Kataluniarako finantzaketa berezia indarrean jartzeko konpromisoa berretsi du Illak

Politika orokorrari buruzko hitzaldian, Kataluniako Gobernuko presidenteak esan du agintaldian «diskrezioz» lan egingo dutela horretarako. Etxebizitza publikoa sustatzeko plan bat iragarri du.

Salvador Illa Kataluniako presidentea, gaur, Kataluniako Parlamentuan, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Salvador Illa Kataluniako presidentea, gaur, Kataluniako Parlamentuan, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 8a
18:14
Entzun

Gaur eman dio hasiera Kataluniako urte politikoari Salvador Illa Generalitateko presidenteak. Ordu bat eta erdi iraun duen politika orokorrari buruzko hitzaldian, bukaerarako utzi du Kataluniako eta, batez ere, Espainiako politikan harrabotsa eragin duen afera: Kataluniako finantzaketa bereziarena. PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako buruak hitzeman du «konpromiso irmoa» dutela finantzaketa eredu hori indarrean jartzeko, eta neurri horren aurka agertu direnei esan die ez duela «inoren aurka» egiten; kontrara, «elkartasunaren aldeko neurri bat» dela.

ERC Esquerra Republicanak Illa Kataluniako presidente egitearen truke hitzartutako akordioaren parte da finantzaketa berezia, eta, zeresan handia eman duen arren, ez PSCk, ez ERCk ez dute oraingoz xeheki azaldu hori zertan datzan. Baina Illak azaldu du horretarako «diskrezioz» lan egingo dutela. Espainiako Gobernuak ere esana du itun hori beteko duela; halere, alderdi subiranistak gaur jakinarazi du biharko eztabaidan proposamen bat aurkezteko asmoa duela, ganberak —parlamentuak— Kataluniako finantzaketa bereziarekiko «konpromiso irmoa» adieraz dezan.

Finantzaketari buruz mintzatu ondoren, hizkuntza politikaren inguruan aritu da Illa. Hain justu, katalanaren erabilera indartzea da ERCk mahai gainean jarritako beste eskakizun bat; batez ere, Kataluniako hezkuntza sisteman. Katalanaren Ikasketarako Institutua indartzeko beharra azpimarratu du Generalitatekopresidenteak: «Katalana gure bizkarrezurraren parte da».

Dena den, agintaldiko gidalerroak finkatzeko hitzaldian, zerbitzu publikoak jarri ditu erdigunean, horiek indartzea baita, Illaren arabera, Kataluniako Gobernuaren helbururik handienetako bat. Eta horrekin lotuta, iragarri du abian jarri asmo dutela etxebizitza publikoak eraikitzeko plan bat: datorren urtean hasita eta 2030. urtera artean, 50.000 etxebizitza publiko egingo dituzte, eta horretara bideratuko dituzte urtean 1.100 milioi euro. «Ezin dugu onartu etxebizitza bat eduki ezin izatea herritarren arazorik handienetako bat izatea. Etxebizitza ez da behar bat, eskubide bat da», esan du.

Edonola ere, parlamentuko osaketak ez die hola edo hala bide emango PSCk indarrean jarri asmo dituen neurriei, eta horren jakitun dira gobernuko kideak: «Beharrezkoa izango da elkarlanerako prest egotea». Hain zuzen ere, Illak aurreratu duenez, egin nahi dituen erreformak egiteko, eta baita datorren urteko aurrekontuak onartzeko ere, negoziazioak «ezinbestekoak» izango dira.

Nolanahi ere, kanpora begira ekin dio hitzaldiari. Atzo bete zen urtebete milizia palestinarrek Israeli eraso egin ziotela, eta azken horrek Gazaren aurkako sarraskia areagotu zuela, eta Illak urteurrena baliatu du nabarmentzeko Katalunia «beti» egongo dela «nazioarteko elkartasunaren lehen lerroan». Gero, ultraeskuina Europan izaten ari den gorakadari erreparatu dio: «Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako atzeraldi demokratiko handienari egin behar diogu aurre». Ideia horri tiraka aipatu du, ondoren, Kataluniako biztanleriaren parte bat migranteek osatzen dutela, eta «Kataluniako eskuin muturrak dioenaren kontrara» hori positiboa dela.

Hiru eguneko hitzordua

Politika orokorrari buruzko eztabaidak hiru egun iraungo du: Illaren agerraldiarekin abiatu da gaur; talde parlamentarioek bihar izango dute hitz egiteko eta proposamenak aurkezteko aukera, goizean nahiz arratsaldean; eta, azkenik, biharko eztabaidan aurkeztutako proposamenak bozkatuko dituzte etzi. 

Zenbait talde parlamentariok aurreratu dute dagoeneko zeintzuk izango diren ganberan aurkeztuko dituzten proposamenak. Jordi Turull JxC Junts per Catalunyako idazkari nagusiak jakinarazi duenez, taldeak aurkeztuko dituen neurriak etxebizitzari lotutakoak izango dira. Bestalde, finantzaketaren aferaz gain, ERCk mahai gainean jarriko du erreferendumaren auzia.

SENATUAK ESKATU DU PRESIDENTEEN KONFERENTZIAK JAR DEZALA ABIAN Finantzaketa sistemaren erreforma

Espainiako Senatuak gobernuari eskatu dio Presidenteen Konferentziak jar dezala abian autonomia erkidegoen finantzaketa sistemaren erreforma. PPk aurkeztutako mozio baten bidez egin dute eskaera; Coalicion Canariak horren alde egin du. Testuan zehaztu dute Presidenteen Konferentziari dagokiola finantzaketa sistemaren erreformarako «epeak eta irizpideak» finkatzea. Are, exijitu diote Espainiako Gobernuari «ahalik eta lasterren» aurkezteko finantzaketa sistemaren erreformaren proposamen «zehatz eta zentzudun bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.