NBE Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak ebatzi du Espainiak urratu egin zituela Kataluniako Generalitateko eta parlamentuko kideen eskubide politikoak 2017ko erreferendumarekin lotuta kargugabetu zituenean, auzitegien epaia jaso aurretik. 2018an jarri zuten salaketa Oriol Junqueras presidenteorde ohiak eta Raul Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari izandakoek, argudiatuta zigortuak izan aurretik kargugabetu izanak urratu egin zuela (Giza Eskubideen Ituneko) Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 25. artikulua. Puntu horrek jasotzen duenez, herritar oro izan daiteke hautatua kargu publiko baterako. NBEren epaiak arrazoi eman die buruzagi independentistei, eta nabarmendu du matxinada delitua egotzita kargugabetu zituztela salatzaileak, nahiz eta manifestariei eskatu zieten modu baketsuan egiteko protestak, eta azkenean sedizioagatik zigortu zituzten —matxinadaren kasuan ez bezala, sedizioa ez da indarkeriarekin lotzen—.
Generalitateko presidenteordea eta hiru kontseilari ohiak 2018ko uztailean kendu zituzten kargutik, Epaiketa Kriminalaren Legea baliatuta. Lege horrek aukera ematen du funtzionario publikoak kargugabetzeko, betiere matxinadaz akusatuak badira, baina ez sedizioaren kasuan.
«Eskubide politikoen murrizketen aurkako babes neurriak ahalik eta zorrotzen baliatu behar dira murrizketa horiek zigor baten aurretik gertatzen badira», azaldu du Helene Trigoudiak, epaia idatzi duen NBEren batzordeko hemezortzi kideetako batek. Haren esanetan, hautetsiak kargutik kentzeko erabakiak oinarri hartu behar ditu «eskubide murrizketen arrazoiak argi jasoko dituzten legeak», eta halakorik ebatzi aurretik kasu bakoitza aztertu behar da.
Batzordeak ondorioztatu du buruzagi independentistak kargugabetzeko erabakia ez zela hartu «modu arrazoituan eta objektiboki», eta, beraz, orain Espainiari dagokiola eskubide urraketak jasan dituztenei «erabateko erreparazioa» ematea. Aldi berean, epaiak Espainiari 180 eguneko epea ematen dio ebazpenean jasotako aholkuak bete dituen frogak batzordeari bidaltzeko, eta eskatzen dio zabal dezala NBEren Giza Eskubideen Batzordearen txostena. Batzordearen erabakiak ez dira lotesleak, nahiz eta Giza Eskubideen Itunaren sinatzaileek aintzat hartu behar dituzten.
«Politika errepresiboak»
Giza Eskubideen Batzordearen epaiak «arrazoia» ematen diela nabarmendu du Junquerasek sare sozialetan, eta berretsi du gatazka amaitzeko «irtenbide bakarra» dela «errepresaliatu guztiei» amnistia ematea.
ERC Esquerra Republicana de Catalunyak eta JxC Junts Per Catalunyak ere txalotu egin dute ebazpena, eta nabarmendu haren ostean Espainiak «politika errepresiboak» amaitu behar dituela, eta ezin duela «zuzenbidea eta Zigor Kodea baliatzen segitu autodeterminazio eskubidearen aldarrikapen baketsuari aurre egiteko».
Generalitatearen buru diren bi alderdiek komunikatu bateratu bat plazaratu dute, eta salatu Espainiako justizia sistema «politizatuta» dagoela, nazioarteak behin eta berriz hura erreformatzeko eskatu arren: «Zuzenbide estatuaren okerreko erabilerak urratu egiten ditu oinarrizko giza eskubideak, eta azpikoz gora jartzen ditu demokraziaren oinarriak».
Generalitateko presidente ohi eta JxCko buru Carles Puigdemontek, berriz, salatu du «eskubide politikoak urratzen dituztenek» ez luketela «demokrazia leziorik» eman behar, eta erantzukizunak beren gain hartu beharko lituzketela. Twitter sare sozialean plazaratutako idatzi batean, hauxe esan du buruzagi independentistak: «Beste zaplazteko bat eman diote Espainiari aurpegian gure ordezkarien eskubide politikoak urratzeagatik».
Garaipen politiko eta moraltzat jo zuen erabakia Generalitateko Presidentetzarako kontseilari Laura Vilagrak. «Amnistiarekin eta errepresioaren amaierarekin soilik bukatuko da gatazka politikoa», aldarrikatu du.
Giza Eskubideen Batzordearen erabakiak salaketa jarri zuten lau buruzagi independentistei baizik ez die eragiten. Salaketa 2018ko abenduaren 18an jarri zuten Junquerasek, Rullek, Turullek eta Romevak. Lau buruzagi independentistak 2017ko azaroan atxilotu zituzten, urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta eta matxinada egotzita. Urte bereko abenduan egin ziren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan, ordea, diputatu hautatu zituzten, baina 2018ko uztailean, instrukzio epailearen aginduz, eta inolako epairik egon gabe, inhabilitatu egin zituzten kargu publikorako.
Kataluniako politikarien eskubideak urratu direla ondorioztatu du NBEk
NBEren Giza Eskubideen Batzordeak 180 eguneko epea eman dio Espainiari ebazpenean jasotako aholkuak bete ditzan. Junquerasek, Romevak, Turullek eta Rullek jarri zuten salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu