KATALUNIA

Kataluniako hauteskundeak maiatzaren 12ra aurreratu ditu Aragonesek

Generalitateko presidenteak erabakia hartu du, parlamentuak ERCren eta PSCren aurrekontu proposamena atzera bota ondoren. Kontra bozkatu dutenei «arduragabe» jokatzea eta «interes alderdikoiak» lehenestea egotzi die.

Pere Aragones, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE
Pere Aragones Generalitateko presidentea, gaur, hauteskundeak iragartzeko agerraldia egiteko pronto. EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 13a
15:45
Entzun

Kataluniako Parlamentuak atzera bota du, gaur, ERC Esquerra Republicanak eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak 2024rako adostutako aurrekontu proposamena, eta, Pere Aragones Generalitateko presidenteak erreakzionatu du beranduenez 2025ko otsailean egin beharko ziren hauteskundeak datorren maiatzaren 12ra aurreratuz. Katalunian inoiz «baliabide gehien» proposatu dituen aurrekontuen aurka bozkatu dutenei «arduragabe» jokatzea eta «interes alderdikoei» begiratzea egotzi die, gobernuko kontseilariekin bildu ondoren Palau jauregian irakurritako adierazpen batean.

Espero bezala, JxC Junts Per Catalunyak, Voxek, CUPek, Ciutadansek eta PPC Kataluniako Alderdi Popularrak bozkatu dute aurrekontuen kontra, eta En Comu Podemek ere gauza bera egin du, ez baitago ados horietako diru sail bat Tarragonan eraiki asmo duten megaproiektu turistiko batera bideratzearekin. Gehiengo osoa lortzeko 68 boto behar dira Kataluniako Parlamentuan, eta 67 parlamentarik egin dute aurrekontuen alde: PSCkoek (33), ERCkoek (33) eta Cristina Casolek, zeina talderik gabe baitago JxCtik kanporatua izan ondoren. 2022ko urrian JxCk gobernua utzi zuenetik —aurreko hauteskundeak 2021eko otsailean egin zituzten— askoz ere nabarmenagoa izan da Kataluniako Gobernuaren ahultasuna, eta, gutxiengoan egonik, aurrekontuen negoziazioetan zein bozketan agerian geratu da hori.

Kontuan hartuta iaz ere aurrekontuak babestu zituztela, Aragonesek ia baztertuta zeukan Comukoek ezetza ematea. Horregatik, beti agertu izan du legegintzaldia bukatzeko asmoa, Madrilgo jardunak eragindako higadura eta JxCrekin duen lehia betierekoa gorabehera. Baina gaur gertatutakoaren ondoren, iritziz aldatu du. 1975ean Francoren diktadura bukatu zenetik Kataluniako Parlamentuak atzera bota duen bigarren aurrekontu proposamena da aurtengoa. 2016an ere gauza bera egin zuen ganberak, eta, orduan, erreferendumerako deitzeko hilabete bakar batzuen faltan, 2015ekoak luzatu zituzten.

PSCren lider Salvador Illak ez du gaizki hartu bozak aurreratzea. «Katalanek zenbat eta lehenago bozkatu, orduan eta hobeto», adierazi du agerraldi batean. «PSC prest dago, baita ni ere». Gehitu du, bide batez, Kataluniak ez duela «hautagai bat» behar, «presidente bat baizik». Hain zuzen, En Comu Podemekoek egotzi diote ERCri amore eman duela PSCren aurrean. Hori azpimarratu du gaur parlamentuan, aurrekontuei buruzko eztabaidan, Jessica Albiachek, ganbera horretan Comukoen buru denak. Esan du aurrekontuak onartu nahi zituztela baina ez zeudela «txeke zuri bat» emateko prest. Aurpegiratu die errepublikanoei PSCri «mugarik» ez jartzea, eta nabarmendu du megaproiektuaren —kasino handi bat— helburua dela «Katalunia Macao bihurtzea, Mediterraneoko Las Vegas izatea».

7

Katalunian aurreratutako hauteskundeak. 1975ean Francoren diktadura bukatu zenetik ia mende erdi igaro den honetan, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak zazpi aldiz aurreratuta dituzte: 1995ean, 2006an, 2012an, 2015ean, 2017an —155. artikuluaren pean zegoen—, 2021ean eta aurten.

Ikusita Comukoak ere kontra bozkatzekoak zirela, «gutxieneko abertzaletasunagatik» bozak aurreratzeko eskatu du JxCk osoko bilkuran, Albert Batet alderdi horren talde parlamentarioko presidentearen ahotik. Eta Aragonesek iragarpena egin ondoren Jordu Turull idazkari nagusia atera da hedabideen aurrera, eta egotzi dio Aragonesi «sektarismoagatik eta hauteskunde kalkulu bategatik» aurreratzea. Turullen esanetan, aurreikusita zegoen «porrot baten egiatazpena» da aurrerapena, eta gaineratu du Generalitateko presidentea «ohartarazita» zegoela. Iradoki du, gainera, ez dutela baztertzen Carles Puigdemont alderdiko liderra, 2017tik Belgikan erbesteratua dagoena, izatea hautagaia. «Gogoan dugun hautagaia Katalunian egon daiteke inbestidura egunerako». Izan ere, Amnistia Legea onartua izanez gero, JxCkoek esan dute Puigdemontek uztailean itzuli ahal izango lukeela Kataluniara.

Eragina Madrilen

Eta Espainiako Gobernuaren egonkortasunari ere eragin diezaioke Katalunian gertatutakoak. ERCk pentsatzen zuen En Comu Podemek ere, Moncloaren eraginaren bidez, aurrekontuak onartuko zituela azkenean, iaz egin bezala, aintzat hartuta, gainera, errepublikanoen asmoa dela, printzipioz behintzat, PSOEk eta Sumarrek —horren parte da En Comu Podem— osatutako koalizio gobernua negoziatzen ari den aurrekontu proposamena onartzea.

Horren harira, joan den igandean Aragonesi egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen Espainiako El País egunkariak, eta horretan galdetzen zioten Generalitateko presidenteari ea arriskuan egongo ote liratekeen Espainiako aurrekontuak, Kataluniakoak atzera botaz gero. Erantzun zuen alderdi aurrerakoi guztiek Kataluniako aurrekontuen alde bozkatu beharko luketela, «arduragabekeria ekintza bat» litzatekeela horiek ez onartzea, eta horrek eragingo lukeela testuinguru «askoz ere zailago bat».

Testuinguru horretan, PSOEk, ERCk eta JxC adostu eta Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak onartutako amnistiari buruzko legea bozkatzekoak dira, bihar, Espainiako Kongresuan. Ezustekorik ezean, behe ganberak aurrera eramango du, nahiz eta urtarril amaieran ere hori ematen zuen, eta, azkenean, JxCk kontra bozkatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.