maddi iztueta olano

Kasualitateak

2025eko otsailaren 25a
13:00
Entzun

Hiru urtean aurrenekoz Ukrainako gerrari buruzko ebazpen bat onartu du Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, eta botoen banaketak agerian utzi du lehendik ere begi bistan zegoena: AEBek eta Errusiak erabakiko dutela noiz eta zer baldintzatan amaituko den gerra, edo, hobeto esanda, gatazka. Hala zehazten du New Yorken onartutako testuak: Ukrainakoa bi herrialderen arteko gatazka bat da. Tokirik gabe geratu dira «inbasio» eta «eraso» hitzak.

Nekea, nagikeria eta ahaztura ekartzen dute bukaera argirik gabe korapilatzen diren gatazkek. Nazioarteak ikasi du lezioa: horra Palestina eta Kongoko Errepublika Demokratikoa; eta ez luke Ukraina gehitu nahi zerrenda horretan. Azkenean, AEBetako presidente Donald Trumpek jarri du aukera mahai gainean: nazioarteak ez du ezer egin behar, aski da hark hariak mugitzen dituen bitartean ez ikusi egitea. Tira, eta Europa eta Ukraina konbentzitzea, nahiz eta Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpenak dagoeneko erraztu duen horretarako bidea.

Nazio Batuen Erakundeak erabaki du ez aipatzea Errusiak Ukrainaren aurka hasitako erasoa, eta, aldi berean, ahots goraz adierazi du Europa hiru urteotan esatera atrebitu ez den hori: Ukrainakoa ez dela egun hartan hasi zen gatazka bat. Zintzilik geratu da, ordea, Ukrainaren «lurralde osotasunarekin» zer gertatuko den, eta Vladimir Putin Errusiako presidentea hutsune horretaz baliatu da: Mosku prest legoke AEBetako konpainiei bere «mineral arraroak» saltzeko, baita Ukrainan okupatutako lurraldeetan dauden horiek ere. Kasualitatea, ordurako Trumpek esana zuen Errusiarekin adostutako «transakzio ekonomiko handien» berri ematekoak zirela laster.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.