Britainia Handiak 1947ko abuztuan eman zuen amaitutzat Indiaren kolonizazioa, eta bi herrialdetan banatu zuen lurraldea: Pakistanen kokatu zituen gehiengo musulmaneko eskualdeak; eta Indian, berriz, gehiengo hindua zutenak. Musulmanak gehiengoa ziren eskualde batek, ordea, erabaki zuen Indiaren parte izatea: Kaxmirrek. Hango maharaja —kolonizazio garaian eskualde bakoitzak zuen printzea— hindua zen, eta hark hartu zuen erabakia. Pakistanek hori gaitzetsi, eta bi urteko gerra bat abiatu zuen Indiaren aurka, zeina NBE Nazio Batuen Erakundearen esku hartzearekin amaitu zen. Kaxmir bi zatitan banatu zuten: Pakistanek Kaxmir iparraldeko Azad Kixmir eta Gilgit-Baltistan eskualdeen kontrola bereganatu zuen, eta Indiak Jammu eta Kaxmir eskualdearena. 77 urte geroago ere, bi herrialdeen arteko liskar puntu «nagusia» dela adierazi du Praveen Donthi kazetari indiarrak: «Indiak inoiz izan duen gatazkarik luzeena da».
1989an matxinatu ziren Kaxmirko musulmanak lehen aldiz Indiako segurtasun indarren aurka. 1990eko hamarkadakoak izan ziren gatazkaren urterik «latzenak», baina 2000ko lehen hamarkadaren amaieran egoera zertxobait baretu zen. Halere, 2014an Narendra Modi (BJP Bharatiya Janata alderdikoa) Indiako lehen ministro izendatu zutenean, gauzak «asko» aldatu ziren: «Boterera iritsi zenetik, bere helburu nagusietako bat Kaxmir Indiara integratzea izan da, eta horrek hango biztanleen haserrea areagotu du».
Joan den ekainean, Modiren alderdiak parlamenturako bozak irabazi eta berehala, bederatzi hindu hil ziren erromesez beteriko autobus bat zubi batetik erorita, musulman batek gidariari arma batekin mehatxu egin ostean. Bestalde, 2019ko otsailean, Kaxmirko aferagatik Pakistanen eta Indiaren arteko gerra bat hasteko zorian izan zen: 40 soldadu indiar hil zituzten Kaxmirko milizianoek, eta Indiak Pakistani leporatu zion erasoa. Ondorioz, azken horrek bi herrialdeen arteko mugara ehiza hegazkinak bidali zituen, eta Indiako Aireko Armadako pilotu bat atxilotu zuen. Azkenean egoera lasaitu egin zen, eta Pakistanek aske utzi zuen atxilo edukitako pilotua.
Indiako banaketan, 1947an, Pakistanera batzeari uko egin zioenean, Indiak «autogobernua» eskaini zion Kaxmirri: Konstituzio eta lege propioak, besteak beste. Baina 2019an Kaxmirren «pribilegio» horiek bertan behera utzi zituen: are gehiago, bi lurraldetan banatu zuen eskualdea; Jammu eta Kaxmir batetik, eta Ladakh bestetik, eta biak Indiako Gobernu Federalaren esku utzi zituen, hango herritarrek aukeratu gabeko gobernadore baten agintepean.
Horrez gain, Indiako beste eremu batzuetako biztanleek Kaxmirko lurrak erostea ahalbidetu du Indiako Gobernuak —orain arte debekatuta zegoen—. 1989an Indiako segurtasun indarren aurkako ekintzak ugaritu zirenean, Kaxmirren bizi ziren hindu askok alde egin behar izan zuten, eta horiek itzultzeko kanpainak martxan jarri ditu Modik azken urteetan. Ondorioz, hango musulman ugari «kezkatuta» daude, gobernuak euren lurretatik bota nahi dituela uste dutelako, Donthik azaldu duenez.
Hala, euren etxeetatik alde egiteko «beldurrak» bultzatzen ditu Kaxmirko musulman gazteak borrokara: «Ez ditu ideologia politiko batek baldintzatzen, Indiako Gobernuak hartutako neurrien aurrean erantzuteak baizik». Milizianoen kopuruak nabarmen behera egin duen arren —gaur egun 100 eta 200 artean dira, Donthiren arabera—, 1990eko hamarkadan 5.000 eta 6.000 artean izatera iritsi ziren. Gaur egun, armak hartzea erabakitzen duten gazteak geroz eta gehiago direla dio Donthik: «Militantziak gora egiten badu, kanpotik etorritako indiarren kopuruak behera egingo duela uste dute Kaxmirreko musulmanek».
Kaxmirtik haratago
Modiren neurriek ez dituzte soilik Kaxmirko musulmanak haserretu; India osoan ere «jazarrita» daudela salatu dute behin baino gehiagotan. 2019an herritartasunari buruzko lege erreforma bat onartu zuten parlamentuan, eta iragan martxoan sartu zen indarrean. Lege horrek baimena ematen die herritartasuna eskuratzeko Afganistango, Pakistango eta Bangladeshko errefuxiatuei, «erlijio gutxitu» hauetako parte badira: hindu, sikh, budista, jainista, parsi eta kristaua. Musulmanek, ordea, ez dute horretarako aukerarik, Indiako biztanleen %15 izan arren erliijo horretakoak.
Liskar ugari piztu ziren herrialdean lege erreformaren berri eman zutenean: OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak argitaratutako txosten baten arabera, 53 lagun hil zituzten protestetan —gehienak musulmanak—, eta 800 pertsona baino gehiago atxilotu. Gainera, Donthik dioenez, komunitate musulmanaren aurkako erasoak «eguneroko ogia» dira Indian, «BJP alderdiaren oinarria islamofobia» baita. India Hate Lab ikerketa taldeak musulmanen aurkako 670 «gorroto eraso» inguru erregistratu zituen 2023an, eta horietako ia 500 —alegia, ia %75— BJP lehen indar politikoa den lurraldeetan egin zituzten.
Iragan apirilean eginiko parlamenturako bozetan, ordea, ezusteko emaitzak eskuratu zituen Modiren BJP alderdi hindu nazionalistak: ganberan zuten gehiengoa galdu zuen, eta INC Indiako Kongresu Nazionalarekin batera gobernatzen ari da koalizioan. Halere, Modi herrialdeko politikaririk «indartsuena» da Donthiren iritziz, baina emaitza horiek oposizioari gobernuaren aurka borrokatzeko «motibazioa» ematen diotela uste du: «Gobernuak zailtasunak izango ditu zenbait neurri aurrera eramateko. Aldaketaren hasiera da».