Erresuma Batuko Gobernua galdu eta hauteskundeetan ehun urtean baino gehiagoan lortutako emaitzarik txarrenak izan ondoren, Alderdi Kontserbadorea aldaketa prozesu batean murgildu da; eta, gaur, datozen urteetan izango duten buruzagia aukeratu dute: Kemi Badenoch. 44 urteko emakume horrek irabazi du afiliatuen artean egindako bozketa; eta, horrela, Erresuma Batuko behe ganberan dagoen alderdi baten gidaritza duen aurreneko emakume beltza bihurtu da. Gainera, Alderdi Kontserbadorearen buruzagi den laugarren emakumea da, Margaret Thatcherren (1975-1990), Theresa Mayren (2016-2019) eta Liz Trussen (2022) ostean.
53.806 botorekin gailendu zaio Badenoch bere aurkari Robert Jenricki. Barne Estatu Idazkaria ohiak 41.388 boto lortu ditu. Gauzak horrela, Rishi Sunak —uztailera arte Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak— alderdian utzitako kargua hartu du Badenochek. Izan ere, Alderdi Kontserbadoreak uztailaren 4an Komunen Ganberan izandako emaitzak direla medio utzi zuen 2022tik zuen alderdiaren lidergoa Sunakek. Toryek 250 eserleku galdu zituzten orduko hartan, organoak dituen 650etik 121 soilik irabazita; hau da, alderdiaren emaitzarik apalena 1906tik.
Alderdiaren egungo egoera izan du mintzagai Badenochek, kargua hartzean egin dituen adierazpenetan: «Akatsak egin genituela onartu behar dugu». Hala ere, lanean jartzeko «gogoz» agertu da, eta etorkizunean eman beharreko pausoak jakinarazi ditu: «Gure politikak eta ildo politikoa berrezarri behar ditugu, gure alderdiari eta gure herrialdeari merezi duten hasiera berria eskaini ahal izateko». Sunakek, berriz, alderdia birformulatzearen ildotik jo du, X sare sozialean argitaratu duen mezuan: «Buruzagi bikaina izango dela badakit. Gure alderdia zaharberrituko du, eta balio kontserbadoreak babestuko ditu».
Sunaken gobernuaren parte zen Badenoch: Emakumeen eta Berdintasunaren ministroa eta Erresuma Batuko Nazioarteko Merkataritzaren Estatu Idazkaria izan da 2022tik iragan uztailera arte. Erresuma Batuko hedabideek Alderdi Kontserbadorearen eskuineko ildoan kokatzen dute buruzagi berria. Are gehiago, behin baino gehiagotan adierazi izan du bere erreferenteetako bat Margaret Thatcher duela.