Buch eta Puigdemonten bizkartzain ohia dira Kataluniako lehen amnistiatuak

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren arabera, diru publikoa bidegabe erabiltzearen kondena indargabetu behar zaie, delitua lotuta dagoelako Amnistia Legeak jasotzen dituen gertaerekin eta ez zelako haiek aberasteko izan.

Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilari ohia, Bartzelonako Auzitegira sartzen, iazko ekainean. MARTA PEREZ / EFE
Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilari ohia, Bartzelonako Auzitegira sartzen, iazko ekainean. MARTA PEREZ / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 25a
20:09
Entzun

Kataluniako prozesu independentistaren lehen bi amnistiatuak zein diren jakinarazi dute gaur, Espainiako Gorteek onartu zuten Amnistia Legea ezartzen hasi den egunean: Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari ohia eta Lluis Escola Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren bizkartzain izandakoa errugabetu ditu Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Biei ezarri zieten lau urte eta erdiko kartzela zigorra. Buch diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazioagatik kondenatu zuen Bartzelonako Auzitegiak, Barne Sailaren bidez Escola kontratatzeagatik, Puigdemonten bizkartzain jardun zezan, Belgikan.

Egotzi zitzaizkien ardura penal eta zibiletatik libre utzi ditu auzitegiak. Diru publikoa erabiltzearen delituari Amnistia Legea ezartzeak eztabaida piztu du Espainiako justiziaren zenbait sektoretan. Kataluniako Auzitegi Nagusiak ebatzi du delitu hori ezin dela utzi Amnistia Legearen eraginetik kanpo, «betiere neurri horretan jasotzen diren gertakari orokorrekin lotuta badago eta aberaste pertsonalik izan ez bada». Auzitegiaren esanetan, baldintza horiek betetzen ditu Buchek, eta, beraz, diru publikoa erabiltzeagatik ezarritako zigorretik libratzea dagokio.

Bizkartzainaren kasuan ere Amnistia Legea ezar daitekeen ere aztertu du auzitegiak, diru publikoa jaso zuelako Puigdemontentzat bizkartzain gisa aritzeagatik, eta horrek galdetzera eraman du norbanako aberaste bat izan ote zen. Auzitegiak ondorioztatu du Escolaren kasuan ere Aministia Legea ezartzea dela egoki, Buchi egotzitako delituarekin lotuta dagoelako.

Hiru manifestari

Auzitegi berak hiru manifestari ere amnistiatu ditu, zeinei autoritatearen kontrako atentatuagatik hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri baitzieten. 2020an Bartzelonan urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenaren harira izan ziren liskar batzuetan Poliziari harriak jaurtitzea egotzi zieten. Hirurei indargabetu die ezarri zitzaien ardura penala, baina ardura zibila mantendu dio hiruretako bati, eta 76.500 euro ordaindu beharko dizkio, kondenaren arabera, zauritu zuen polizia bati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.