KATALUNIA

Kataluniako politika «irauli» nahian

Clara Ponsatik eta Jordi Grauperak sortutako Alhora alderdiak bozetan parte hartuko du maiatzaren 12an. Epe luzerako proiektua dela nabarmendu dute, eta independentzia du helburu.

(ID_13755610) (/EZEZAGUNA) Clara Ponsatí i Jordi Graupera a la presentació del seu partit Alhora   15.03
Clara Ponsati eta Jordi Graupera, Alhoraren agerraldi batean. ALBERT SALAME / VILAWEB
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Eremu independentista ordezkatzen duten hiru alderdiek, ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts Per Catalunyak eta CUPek, uko egin diote Kataluniako «gehiengo independentista» ordezkatzeari. Hori iruditzen zaio Jordi Grauperari. «Katalunia Espainiako Estatutik askatzeko nahia desagertu egin da. Haien diskurtsoak aldatu egin dira, eta gaur egun bozkatzaile ohi gehiago dituzte bozkatzaileak baino». Horiek horrela, Kataluniako politika «iraultzeko» asmoz sortu du Alhora alderdia, Clara Ponsatirekin batera. Grauperak telefonoz adierazi duenez, Katalunian «bozkatzeko modukoa» izango den aukera bat nahi duten herritarrak «bildu» nahi dituzte. «Gaur egun ez da existitzen». Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztuko dira datorren maiatzaren 12an, horretarako beharrezkoak diren sinadurak bildu ondoren.

Luzerako proiektu bat da Alhora —aldi berean edo batera esan nahi du euskaraz—, eta, bozetako emaitzak gorabehera, aurrera jarraitzekoak dira. «Politikari hauekin ezin da independentzia egin; hori mundu guztiak daki Katalunian». Grauperak esan du, ordea, «beste batzuekin» posible dela. Filosofian doktorea eta kazetaria da, eta ANC Biltzar Nazional Katalanak hauspotutako zerrendaren Bartzelonarako alkategaia izan zen 2019ko udal hauteskundeetan, Barcelona es Capital markapean —ez zuten ordezkaritzarik lortu—. Generalitateko kontseilaria izan zen Ponsati hiru hilabetez. 2017ko urrian erbesteratu egin zen, eta JxCren europarlamentaria da 2020tik; hori bai, alderdi hori gogor kritikatu du, PSOErekin akordioak egiteagatik.

Grauperaren esanetan, «egitate bat» da «engainu baten historia» dela «prozesua deitutakoaren oraintsuko historia». Iruditzen zaio eremu independentista ordezkatzen duten hiru alderdiek «zin egin» zietela herritarrei independentzia lortzeko prest zeudela, baina ez zeudela hala. «Zin egin zioten Kataluniako herriari gauza oso sekretu eta oso inportante batzuk zituztela prest, zeinak erabakigarriak izango ziren herriak aurpegia ematen bazuen, eta ez zuten ezer prestatuta, haiek beraiek onartu bezala».

«Kataluniaren independentzia ordena publikoko arazo bat da. Hor sartzen da jokoan gaitasun politikoa».

 JORDI GRAUPERAAlhora alderdiaren sortzailea

Alhorak apirilaren 23an izango du bere «momentum-a», Bartzelonako antzoki batean egingo duen ekitaldian— 12 euro balio du sarrerak—. Bere webgunean Zer egingo dugu? izeneko atal bat du, eta sei proposamen jasotzen ditu, bakoitza hiruzpalau lerrotan esplikatuta. Proposamenetako bat da Independentziaren aldeko matxinada egitea. «Errealitatea da independentzia bat eginez egiten dela», azaldu du. Horretarako «hiru elementu» hartu behar dira kontuan, Grauperaren arabera. Batetik, «promesa betetzeko» prest dagoen lidergo politikoa behar da: «lidergoa da erantzukizuna hartzea eta arriskatzea». Bestetik, «herri elementua» dago. «Herritarren mobilizazio bat beharko litzateke: aurrena demokratikoa, eta gero matxinada bat kalean. 150.000-200.00 pertsona, matxinadaren aurrealdea esan dezagun, instituzioak modu fisikoan defendatzeko prest». Generalitatearen CEO Iritziak Ikertzeko Zentroak martxoan kaleratu zuen aurtengo lehen barometroa, eta horretan jaso dute herritarren %42 daudela independentziaren alde eta %9k aldebakarreko prozesu bat nahi dutela.

«Kudeaketa» da hirugarren kontzeptua. «Kataluniaren independentzia ordena publikoko arazo bat da. Hor sartzen da jokoan gaitasun politikoa, erakusterakoan Generalitatea, Kataluniako Parlamentua, gai direla ordena publikoari eusteko». Bide batez, «subiranotasunaren jokoa» aipatu du. «Gauza bazara hitzezko aldarrikapen horri eusteko, orduan mundu guztia eseriko da negoziatzera». Gainera, «guztiz» ukatzen du Euskal Herriaren eta Kataluniaren autodeterminazioak «arazo militar bat izatea».

«Bihotza hautsia»

Inkestek diotenez, subiranismoak gehiengo osoa gal dezake Kataluniako Parlamentuan. Alhoraz gain, eskuin muturreko Front Nacional de Catalunyak eta Aliança Catalanak ere aurkezteko asmoa dute, eta sinadurak biltzen ari dira. Ez dirudi botoaren atomizazioak independentismoari mesede egingo dionik. «Ez gara gu izan botoa banatu dutenak, prozesuko alderdiak baizik: bi milioi boto zituzten [2017an], eta orain bozkatzaile ohi gehiago dituzte bozkatzaileak baino», argitu nahi izan du Grauperak. 2023ko Espainiako Gorteetarako bozetan 960.000 bat boto bildu zituzten ERCren, JxCren eta CUPen artean.

Horrekin lotuta, beste ideia bat ekarri du hizpidera: «Bada ideia bat, eta zera dio: gu eta beste batzuk aurkezten ez bagara, jende gehiagok bozkatuko ditu betiko alderdiak. Ideia horrek xantaia bat du oinarrian; hau da, jendeak nahiago izango zituen aukerak existituko ez balira, jendeak konformatu beharko luke nahi ez zituenekin. Alegia: 'Behartuko ditugu nahi ez duten zerbait bozkatzera, besteek gobernatzeko beldurragatik'. Beraz, guk ez dugu botoa banatzen, baizik eta hauteskunde eremura ekartzen dugu besteek egiten ez dutena egiteko boto aukera bat». Hori esanda, Pere Aragones Generalitateko presidentea kritikatu du, pentsatzen baitu bozak aurreratu zituela aukera berriak egotea eragozteko, «jakinik abstentzioaren aldekoak bor-bor zebiltzala».

Kalean sinadurak biltzen aritu direnean, «bihotza hautsia» duen jende bat ikusi du Alhoraren sortzaileak. «Konfiantza izan zuen alderdi horiengan, eta orain ez du gauza bera egin nahi, irrigarri sentitzen delako pentsatuz gauza handi bat gerta zitekeela». Grauperarentzat, haien egitekoa da herritar horiei sinetsaraztea «maitemindu daitezkeela ideia batez eta hori gauzatzeko aukeraz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.