Iazko azaroaren 9an Kataluniako Parlamentuak onartutako haustura adierazpenean ez du delitu zantzurik antzeman Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Adierazpena «legez kanpokoa» zela «agerikoa» izan arren, hortik konspirazio delitua izan zela esatera koska bat dagoela argudiatu du, eta ez zela indarkeria zantzurik egon. Besteak beste, adierazi du haustura adierazpenaren ondoren ez zela ordena publikoa nahasi.
UPDk eta Manos Limpias elkarteak aurkeztu zuten salaketa Carme Forcadell legebiltzarreko presidentearen eta adierazpena babestu zuten parlamentarien aurka. Baina epaileak ez ditu salaketak aintzat hartu, fiskalak eskatu moduan. Argudiatu du zuzenbide estatuak «mekanismo nahikoa dituela bide penalera jo baino lehen prozedura konstituzionaletara egokitzen ez diren planteamendu politikoak geldiarazteko». Hala, auzitegiak argudiatu du ezin direla alderatu «indarkeriazko matxinadak», eta «parlamentuan egindako legez kanpoko edo konstituzioaren kontrako ekintzak». Gaineratu du salaketek ez dutela zehazten «zein ekintza errebelde, publiko eta indarkeriazko» bultzatuko lituzkeen adierazpenak.
Legearen interpretazio bi
Neus Munte Kataluniako Gobernuko presidentzia kontseilariak berretsi egin du prozesu subiranoaren «legalitate eta legitimitate osoa», eta gehitu du independentziara bidean aurrera egiteko gehiengoaren borondateak bultzatzen dela. Esan du gobernuak ez dituela elkarbanatzen Auzitegiaren arrazoiak salaketak baliogabetzeko, baina erabakiaren oinarriarekin ados dagoela: «Argudioa irainduta sentitzeko modukoa da. Noski ez zela indarkeriarik egon. Herritarren parte hartzea deitzen zaio horri». Defendatu du adierazpenak jasotzen duena mandatu demokratiko bat dela, Junts Pel Sik eta CUPek adostua iraileko bozetan.
Bestalde, 2014ko azaroaren 9ko prozesu parte hartzailearen harira, Francesc Homs Kataluniako Gobernuko orduko bozeramailea ikertuko du fiskalak; A-9ko galdeketan izandako ardurak aztertu nahi ditu, hain zuzen ere. Espainiako Auzitegi Gorenari proposatu diezaiola ikerketa galdegiteko. Hori eskatu dio Kataluniako Justizia Auzitegiari. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan diputatu gisa aukeratu zuten Homs, eta, beraz, Gorenak ikertu beharko du haren kasua.
Kataluniaren adierazpena «ez zen delitua izan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu