Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez eta Frantziako estatuburu Emmanuel Macron Bartzelonan batzartu ziren atzo, bi herrialdeen arteko lehen adiskidetasun hitzarmena sinatzeko eta, gisa horretara, Moncloak eta Eliseoak gaur egun duten harremana sendotzeko. Kataluniako Arte Museo Nazionalean egin zuten goi bilera, eta, handik gertu, Montjuiceko Iturri Magikoan, milaka independentistak batzar horren aurkako protesta egin zuten, Hemen ez da ezer amaitu! lelopean. Mobilizazioan izan ziren, besteak beste, JxC Junts Per Catalunyako buru Laura Borras eta ERC Esquerra Republicanako presidente Oriol Junqueras. Azken horrek txistu artean utzi behar izan zuen manifestazioa; hain justu, Generalitateko presidente Pere Aragonesek goi bilera horretan parte hartu zuen, eta manifestari batzuek ERCren «kontraesanak» kritikatu zituzten. Madrili eta Parisi begira, independentismoaren «oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoan» bi estatu horiek duten jarrera salatu zuten protestariek.
ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek eta Errepublikaren Kontseiluak deituta, 30.000 bat lagun bildu ziren Bartzelonan —udaltzainen arabera, 6.500 inguru—, bi estatuen kontrako jarrera agerian uzteko. «Espainiak eta Frantziak ez dute inolako asmorik Kataluniako gatazka politikoa modu demokratikoan gainditzeko», adierazi zuten antolatzaileek manifestuan.
Toni Castella Errepublikaren Kontseiluko kideak esan zuenez, independentismoak «historia» egin zuen atzo, Espainiako eta Frantziako gobernuen arteko goi bilerari erantzuteko manifestazioan. «Pedro Sanchez barregarri geratu da. Prozesu subiranista ez da amaitu», nabarmendu zuen.
Xavier Antich Omnium Culturaleko presidenteak, berriz, adierazi zuen Katalunian ez dagoela «normaltasun demokratikorik». Antichentzat, prozesu subiranistak «bizirik» jarraitzen du: «Errealitatea tematia da. Ez dago anomalia demokratikoa konpon dezakeen irtenbide pertsonalik. Amnistiak eta autodeterminazioak bakarrik konponduko dute gatazka». Eta Sanchezi ohartarazpen hau egin zion: «[Erreferenduma] Berriro egiteko prestatzen ari gara».
Dolors Feliu ANCko presidentearen ustez, Kataluniak bere etorkizuna erabaki nahi du, baita Espainiaren eta Frantziaren arteko goi bileran jorratu zituzten politika guztiak ere. ERCri kritika egiteko ere tartea izan zuen Feliuk, alderdi errepublikanoaren «kontraesan handiengatik».
Hain zuzen, Junqueras 08:30 aldera bertaratu zen Montjuiceko Iturri Magikora, eta esan zuen errepublikanoek «argi» utzi nahi diotela Sanchezi independentismoa «bizirik» dagoela, eta gatazka ez dela amaitu. Horiek horrela, ERC manifestazioan egotearen alde egin zuen, baita Generalitateko presidentea goi bilera horretan izatearen alde ere. «Kataluniaren eskubideak defendatuko ditugu, barruan eta kanpoan».
Borrasek, berriz, «probokaziotzat» jo zuen Espainiaren eta Frantziaren arteko goi bilera, eta Sanchezi mintzatu zitzaion: «Ez dugu desjudizializaziorik eta umiliazio publikorik nahi, independentzia baizik». Mobilizazio bateratua izatea ere txalotu zuen JxCko presidenteak, ERCri aipamena eginez, eta errepublikanoak Diadako manifestazio nagusian egon ez zirela gogoratuz: «Ongi etorria izan dadila zuzenketa».
«Puigdemont presidente»
Zenbait manifestarik ez zuten begi onez hartu ERCk goi bileraren aurkako manifestazioan parte hartu izana eta bitartean Aragonesek Sanchezi eta Macroni harrera egin izana. Hori dela eta, Junquerasi txistu egin zioten, eta «Puigdemont presidente» oihukatu. ERCko buruak gisa horretara utzi zuen manifestazioa.
Gertakari horren harira, CUPeko diputatu Carles Riera ez zen bat etorri manifestari batzuek Junquerasen aurka izandako jarrerarekin. Hori bai, Catalunya Radiori egindako adierazpenetan, oso kritikoa izan zen ERCk gaur egun duen politikarekin, bai prozesu subiranistari dagokionez, bai atzoko goi bilerari zegokionez. Rierak «etsaiz ez nahasteko» deia egin zien errepublikanoei.
Eta Kataluniako Arte Museo Nazionalean, manifestariek aldarrikatu zuten mezu bera helarazi zion Kataluniako presidenteak Espainiakoari. Generalitateko iturrien arabera, Aragonesek Sanchezi gogorarazi zizkion aurrez gutun bidez igorritako 11 eskaerak, gatazka politikoan «mugaz gaindiko urratsak egiteko».
Bestalde, Generalitateko presidenteak Macroni esan zion Kataluniak «Europako bazkide» izan nahi duela. Haren ustez, «ezinbestekoa» zen atzoko topaketa «baliagarria» izatea, besteak beste, Europako erakundeetan katalana erabiltzeko, Pirinioak-Mediterraneoa euroeskualdea indartzeko eta Mediterraneoko korridorea osatzeko. «Lurraldea ondoen ezagutzen duen erakundea gara», nabarmendu zuen. Amaitzeko, Aragonesek «errespetua» adierazi zion goi bileraren aurkako mobilizazioari.
Kataluniako independentismoak bere «eskubideen urraketa» salatu du
Madrilek eta Parisek gatazkaren konponbidean duten jarrera kritikatu dute 30.000 lagunek, Bartzelonan egindako protestan. Sanchezek eta Macronek adiskidetasun hitzarmena sinatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu