Kezka nagusi Fukushimako ur kutsatuak isurtzen hasi diren egunean

Lehenbizi 7.800 metro kubiko ur isuriko dituzte, eta hamazazpi egun inguru beharko dituzte horretarako. Txinako Gobernuak Japoniako itsaski guztien inportazioak debekatu ditu

Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzearen aurkako protesta bat, Seulen, Hego Korean, herenegun. JEON HEON-KYUN / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Eguraldia aldeko izan zuten atzo Japonian, eta, hori baliatuta, Fukushimako ur kutsatuak Ozeano Barera isurtzen hasi zenTepco konpainia, han 13:00ak zirela. Denera, 1,34 milioi metro kubiko ur inguru daude pilatuta zentral nuklearreko edukiontzietan, baina tona litro horiek «apurka-apurka eta era kontrolatuan» isuriko dituztela ziurtatu zuten Japoniako Gobernuak etaTepco konpainiak. Zuzenean eman zuten lehen ur litroak isurtzen hasi ziren unea, Ukedo portuan, Fukushimako prefekturan. Lehenbizi 7.800 metro kubiko ur isuriko dituzte, eta hamazazpi egun inguru beharko dituzte horretarako.

Fukushimako zentral nuklearreko hiru erreaktore hozteko eta instalazio nuklearraren barruan iragazteko erabili izan da ur hori, eta, hortaz, hondakin erradioaktiboz kutsatuta dago. Horrexegatik, Japoniako Gobernuaren egitasmoarekin mesfidati agertu dira inguruko herrialdeak eta bertako herritarrak. Besteak beste, iritzi diote isuri horiek kaltegarriak izan daitezkeela giza osasunerako eta ingurumenerako.

Kezka eta beldur horiek uxatu nahian, hondakin horiek ezabatzen saiatu direla jakinarazi zuen atzo IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, likidoak prozesatzeko sistema baten bidez. Sistema horrek erradionuklido gehienak ezabatzen ditu, baina ez du tritioa ezabatzeko nahikoa gaitasunik, eta, hortaz, ura tritioz kutsatuta dago oraindik. Hala ere, agentziak ziurtatu zuen tritio kantitate hori arriskutsua izateko moduko mugen «oso azpitik» dagoela, eta lasai egoteko eskatu zien herritarrei.

Hain justu, IAEAk uztail hasieran eman zion oniritzia urak isurtzeko asmoz Tokiok ondutako planari. Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak, berriz, iragan astean bisitatu zituen Fukushimako instalazioak, eta orduan iragarri zuen atzo zirela hastekoak ur kutsatuak isurtzeko planak. Bai Japoniako Gobernuak, bai IAEAk ziurtatu zuten isuriak «seguruak» direla; hau da, isuri horiek inpaktu «hutsala» izango dutela ingurumenean eta giza osasunean.

Halere, hasieratik mesfidati agertu dira herrialdeko arrantza sektorea eta talde ekologistak; batetik, arrantzatzen eta ondoren saltzen dituzten arrainen kalitateak kezkatzen du arrantza sektorea; eta, bestetik, isuriek ozeanoko ekosisteman eta uraren kalitatean eragin ditzaketen kalteen beldur dira ekologistak.

Inoizko istripu nuklearrik larrienetako bat izan zen Fukushiman 2011ko martxoaren 11n gertatutakoa. Lurrikara baten ondorengo tsunamiak bete-betean jo zuen instalazioa, eta 160.000 lagun lekualdatu behar izan zituzten.

Nazioartean ura ez da bare

Japoniak hartutako erabakiak ez die ilusio handirik egin aldameneko estatuei: Ipar Korea ezkor agertu da egitasmoarekin, eta Txinak ez du «inondik inora ere» babesten Japoniaren erabakia. Hala argitu zuen atzo Txinako Atzerri Ministerioak, Japoniak ura isuri baino minutu gutxi batzuk lehenago zabaldutako ohar batean. Testuan, zera leporatu zion Txinak Japoniari: ingurumena eta itsasoko ekosistema «sabotatzea», hurrengo belaunaldiak «arriskuan» jartzea, eta «erabat berekoia» izatea.

Izan ere, Txinaren arabera, «munduko populazio osoari» eragingo diote Fukushimako ur isuriek. Horrenbestez, erabakia ez luke Japoniak soilik hartu behar: «Fukushimako energia nuklearrak kutsatutako ura isurtzea oso gai garrantzitsua da segurtasun nuklearraren arloan. Horren eragina Japoniako mugetatik harago doa».

Bada, oharrean hitzeman zutenTxinako biztanleria «babestuko» dutela egitasmoak «ekarriko dituen arriskuetatik». Esan eta egin, Japoniako itsaski guztien inportazioak debekatu zituzten atzo bertan. Neurri horrek segida ematen dio Txinako Gobernuak 2011n hartutako erabakiari. Debeku horixe bera ezarri zuen orduan, baina Japoniako hamar prefekturari soilik eragiten zien, Fukushimatik gertuen zeuden horiei, hain justu.

Bizilagunen artean, Hego Korea da Japoniaren asmoak gaitzetsi ez dituen bakarra. Ur isurien inguruko kezka «gehiegizkoa eta alferrikakoa» dela esan zuen atzo herrialdeko lehen ministro Han Duck Sook. Halere, tentuz begiratzen dio egitasmoari: «Datozen 30 urteetan isuriko diren uren inguruko informazio gardena eman dezala eskatzen diot Japoniari».

Baina Hego Koreako zenbait herritar ez datoz bat gobernuarekin; Japoniak Seulen duen enbaxadan sartzen saiatu ziren atzo hainbat manifestari, eta, horietatik guztietatik, gutxienez hamasei atxilotu zituen Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.