Katalunian ERC alderdiko militante izateari utzi dio Carod-Rovirak

Gutun bidez jakinarazi du ez dagoela ados zuzendaritzarekin; «ezker nazional plurala» osatzeko lan egingo du

Erredakzioa
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Josep Lluis Carod-Rovirak ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoko militante izateari utzi dio. Rafael Niubo alderdikidearen bidez bi orrialdeko gutun bat helarazi zion politikariak zuzendaritzari herenegun. Eskutitzean dioenez, «aspaldian» zegoen alderditik urrun —egungo zuzendaritzarekin ez baitago ados—, baina egin berri diren udal bozetan eta alderdiaren kongresuan eragina ez izateko egin du orain publiko erabakia. Aurrerantzean «ezker nazional plurala» eratzeko lanean jarraituko duela iragarri du Carod-Rovirak. Ara egunkariak eman du albistearen berri.

Alderdiaren erantzuna berehala etorri da; biharamunean bertan. Ignasi Llorente bozeramaileak esan duenez, erabakia «errespetatu baina sentitu» egiten dute, alderdian «pertsona oso garrantzitsua» izan baita Carod-Rovira.Kataluniako independentismoari egindako ekarpena ere izan du hitzetan eledunak. ERCk 80 urte egingo ditu aurten, eta «bizirik dagoela eta etorkizuna duela uste du Llorentek. Iazko hauteskunde autonomikoetan eta aurtengo udal bozetan, baina, emaitza kaskarrak izan ditu ERCk.

Ibilbide oparoa

Carod-Rovirarekin (Cambrils, 1952) izan ditu alderdiak emaitza onenak. 1988tik iaz arte diputatu izan da, eta 1996tik 2008ra arte izan zen alderdiko presidente. Joan Puigcercos egungo presidentearekin izandako desadostasunen ostean utzi zuen kargua. Generalitateko bigarren hirukoan presidenteorde gisa aritu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.