Katalunia. Epaiketak

Kataluniako presidentea kargutik kendu du Espainiako Gorenak

Torrari urte eta erdiko inhabilitazioa baieztatu dio auzitegiak, Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindu bat garaiz ez betetzeagatik. Ondorioz, bozak egingo dituzte Katalunian, lau hilabete barru

Quim Torra Kataluniako presidente ohia, inhabilitazioaren ondorengo adierazpen instituzionalean. MARTA PEREZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Amaitu da Quim Torra atzo arte Kataluniako presidente izan denaren agintaldia. Espainiako Auzitegi Gorenak bukatu du haren presidente aldia. Aho batez, urte eta erdiko inhabilitazioa eta 30.000 euroko zigorra baieztatu zizkion Gorenak, Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindu bat garaiz ez betetzeagatik. Epaiak burua kendu dio Kataluniako Gobernuari, eta jardunean da Generalitatea, eskumen mugatuekin, pandemia egoera betean. Torra kargutik kenduta, abian dira presidente berri bat izendatzeko ala bozetara deitzeko epeak.

Torra herritarrei zuzendu zitzaien atzo arratsaldean, adierazpen instituzional batean. «Ez dut etsi, eta ez dut epai bidegabe hau onartuko», nabarmendu zuen. Espainiako justizian bidea agortu ostean Europako justiziara joko duela aurreratu zuen, hori delako, haren esanetan, Kataluniako independentistek justizia jaso dezaketen toki bakarra. «Adierazpen askatasuna Europara eramango dut, eta irabazi egingo dugu».

BERRIAk igandean argitaratu zuen elkarrizketan egin bezala, presidente ohiak beste behin nabarmendu zuen Kataluniak autonomiaren esparru politikoa gainditu beharra duela, «haustura demokratiko» baten bidez. Horretarako deia egin zuen: «Alderdiei, eragile zibilei eta herritarrei eskatzen diet urriaren 1a egiteko ahalmena eman zigun espiritua eta irmotasuna berreskuratzeko». Ildo horretan, hurrengo hauteskundeek «inflexio puntua» izan behar dutela gaineratu du, «urriaren 1eko agintea» berrituko duena.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak Torrari ezarri zion zigorra berretsi du Espainiako Gorenak. Urte eta erdiz ezingo du kargu publikorik izan, uko egin ziolako Preso politikoak eta erbesteratuak, askatasuna zioen pankarta eta zenbait xingola hori Generalitateko jauregitik garaiz kentzeari. Espainiako Hauteskunde Batzordeak 24 orduko epea eman zion, Espainiako hauteskundeetarako kanpainan Kataluniako Gobernua «inpartzialtasun zorrotza» gordetzera behartuta zegoela ohartarazita. Torrak, martxoan, hiru egun geroago kendu zituen pankarta eta xingolak.

Epaimahaiak aho batez baztertu ditu defentsaren argudioak. Ez du uste Torraren jokabidea adierazpen askatasunak babesten duenik, eta ez du arrazoirik ikusi auzia Europako justiziara bideratzeko. Torrak aukera izango du Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, eta haren epaiaren ostean izango du auzia Europako justiziara eramateko aukera.

Torra kargutik kenduta, bi hilabeteko epea izango du Kataluniako Parlamentuak haren ordezkoa hautatzeko. Baina independentistek esana dute ez dutela presidente berri bat izendatuko. Beraz, epe hori amaitzean, bozetara deituko dute automatikoki Katalunian. Deialdia egin eta 54 egunera egingo dira hauteskundeak. Hau da, urtarrilaren 31n edo otsaileko lehenengo egunetan, ezusteko atzerapenik ez bada.

Akordioak eta arriskuak

Epaia zein izan zitekeen aurreikusiz, JxCk eta ERCk akordioa itxi dute Torra inhabilitatu osterako. Legealdiaren amaiera nola kudeatu hitzartu dute Kataluniako Generalitatea sostengatzen duten bi indar independentistek. Pere Aragones presidenteordeak hartuko du gobernuaren gidaritza, eta pandemiaren kudeaketa izango du lehentasun. Aragonesek, baina, ez ditu presidentearen eskumen berberak izango, legeak hala mugatuta. Esaterako, ezin izango du hauteskundeetara deitu.

Horrez gain, Kataluniako hainbat hedabidek adierazi zutenez, Torrak ezohiko agerraldi bat egingo du parlamentuan. Kargugatik kenduta egonda ere, horretarako aukera ematen du ganberako araudiak, taldeek edo presidenteak hala eskatuz gero.

Hortik harago, baina, indar independentistek ez dute erantzun bateratu bat adostu. Alderdi independentisten arteko desadostasun estrategikoak agerian gelditu dira azken hilabeteetan, eta Torra kargutik kendu izanak zatiketa hori areagotzeko arriskua ere ekar dezake.

Esaterako, CUPek «konfrontazioa» oinarri duen erantzun bat adosteko borondaterik ez izatea leporatu die JxCri eta ERCri. Gobernuak gertutik aztertu beharko du kalean haserrea zenbaterainokoa den eta egoera hori nola kudeatzen duen. Askok gogoan dute 2019ko urria: buruzagi independentisten kontrako epaiaren ostean alderdiek elkarrekin erantzuteko erakutsi zuten ezintasuna, eta kaleko haserrearen ondorioz sortu ziren istiluak.

Bestalde, eztabaida politikoaren erdigunean izango dira Espainiako aurrekontuak, sedizio delituaren erreforma, gobernuen arteko elkarrizketa mahaia, eta, noski, hauteskundeetako kanpainaurre giroa. Egoera konplexua jardunean, presidenterik gabe eta zatituta dagoen gobernu batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.