Espetxetik irten dira Kataluniako buruzagi independentista presoak, hirugarren graduak ematen dien baimena baliatuta. Atzo goizean goiz ireten ziren Lledonersko (Bartzelona) espetxetik Jordi Cuixart Omniumeko presidentea, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohia, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, eta bertan dauden beste lau kontseilari ohiak: Joaquim Forn, Raul Romeva, Jordi Turull eta Josep Rull. Baimen berarekin atera ziren ere Carme Forcadell parlamentuko presidente ohia Wad-Ras (Bartzelona) espetxetik, eta Dolors Bassa kontseilari ohia Puig les Bassestik (Girona).
Hirugarren graduarekin, asteburuak etxean igaro ahal izango dituzte buruzagiek, eta astelehenetan itzuli beharko dute espetxera. Halere, egunez ateratzeko baimena izango dute astean zehar, baina betiere, zortzi eta 11 ordu bitartean egin beharko dituzte presondegian.Kanpoan daudenean, orain arteko lanekin eta boluntariotzekin jarraitzeko aukera izango dute.
Espetxetik irteterakoan, buruzagiek bat egin zuten esanez hirugarren gradua ez dela «askatasuna», eta oraindik ere zigorra betetzen dihardutela. Izan ere, Bassak gogorarazi zuen hirugarren gradua «espetxe baimen bat» baino ez dela. Era berean, Cuixartek adierazi zuen gradua jaso izanak ez duela esanahi berezirik beretzat, euren nahia «jazarpena behin betiko amaitzea» delako.
Erabateko askatasuna ez izan arren, kalea zapaltzeko aukerak arindu du buruzagien zigorra. Junqueras pozik agertu zen ingurukoak ikusteko aukera izateaz, eta Turullek aitortu zuen aspalditik zuela egun hori gogoan: «Jende guztiari eskerrak emateko gogoa dut, indarra, kemena eta itxaropena eman dizkigutelako». Itxaropentsu baina zuhur agertu zen Turull aldi berean, oraindik ere fiskaltzak erabakiaren aurka jo baitezake: «Badakigu fiskaltza daukan guztiarekin joango dela».
Azken erabakiaren zain
Hiru espetxeetako tratamendu batzordeek presoei hirugarren gradua ezartzea proposatu zuten uztailaren 2an, eta Kataluniako Gobernuak ontzat eman du asteon proposamena. Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera izango du espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hura ere hirugarren graduaren alde agertuko balitz, bigarren instantzian helegitea aurkezteko modua izango luke Fiskaltzak. Orduan, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza.
Kataluniako buruzagi presoak espetxetik irten dira hirugarren graduan
Asteburuak etxean igaroko dituzte, eta astelehenetan espetxera itzuli beharko dute lotara. Adierazi dute baimena ez dela «askatasuna»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu