Katalunia

Kataluniako Gobernuak ez dio utzi Guardia Zibilari Generalitatean sartzen

CDC alderdiaren legez kanpoko finantzaketa kasuko datuen bila doazela esanda, Generalitatera, parlamentura eta gobernuaren beste hainbat eraikinetara joan da Guardia Zibila. Jordi Turull kontseilariak ez die utzi Generalitatera sartzen, baina behar duten informazioa helarazi die.

Guardia zibilak, aurpegia estalita, Generalitatearen egoitzatik joan direnean. MARTA PEREZ, EFE
2017ko uztailaren 20a
07:26
Entzun

Datu informatikoak eskuratu nahi dituela dio Guardia Zibilak, eta Justizia Kontseilaritzan, Telekomunikazio Zentroan eta Generalitatearen Informazioaren Teknologien Zentroan da. Jordi Turull Presidentetzako kontseilariak ez die utzi Generalitatean sartzen, baina Kataluniako Auzitegi Gorenari jakinarazi dio eskatzen duen informazioa helaraziko diola. Beste egoitzetan bai, sartu dira.

CDCren legez kanpoko finantzaketa aztertzen ari diren auziaren barnean kokatu dute operazioa, eta, zehazki, Germa Gordo Justizia kontseilari ohiaren inguruko dokumentazioa eskuratu nahi dute. Kataluniako Auzitegi Gorenak eskatuta joan da Guardia Zibila egoitza horietara, dokumentazio zehatza eskatzera.

Berri agentzien arabera, 12:00ak baino lehenago atera dira parlamentutik, eta Gordoren posta elektronikoaren kopia bat eraman dute. Zortzi-bederatzi agente izan dira han, Jose Grinda korrupzioaren kontrako fiskalak lagunduta.

Auzi ugaritan korapilatuta

Urriaren 1ean egitekoak diren erreferendumarekin lotuta, auzi bat baino gehiago daude irekita Generalitateko kontseilarien kontra. Eta, era berean, erreferendumarekin inolako zerikusirik ez duen auzi hau dago: %3arena. Auzi horretan CDCk ustez diru laguntza batzuk gaizki erabilita egindako iruzurra ikertzen ari dira. Eta auzi hori baliatu dute Generalitatearenak diren egoitzetara jotzeko, nahiz eta ikertzen ari diren kontseilari ohia dagoeneko ez egon gobernuan. Germa Gordo kontseilari ohiaren datuak lortu nahi dituzte. Gaur egun, PDECateko diputatua da Gordo, eta astelehenerako dago deituta deklaratzera.

Carlos Ramos epaileak Gordok kontseilari zenean —2010 eta 2013 bitartean— erabiltzen zuen posta elektronikoa arakatzea nahi du, eta haren bileren agenda eskuratzea. Aurretik ere eskatu izan du agenda, baina Generalitateko idazkariak ez zion eman, desagertu egin zela eta ez dagoela argudiatuta.

Adjudikazio batzuk egitearen truke enpresaburuek CDCri komisioak ordaintzen zizkiotela uste du epaileak. Influentzia trafikoa, prebarikazioa eta diru publikoa gaizki erabiltzea egozten diote Gordori. %3aren auziaren barruan, aparteko zati bat ireki du epaileak Gordo ikertzeko, eta sekretupean jarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.