Kataluniara bidean dela iragarri du Carles Puigdemont presidente ohiak

JxCko buruak ohartarazi du «normaltasun demokratikora» itzultzeko bide bakarra dela «jazarpen politikoa amaitzea». Bihar 09:00etarako parlamentuaren aurrera joateko deia egin diete herritarrei.

Carles Puigdemontek zabaldutako bideoaren irudi bat. EFE
Carles Puigdemontek zabaldutako bideoaren irudi bat. EFE
arantxa elizegi egilegor
2024ko abuztuaren 7a
11:59
Entzun

«Kataluniako Parlamentuko presidenteak Generalitateko presidentearen inbestidura saiora deitu ditu diputatu guztiak, biharko. Baldintza demokratiko normaletan, ez litzateke beharrezkoa izango diputatu naizen honek iragartzea saioan egongo dela. Baina oraingoak ez dira normaltasun demokratiko bateko baldintzak», hitz horiekin iragarri du Carles Puigdemonek, Kataluniako Generalitateko presidente ohiak, Kataluniara itzultzekoa dela. X sare sozialean zabaldutako bideo batean egin du iragarpena. 2017tik dago erbestean buruzagi independentista.

Agerraldian nabarmendu du ez berak, ezta Lluis Puig diputatuak ere ezin izango dutela inbestidura saioan «modu askean» parte hartu. Gogora ekarri du, halaber, haien aurkako «jazarpena» ez dela oraingo kontua, eta Espainiako justiziak uko egin diola amnistia legea aplikatzeari: «Honegatik guztiagatik hasi dut erbestetik itzultzeko bidaia. Ez dago normaltasun demokratikorako beste biderik, jazarpen politikoa amaitzea ez bada, eta hori jasota dago Amnistia Legearen idatziak eta ariman».

Salvador Illa presidentegaiaren jarrera ere kritikatu du Puigdemontek. Haren esanetan, Illari ta Espainiako Gobernuari ez die ezinegonik eragiten «epaileen matxinadak», bai, aldiz, Kataluniako herritarrei: «Herritarren borondatea oztopatuko ez duen justizia bat nahi dute. Parlamentura joateagatik atxilotua izateko arriskuan egoteak agerian uzten du bizi garen testuingurua, non ez dagoen normaltasun demokratikorik. Hori salatu eta borrokatu behar dugu, ez independentistak garelako, demokratak garelako baizik».

Josep Rullek, Kataluniako Parlamentuko presidenteak, biharko deitu du Salvador Illaren inbestidura saioa, baina ohartarazi du Puigdemont atxilotuz gero bertan behera utziko duela saioa. JxC Junts per Catalunyak ere bide beretik jo du. «Atxilotzen badute eta ezin badu osoko bilkuran parte hartu, bertan behera uzteko eskatuko dugu, saioa ezin baita normaltasunez egin diputatu bat gutxiagorekin», esan zuen atzo Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak TV3 Kataluniako telebista publikoan egin zioten elkarrizketan. ERCk eta Comuns alderdiak, berriz, iragarri dute saioa bertan behera uztearen alde bozkatuko dutela, baina zehaztuz Illaren alde bozkatuko dutela hurrengo inbestidura saioan.

Kataluniako Gobernua osatzeko, 68 parlamentariren babesa behar du Illak, eta, hain zuzen, parlamentari kopuru hori dute PSC, ERC eta Comuns Sumar alderdiek. Gaur -gaurkoz baditu babes horiek, baina ERCn bada Illa babesteko akordioa begi onez ikusten ez duenik ere, nahiz eta joan den astean militantziari egindako galderan gehiengoa akordioaren alde agertu.

Harrera

Presidente ohiari babesa agertu eta, nolabait ere, haren atxilotzea eragozteko, gizarte eragile eta alderi politikoek herritarrak deitu dituzte Puigdemonti harrera egitera. Deialdia 09:00etarako da, parlamentuaren parean.

Deitzaileen artean daude JxC, Omnium, ANC eta CUP, besteak beste. Elkarretaratzea 09:00etan izango bada ere, ordu bat lehenago joateko eskatu diete bertan parte hartu nahi dutenei.

Ordubete geroago hasi beharko luke inbestidura saioak, berez, hala iragarri du gau diputazio iraunkorrak, parlamentua lanean ez denean hura ordezkatzen duen erakundeak. Goizean bildu da erakundea alderdietako ordezkariekin, eta berretsi egin du aurrez Rullek egindako deialdia. Saioa Illaren hitzartzearekin hasiko dute, ondo bidean, eta jjarraian etena egingo dute alderdiek beren erantzunak presta ditzaten —gehienez ere 24 ordukoa izan daiteke etenaldia—. Ondoren, Illak alderdiei erantzuteko aukera izango du, banaka edo denei batera; banaka erantzungo balie, haiek berriz hitza hartzeko aukera izango lukete, eta eztabaida amaitutakoan egingo litzateke bozketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.