskuan geundekeela; alegia, eskuin muturraren diskurtsoa bereganatu zuen, saltzen duelako. Horrela, diskurtsoa normalizatzen ari gara, eta eztabaida politikoaren ardatz bilakatu da.

Horri erantzuten al dio Le Penek erroak estaltzeko egiten duen saiakerari? Zein berezitasun daude lehengo eta oraingo eskuin muturraren artean?

Oso nabarmena da eskuin mutur klasikoaren iruditeriatik aldendu nahi duela. Adibidez bere aita eurodiputatua da, baina ez dago Fronte Nazionaleko taldean, eta,besteak beste, Greziako Egunsenti Urrekara taldeko ordezkariekin ere ez dute harremanik nahi, edo poloniarrekin. Bere mezua da, batetik, arau demokratikoen barruan jokatzen ari direla; bestetik, immigrazioaren kontrako jarreran, ez direla abolizionistak, aurrekoak bezala: kultura eta etniak errespetatzen dituztela diote, baina ez direla nahastu behar: etxeko kulturatik urrun nahi dituzte. Islama baztertzen dute, haien ustez Europan inposatzen saiatzen ari direlako. Horrez gainera, populismoa da beste ezaugarri ezberdindua: ez da eliteentzat ari. Nazio estatu homogeneo bat aldarrikatzen duen benetako herria ordezkatzen duela dio, EuropakoBatasunak areagotzen dituen ezberdintasunaren eta stablishment-aren aurkakoa. Frantzian ikusi dugu langileen artean Le Penek lortu duela babes gehien, faxismo garaikoa baino gazteagoa da oraingoa. Ez ezker, ez eskuin: herria, diotenez, eta hemengoa. Ikusiko dugu zer gertatzen den legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina mezua hortik doa. Itxura aldatu, izena aldatu, Europari buruzko hainbat mezu makillatu, eta aurrera.

Emakumeen eskubideak ere aldarrikatu ditu... Libanon ere egin zuen kanpaina.

Bai. Marketin estrategia da. Generoaren gaia baliatu du musulmanei erasotzeko: Libanon esan zuen zapia emakumearen zapalkuntzaren sinboloa zela, baina abortuaren kontrakoak dira, beste gauza askoren artean, eta agerikoa da emakume lider bat izateak ez duela berdintasuna bermatzen, are gutxiago Le Penek.

Europan, oro har, lekua hartzen ari dira, eta herrialde guztietan errepikatzen da deskontentuaren fenomenoa.

Bai, denetan errepikatzen dira arrazoiak. Alderdiek ez ez dituzte herritarren beharrak asetzen, eta oso urrun ikusten dituzte, eta denetan, Europako Batasuna egiten dute errudun.

Hain zuzen, EB oso kezkatuta dago haien goraldiarekin, baina ez al dute pixkanaka-pixkanaka eurek elikatu, hartu dituzten neurrien ondorioz?

Krisi ekonomikoa ez da eskuin muturra azaltzen duen arrazoi bakarra, baina bai garrantzitsua, alderdi tradizionalak botere eskonomikoaren menpe aritu direlako, eta immigrazioaz hartutako erabaki askok ere eskuin muturrari erantzuten diote: Hungariako hesiak, Turkia-EB itunak... Uste dut EBk gauza on asko egin dituela, baina eskuin muturraren ideologia erabili izan dute, estatuei komeni zaienean, arazorik larriena gaur egun hori baitu EBk: estatuek agintzen dute, estatuen interesek, eta EBren erabakiak betetzen ez dituenak ez du zigorrik. Aldatu beharra dago norabidea, eskuin muturra geldiarazi nahi badugu.

Nola?

Europa gehiago behar dugu, alderdi tradizionalek ausardia behar dute labainkorrak diren gaiei eutsi, eta benetako irtenbideak emateko, estatuei neurriak ezarriz agindutakoa betetzen ez dutenean. Orain dauzkan krisiek, eskuin muturra, brexit-a, migrazioa, balioko dutela uste dut norabide aldaketarako.

Zenbateraino baldintzatzen ditu eskuin muturrak Europako Legebiltzarraren erabakiak?

Plataforma batek bozketen erregistro bat egiten dute, diputatuek, alderdiek eta taldeek bozkatzen dutena jasoz. Ondorioa da gutxitan irabazten dituztela, eta gainera, kohesio gutxien dutela bozkatzerakoan. Ez daude batuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.