Zalantza eta kezka ugarik lausotu dute hauteskunde prozesua Perun, ugariak izan baitira hautagaien aurkako helegiteak eta lehiaketatik at utzi dituzten politikariak. JNE Hauteskundeen Epaimahai Nazionalaren funtzionamenduak harrabots handia eragin du, askotan kanpaina guztiz nahasteraino. Giza eskubideen aldeko erakundeek eta nazioarteko ikuskatzaileek «kezka» agertu dute «erakundeen ahultasunagatik». Giza Eskubideen Koordinakunde Nazionalaren arabera, JNEk ez ditu hasieratik «arau argiak» zehaztu, eta, horrenbestez, kanpaina zangotrabatu egin da. Amerikako Estatuen Erakundeak ere kritika gogorrak egin dizkio Limari. Luis Almagro erakundeko idazkariak hauteskunde «erdi demokratikoak» direla esan du, helegiteen sistemak «segurtasun juridiko falta» areagotu duelako. EB Europako Batasunak, COPA Ameriketako Konfederazio Parlamentarioak eta Carter Zentroko Hauteskundeen Ikuskatze Misioak ere zalantzak plazaratu dituzte.
Keiko Fujimori Herri Indarreko hautagaiaren eta faborito nagusiaren aurkako prozedura da horren erakusle garbiena. Hauteskundeak egiteko egun baten faltan, edizio hau ixteko orduan oraindik JNEk ez zuen ebatzi haren aurkako helegitea. Gaur arteko epea du Fujimoriren hautagaitza baliogabetu edo ez erabakitzeko. Kanpainan botoak erostea leporatzen diote, dirua eta opariak banatuta mitinetan.
Baina Alberto Fujimoriren alabaren kasua ez da bakarra. Hauteskundeen bezperan hautagaien baliogabetzeen prozesua ez zen amaitu. Asko dira bozetatik kanpo geratu diren hautagaiak, hauteskunde lege berriaren ondorioz. Martxoan Julio Guzmanekonomista eta Cesar Acuña enpresaria lasterketatik at utzi zituen JNEk. Biak goian zeuden inkestetan, bigarren itzulira igarotzeko aukera askorekin.
Denak Perurengatik alderdiko hautagaia zen Guzman, agian hauteskundeetako aurpegirik ezezagunetakoa. Hauteskunde batzordearen arabera, baina, izen emateko arauak urratu zituen Guzmanek. Acuñaren hautagaitza, ordea, bi ekitaldi publikotan dirua banatzeagatik utzi zuten bertan behera.
Agintean dagoen Alderdi Nazionalistak Daniel Urresti presidentegaia kentzea erabaki zuen kanpainan, «segurtasunik eza nabarmenaren aurrean, eta JNEren koherentzia falta ikusita».Ollanta Humala presidentearen hautagaia, baina, polemikaren erdian egon da hasieratik. Erretiroa hartutako jenerala da, eta fiskalak 25 urte arteko espetxe zigorra eskatu du haren aurka, 1988an kazetari bat hil zuelakoan.
Baliogabetzeen dantzak epaitegien bueltan mugiarazi du kanpaina. Giza Eskubideen Peruko Koordinakunde Nazionalaren arabera, politikan parte hartzeko oinarrizko eskubidea urratu du JNEk, alderdi eta hautagai guztiak ez baititu era berean tratatu. Izan ere, hautagaitza batzuk kanporatu ditu, baina auzipetuta dauden beste asko onartu ditu. Jorge Bracamonte erakundeko idazkari nagusiaren arabera, kongresurako 220 hautagai inguru prozesu judizialetan nahasturik daude —presidenteaz gainera, 130 legebiltzarkide hautatuko dituzte bihar—.«Herri Aliantzako hautagai bat dago Tacnan gizateriaren aurkako krimenengatik prozesatua. Horrek erakusten du erakundeen ahultasuna», adierazi du koordinakundearen webgunean zabaldutako elkarrizketa batean. Haatik, Bracamontek uste du herritarrek badutela erantzukizunaren parte bat. «Politika gure eskuetatik kentzen utzi diegu».
Mesfidantza
Handia da politikarekiko konfiantzarik eza Perun. Datum zundaketa etxearen arabera, %85ek ez dute konfiantzarik alderdi politikoengan, eta %88 ez dira ordezkatuak sentitzen Kongresuan. Kanpainaren antzutasunak ez du pertzepzio hori ezabatzen lagundu. Izan ere, eztabaidetan herrialdearen kezka eta erronka nagusiak azaletik aipatu dituzte, hala nola segurtasuna, ekonomia eta ustelkeria.
Hala eta guztiz ere, kanpainan handiak izan dira herritarren mobilizazioak, batez ere sistema politikoaren aurka eta JNEren jarduteko eraren aurka. Gizarte ekintzaileek ere protesta ugari egin dituzte Keiko Fujimoriren hautagaitzaren aurka, haren aitaren aginte autoritarioa errepikatuko duen beldur.
Izan ere, giza eskubideen arloan hautagaiek proposamen gutxi egin dituztela uste du Bracamontek. Hemeretzi programetatik soilik lautan aurkitu dituzte aipamenak. «Baina ez dira plan osoak, eta ez dituzte aintzat hartzen talde zaurgarrienak, indigenak esaterako. Giza eskubideen balorazioa eskasa da Perun».
Peru. Presidentetzarako hauteskundeak
Kezka demokratiko asko, eta berme gutxi
Ikuskatzaileek zalantzak plazaratu dituzte hauteskunde prozesuaren inguruan, helegiteen sistemak politikan parte hartzeko eskubidea urratu duelakoan. EEAren arabera, «erdi demokratikoak» dira bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu