Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusi izandakoak eta Kenyako krisiko bitartekariak gaur jakinarazi duenez, Kenyako Gobernuak eta oposizioak akordioa lortu dute boterea partekatzeko. Mwai Kibaki presidenteak eta Raila Odinga oposizioko buruak hitzarmena sinatu dute, Annanek ere bai, txaloen artean.
Akordioaren arabera, lehen ministro bat izendatuko dute. Legebiltzarreko kidea bat izango da hori, eta alderdi nagusiak jarriko du. Honen zeregina, Gobernuaren lana koordinatzea eta gainbegiratzea izango da. "Akordio hau beharrezkoa da herrialdearen biziraupenerako", esan du Annanek.
Kenyako krisiko bitartekariak berak asteartean bertan behera utzi zituen Gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioak, politikariek elkarrizketen bidez "aurrerapenik ez" zutelako egiten.
Iazko abenduan Kenyako hauteskundeak izan ziren, eta oposizioak Kibaki presidenteari boto zenbaketan iruzur egitea leporatu zion. Iskanbilen ondorioz, 1.500 lagun hil dira. Urtarrilaren 31n ekin zieten elkarrizketei, arazoa konpondu nahian.
Mundua
Kenyako Gobernuak eta oposizioak akordioa lortu dute boterea partekatzeko
Abendutik 1.500 lagun hil dira han, oposizioak Kibaki presidenteari hauteskundeetan iruzurra egitea leporatu zionetik. Kofi Annan NBEko idazkari nagusi izandakoak eta Kenyako krisiko bitartekariak eman du gaurko akordioaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu