Kataluniako Parlamentuak izoztu egin ditu, oraingoz, deskonexioaren hiru legeak

Oposizioak txosten juridiko bat eskatu du; argudiatu du lege horiek kontra egin diezaioketela Auzitegi Konstituzionalaren azken ebazpenari

Jone Amonarriz
2016ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Kataluniako Errepublikaren oinarriak arautzeko tramiteek lehen galbahea igaro dute, baina geldirik egongo dira denbora batean. Junts Pel Sik eta CUPek itxaron egin beharko dute euren proiektuarekin jarraitzeko. Izan ere, gainerako talde politikoek lege horien inguruko ikerketa txosten bat eskatu dute. Atzo onartu zuten oposizioaren eskaria Kataluniako Parlamentuko bozeramaileen batzordean eta ganberako zerbitzu juridikoek hartuko dute ikerketaren ardura.

Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko adierazpena bertan behera utzi zuela eta, orain parlamentuak sententzia hori urratuko ote lukeen jakin nahi duela dio oposizioak. Dena den, bi talde independentistek espero dute haien proiektuak aurrera egingo duela, azterketaren datuen berri izan ostean, hiru legeak martxan jartzen hasiko dira: iragankortasun juridikoari buruzkoa bata, Kataluniako ogasunaren ingurukoa bestea eta gizarte segurantzari dagokiona hirugarrena.

Munduan ahots propioa

Junts Pel Siren eta CUPen asmoa da Kataluniako Parlamentuan batzorde txostengilea eratzea hiru legeak idazteko, baina Ciudadans, PSC, PP eta Catalunya Si Que Es Pot alderdiek iragarri duteez dutela parte hartuko. Argudiatu dute batzorde bat eratzekotan talde parlamentario guztiek adostuta egin beharko litzatekeela, eta, gero, parte hartzera gonbidatu. Hala, proiektu bat edo legeen proposamen bat egiteko eskatu dio Kataluniako Gobernuari.

«Hautetsontzietatik sortutako mandatu demokratiko bat daukagu esku artean», esan du Marta Rovira Junts Pel Siko bozeramaileak, desobedientziaren inguruko akusazioei erantzunez. «Gobernuak eta konstituzionalak ez dakite nola inpugnatu legezkoak izan diren bozak. Arazoa bide juridikotik konpondu nahi dute», gaineratu du Anna Gabriel CUPeko bozeramaileak. Esan du azaroaren 9ko adierazpenetik «haratago» doazela hiru legeak.

Lehentasunen artean Kataluniak «munduan ahots propioa» izatea dagoela adierazi du Atzerri sailburu Raul Romevak, «bitartekaririk gabe». Eta, 2016ko aurrekontuez, Nues Munte gobernuko bozeramaileak esan du egonkortasun hitzarmena CUPekin duela eta ez alderdiaren korronteekin, Endavant aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.