Kataluniako Gobernuak ez du aintzat hartuko Auzitegi Konstituzionala

Generalitateak parlamentuak eta herritarrek erabakitakoa beteko du. Baiezkoak irabaziz gero, Puigdemont ez da berriz hautagai izango

Junqueras, Puigdemont eta Turull atzo gobernuaren bileraren ondoren. ANDREU DALMAU / EFE.
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Kataluniako Gobernuak «azken muturreraino» eramango ditu Kataluniako Parlamentuak erabakitakoen ondorioak, Jordi Turull Generalitateko bozeramaile eta Presidentetza sailburuaren esanetan. Izan ere, inork ez du zalantzan jartzen behin Erreferendum Legea onartzean Auzitegi Konstituzionalak horren aurka egingo duela, eta, edozein erabaki hartzen dutela ere, Generalitatea Kataluniako herriaren eta parlamentuaren esanetara dagoela nabarmendu zuen Turullek, atzo Generalitateak egindako bileraren ostean, «hori baita demokrazia». Bestalde, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Facebooken herritarrek egindako elkarrizketa batean jakinarazi du galdeketan baiezkoak irabaziz gero handik sei hilabetetara kargua utziko duela, eta ez dela hauteskunde konstituziogileetara aurkeztuko.

Orain arte, bi lege proposamen aurkeztu dituzte Junts Pel Si eta CUP taldeek: Erreferendum Legea eta Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea. Aurkeztu bakarrik, oraindik ez baitute ezta bat onartu ere. Kataluniako Parlamentuko Mahaiak hirugarren aukera izan zuen atzo egindako bilkuran bi legeak tramiterako onartzeko —abuztuaren 16an eta 22an ere izan zuen aukera— baina, beste behin, Carme Forcadell parlamentuko presidenteak ez zituen egungo gaietako zerrendan gehitu. Generalitateak onartu du legeen tramiteak atzeratzea haren «estrategia politikoa» dela, erreferendumaren inguruan Espainiarekin duen borrokari begira, horrekin Konstituzionalak baliogabetzeko denborarik ez izatea lortu nahi baitu. Hala eta guztiz ere, atzeratzeak CUPen kritikak eragin ditu. Antikapitalistek irailaren 11rako bi legeak onartuta nahi dituzte. Gai horren inguruan Turullek ez du ukatu legeak dekretu bidez onartzeko aukera, baina bide guztiak direla egingarriak adierazi zuen, Kataluniako Parlamentuaren 81.3 legea aipatuz —artikulu horrek aukera ematen die JPSi eta CUPi legeak osoko bilkuran onartzeko—.

PSOE Rajoyrekin bat

Margarita Robles PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak adierazi du urriaren 1ean hautetsontziak jartzea delitua bada, hautetsontziak kendu behar direla, eta Kataluniako egoerari «negargarri» deritzo. PSOE gero eta gertuago dago PPk Katalunian duen jarreratik. Hori azaleratzen du, behintzat, herenegun bi alderdietako buruek jarrera bateratu bat hartzea adostu izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.