Kataluniako adierazpena gaur bertan baliogabetu nahi du Konstituzionalak

Ebazpen proposamena Andres Ollero magistratuak idatziko du.Atzo sartu zuten gai-zerrendan

Kazetariak, iragan azaroaren 11n, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. MARISCAL / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Abenduaren 20an egingo dira Espainiako Gorteetarako bozak, eta hauteskunde kanpaina ostegun honetatik ostiralerako gauerdian hasiko dute. Ordurako joko zelaia garbitu nahian edo, azken orduan, Auzitegi Konstituzionalakaste honetarako gai zerrendan sartu zuen atzo Kataluniako Parlamentuak onartu zuen haustura adierazpena. Junts Pel Siren eta CUPen botoekin azaroaren 9an onartutako ebazpen independentista, gaur bertan —beranduenez ere bihar— utzi nahi du baliorik gabe Konstituzionalak. Atzoko bilkuran erabakirik ez zuten hartu hamabi magistratuek.

Haustura adierazpenean jasotako edukiaren larritasunari eta hauteskunde kanpainaren hurbilari erreparatuta azkartu du Auzitegi Konstituzionalak prozesua. Atzo hasitako osoko bilkura bihar dute bukatzekoa, eta Francisco Perez de los Cobos presidenteak Auzitegi Konstituzionaleko beste 11 magistratuekin adostasun zabal bat jadanik lortua duela argitaratu dute Espainiako eta Kataluniako hainbat komunikabidek: adierazpen independentista hauteskunde kanpaina hasi aurretik baliogabetzeko erabakia hartua dute, eta behin betiko ebazpen argudiatu bat prestatzen ari dira.

Agintariei ohartarazpena

Kataluniako Parlamentuaren adierazpena azaroaren 11n baliogabetu zuen, behin-behinean eta aldi baterako, Konstituzionalak. Adierazpenaren edukietan sartu gabe, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideak, idazkaria eta Generalitateko jarduneko 21 arduradun ohartarazi zituen, gainera, auzitegiak: haren ebazpenak bete beharrekoak direla eta hori aintzat hartuko ez lukeenedozein erabakik zigor ondorioak eragin ditzakeela jakinarazi zien, besteak beste, Artur Mas Generalitateko presidenteari eta Carme Forcadell Parlamentuko buruari.

Andres Ollero magistratuak idatzi du ebazpen proposamena. PPko diputatu izana Granadatik eta Opus Deiko kide esanguratsua, Ollerok hainbat zirriborro prestatu dituela argitaratu du Ara egunkariak, guztiak oso gogorrak Auzitegi Konstituzionalari Katalunian zilegitasuna ukatzen dion haustura adierazpenarekin. JPSk eta CUPek onartutako adierazpena Estatu konstituzional eta demokratikoaren aurkako eraso bat dela argudiatu du Ollerok.

PPren gehiengo osoa baliatuta Espainiako Kongresuak onartuberria du Konstituzionalaren lege organikoaren erreforma. Araudi berriak eskumena ematen dio Auzitegi Konstituzionalari haren ebazpenak betetzen ez dituzten kargudunak zigortu eta kargutik kentzeko aldi batez. Kataluniako haustura adierazpena behin-behinean baliogabetzeko ebazpenean, magistratuek ez zuten horren aipamenik egin, Espainiako Gobernuak hala eskatu arren. Orain, ziurra da puntu hori ere jasoko dutela ebazpenean.

CUP, abenduaren 27an

Behin betiko baliogabetze batek desobedientziaren atarian jarriko lituzke Kataluniako Parlamentua eta jarduneko Generalitatea, gobernu berri bat osatzeko negoziazioek trabatuta jarraitzen duten unean. Neus Munte Generalitateko jarduneko presidenteordeak atzoko gobernu bileraren ostean adierazi zuen Auzitegi Konstituzionalak ez dituela aldaraziko Katalunian onartutako adierazpenaren «eragin politikoak», eta irailaren 27ko hauteskundeetatik jasotako «agindua» betetzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen.

CUPek, bestalde, abenduaren 27an egingo du Junts Pel Sirekin akordio bat adostu eta presidentetzaren korapiloa askatzeko batzarra, Sergie Saladie diputatuak aurreratu duenez. Akordio hori gauzatu arte, ordea, ez dute ofizialki batzarrera deituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.