Gazette Haiti egunkariak jakinarazi du bere kazetarietako bat, Diego Charles, etxe aurrean hil dutela, tiroz. Marie Antoinette Duclaire Matriz Liberación mugimenduko kidea ere modu berean hil dute. Astearte gauean gertatu ziren hilketak, eta hildakoen gorpuak erakusten dituen bideo bat ere zabaldu da sare sozialetan. Gobernuak argitu du lau gizon aritu zirela biak hil zituzten Christ-Roi auzoan, Puerto Principen, motozikleta batetik tiro egiten. Auzo horretan bertan, gutxienez hamabost pertsona hil zituzten astearte gauean.
Haitiko lehen ministroak Fantom 509 erakundeari egotzi dizkio hilketak, eta «ekintza terrorista» bezala deskribatu du gertakaria. Talde kriminalen arteko gerraren ondorioz, 13.600 pertsona inguruk ihes egin behar izan dute Puerto Principetik ekainaren hasieratik. Bortizkeria nabarmen hazi da azken asteetan.