Kataluniako presidente izendatu dute Salvador Illa

ERC eta Comuns Sumarren babesa izan du PSCren hautagaiak, eta, hala, aldeko 68 boto eskuratu ditu. JxCk bitan eskatu du inbestidura saioa eteteko, argudiatuta Puigdemonten eta Turullen aurkako «atxilotze aginduak» zeudela.

Salvador Illa gaurko inbestidura saioan. ANGEL GARCIA / VILAWEB
Salvador Illa gaurko inbestidura saioan. ANGEL GARCIA / VILAWEB
Asier Gonzalez de San Pedro - Mikel Garcia Martikorena
2024ko abuztuaren 8a
19:30
Entzun

Hamalau urteren eta lau presidenteren ostean, Kataluniako buruzagia ez da subiranista izango. Maiatzean egindako Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak ikusita, pentsa zitekeen beste aro bat hasiko zela, subiranismoak gehiengoa galdu eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialista izan baitzen boto gehien eskuratu zuen alderdia. Aro aldaketa hori gaur gauzatu dute, PSCko hautagai Salvador Illa presidente izendatuz.

ERC Esquerra Republicanaren eta Comuns Sumarren babesa izan du Illak, eta, hala, 68 aldeko boto eskuratu ditu. Beste alderdi denek ezezko botoa eman diote hautagai sozialistari; hau da, 66 boto izan dira haren aurka. Aurretik jakina zen ondo bidean Illak beharrezkoak zituen botoak izango zituela, Comuns Sumarrekin eta ERCrekin akordioak sinatu baititu PSCk azken asteetan. Subiranistekin uztailaren 29an sinatutako akordioak zeresan handia eman du azken egunetan, ERC barruan denak ez baitzeuden ados.

Illaren inbestidura aurretik adostuta bazegoen ere, hautsak harrotu dira Kataluniako Parlamentuan. Izan ere, JxC Junts Per Catalunya alderdi subiranistak bitan eskatu dio parlamentuko presidente Josep Rulli inbestidura saioa eten zezala. PSE, ERC eta Comuns alderdiek, ordea, inbestidurak aurrera jarraitzearen alde egin dute bi aldietan, Parlamentuko Mahaian gehiengoa dutenez gero.

Saioa eteteko eskatu duten aurreneko aldian, argudiatu dute JxCko hautagai eta Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemont ezin zela han egon —buruzagi independentista lehen aldiz agertu da Bartzelonan, erbestean zazpi urte eman ostean—, eta, bigarrenean, berriz, Jordi Turull alderdiko buruzagiaren aurkako atxilotze agindu bat abian omen zela. Albert Batet Juntsen talde parlamentarioko presidenteak argudiatu du Turullen kontrako «atxilotze agindua inoiz ikusi gabeko» gertakaria dela, eta «normaltasun demokratikotik» kanpo dagoela. Gerora argitu da ez zela halako agindurik.

Batetentzat saioa «salbuespenezko egoera batean» egiten ari ziren, eta Puigdemonten «itzuleran» parte hartu duten erakunde eta herritarrei eskerrak emateko ere baliatu du adierazpena. Argudio horrek, baina, ez dit konbentzitu Mahaiko kideak, eta saioak aurrera jarraitu du. Bestalde, mossoen (Kataluniako Polizia) jarrera gaitzetsi du Batetek, eta egoera 2017ko urriaren 1ean bizi izandakoarekin alderatu; oraingoan, baina, ERC jo du erantzuletzat: «ERCk bere egin du sozialisten pentsatzeko modua, hau da, gatazka katalanen artekoa delako ideia, nahiz eta egiaz Espainiaren eta Kataluniaren artekoa izan». Errepublikanoei leporatu die Illari «alfonbra gorria» jarri izana.

Horiek horrela, botoa emateko orduan Puigdemonten izena esan dutenean, zenbait parlamentarik —JxCkoek eta beste alderdi batzuetakoek— txalo egin dute.

«Amnistia betearazi»

Illak hainbatetan hartu du hitza, hautagaia zenez gero eskubidea baitzuen beste talde parlamentariei erantzuteko, baina hitzaldi bat egin du saioa hastean. Ez dio erreferentziarik egin Puigdemonti, baina bai amnistia legeari. Hura «betearazteko konpromisoa» hartu du, hori baita, haren ustez, «politikarien, alderdi politikoen eta herritarren borondatea».

Halere, Illaren presidentetza ziurtatu duen alderdia, hau da, ERC presidente ohiaren inguruan mintzatu da. Alderdi subiranistako kide Josep Maria Jovek salatu du «zentzugabekeria demokratikoa» dela Puigdemontek aukerarik ez izatea parlamentuko bere eserlekuan egoteko: «Presidentea etxera itzuli da, parlamentuko atarian ikusi ahal izan dugu, eta orain hemen beharko luke. Baina [Espainiako] Gorenak uko egin dio ustelkeriaz akusatuta daudenei amnistia ezartzeari».

JxCk leporatutakoari erantzunda, Jovek adierazi du gaur presidente independentista baten alde bozkatuko ez duten arren boz horiek ez direla «bidearen amaiera»: «Independentzia lortzeko lanean jarraituko dugu». Are gehiago, Illari gogoratu dio haien babesa ez dela «baldintzarik gabekoa»: «Ekintzen bitartez erakutsi beharko duzue adostutakoa betetzen ari zaretela, ez soilik hitzen bitartez». Beraz, oposiziotik lan egingo dutela nabarmendu du.

Comuns Sumarrek, bestalde, eskua luzatu dio Illari aurrerantzean elkarlanean aritzeko. Jessica Albiach talde parlamentario horretako bozeramaileak azpimarratu duenez, «katalanen egunerokoa hobetzeko» jardungo dute: «Baliteke PSCren eta Comuns Sumarren arteko akordio hau mugarria izatea Kataluniarentzat». Illak begi onez ikusi du proposamena. Are gehiago, adierazi du orain hasi berri duten bidaiak «irautea» nahi duela.

Finantzaketa berezia

Bi alderdiek egindako aurreakordioan zehaztutako puntuen artean, ekonomiari lotutakoak eragin du harrabotsik handiena, hau da, Kataluniarako finantzaketa berezia ezartzeari dagokionak. Jove horretaz ere mintzatu da, eta zenbait xehetasun eman ditu.

Jovek adierazi duenez, adostu dute Bartzelona izango dela Katalunian ordaintzen diren zerga guztiak «kudeatu, bildu, ordaindu eta ikuskatuko» dituena, eta arauak egiteko gaitasuna izango duela. Esan du 2025ean pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga Kataluniatik kudeatuko dela erabat.

«Ez da erraza izango, baina saiatzea merezi du». Horrela erantzun dio Illak Joveri. Azpimarratu duenez, zailtasunak «badaude eta etor daitezke», baina Kataluniaren alde egindako ahalegina eskertu die. «Nik neuk ahal dudan guztia egingo dut ondo atera dadin», esan dio Joveri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.