Barbara Balzerani. Brigada Gorrietako kide ohia

«Kartzela berezietan, basamortuaz inguratuta geunden»

Brigada Gorriak iraultza ezinezkoa dela irudikatzeko erabiltzen dituztela salatu du; XX. mendeko paradigma iraultzaileak porrot egin arren, ordea, badira eredugarri zaizkion borrokak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Barbara Balzerani (Colleferro, Italia, 1949), antza denez, eroso dabil bi denbora espaziotan. Brigada Gorrietako militante izateagatik, 21 urte eman zituen kartzelan, eta tristeziaz mintzo da langile mugimenduaren porrotaz. Aldi berean, baina, etorkizuneko iraultzez egin du gogoeta. Ez du bereizketarik egiten joandako iraganaren eta datorkion etorkizunaren artean, bere bizitzan klandestinitate armatuan egindako urteen eta etorkizunean libre egin ditzakeen urteen artean. Halaxe idatzi du Compañera luna liburuan, Txalaparta argitaletxekoek italieratik gaztelaniara ekarri dioten horretan. Donostian aurkeztu zuen herenegun; atzo, berriz, Iruñean: «Izugarrizko bakardadea sentitzen dut neure burua ezin ulerturik, polit edo itsusi, baina gertakari haiek guztiek bihurtu nautenaz bestela, zentzu komun bihozgabe batera ekartzeko modu ezinago gaitzean».

Noiz sartu zinen Brigada Gorrietan?

Mario Sossi epailea bahitu eta askatu ostean. Huraxe zen Italiako zapalkuntzaren ikurra, eta hark agindu zituen bizi guztiko zigorrik gehien. Sortu zirenean, batik bat fabriketan zeuden presente Brigada Gorriak, baina konturatu ziren Estatua hartu behar zutela jopuntuan, boterearen, kapitalaren erdigunea.

Nolakoa zen Italiako politika giroa?

1969an erabili zituzten bonbak, Milango Piazza Fontana-ko atentatuetan, eta, polizia bertsioaren arabera, anarkistak izan ziren. PCI Italiako Alderdi Komunistak sinetsi egin zuen teoria hori. Poliziak atxilotu egin zuen Giuseppe Pinelli anarkista, eta, polizia etxean zeukatela, hirugarren solairuko leiho batetik jaurti zuten. Biharamunean, kalera irten ginen, kontrainformazioa ematera, bai baikenekien gure kontra ari zela estatua.

Nola eragin zuen 1968ko maiatzak?

Ikasleen mugimenduak gauza oso onak ekarri zituen: sexu librea, musika… Baina, hor, funtsezko kontu bat gertatu zen: langileen seme-alabak goi mailako ikastetxeetan sartu ziren. Horrek aldatu egin zuen Italiako historia, ordura arte buruzagi izateko helburua zuen klase sozial hark zera deklaratu baitzuen: aurreran-tzean ez zuela pribilegiatu izan nahi.

Eta Txileko estatu kolpea?

Data giltzarria da. Brigada Gorriek urteetan ziharduten botereaz nola jabetu eztabaidatzen, eta horretarako armarik erabili beharko ote litzatekeen. Beraz, erabakigarria izan zen. Ez dizu inork oparituko. Argi zegoen armak hartu behar genituela: Allende modu demokratikoan aukeratu zuten, baina ez zen nahikoa izan, hutsegite izugarri bat egin zuelako [irribarre ironikoz dio] multinazional amerikarrak nazionalizatuta. Nola fidatuko zara hain ahula den demokrazia batez?

Hori ikusirik, zer jarrrera hartu zuen PCIk?

Orduan hasi zen erabat bereizten parlamentuz besteko ezkerretik. PCIk konpromiso historikoaren teoria sortu zuen, zeinaren arabera ezin baitzen gobernatu %51eko gehiengoarekin ere. Haien ustez, Demokrazia Kristauarekin aliatu beharra zegoen nahitaez.

Ez al zitzaien iruditu borroka armatuak are indartsuago egiten zuela Italiako Estatua, jendearen elkartasuna eta beldurra zirela bide?

Hamar urtetik gora iraun zuen gerrilla komunista bat egin genuen, kapitalismo aurreratuko herrialde batean. Horrek esan nahi du babes ezinago handia eman zigula gizarteak. XX. mendeko paradigma iraultzailearen porrota da hurrenez hurrengo gure porrota.

Orduan, berriro formulatu behar al da komunismoa?

Dagoeneko ez da herrialde sozialistarik inon. Orain arteko iraultzetan, estatuak beti egiteko berbera izan du, baldin eta hura gainditu behar bazen. Horrek are eta handiago egiten zituen betiere. Arrazoibide horiez gaindi, gaur egun, ezinago interesgarria da Rojava eskualdeko emakumeen diskurtsoa [Siriako eremu kurdua da]. Porrot ugari jasan ditu-gu, baina hau ez da amaitu oraindik.

Kartzelatik irten eta gero, nola gizarteratu zinen?

Gizartea mendekaria da, eta munstroaren irudi mitologikoaren pare itxuratu izan gaitu. Aldo Mororen kasua aipatzeko bakarrik aipatu ohi dira Brigada Gorriak. Aurreko gure historia guztia galdu da.

Italian, presoak gizarteratzeko eredu bat sortu zuten: metodo horretaz zer iritzi dute disoziatuek, justiziarekin kolaboratzen ez duten horiek?

Operazio zital bat izan zen, PCIren gogokoa. Oinarri bat du euskarri: truke bat, merkatu bat izango balitz bezala. Zigorrak txikitzea, borroka haren zioak funtsik gabekoak zirela deklaratzearen truke. Honela dago formulatua legean: «Deklaratzen dut ez dudala sekula gehiago indarkeriarik erabiliko politika forma gisa». Eta hori, ezer bada, gezur bat da, sekula ezin baituzu esan halakorik modu erabatekoan. Eta, marxista batentzat, errenditze erabatekoaren jarduera gorena da burgesiari itzultzea indarkeriaren monopolioa. Disoziatuak autokritikaren argi koroa bat du, eta, besteak beste, arrazoi horregatik da azaltzeko hain zaila talde armatuen historia. Zure historia kontatzeko, nola uko egin diezaiokezu hari?

Espainiako Estatuan Langraitz Bidea sortu dute ETAko presoentzat; hala ere, kartzelatutakoetatik, 30 bat presok bakarrik hartu du bidea 1.000 ingurutik.

Badago alde bat: ETAko presoek gizartearen babes handia dute. Izugarria izan zen Bilboko azkeneko manifestazioa. ETAko preso batek gizartearen babes handia du, haien auziak bizirik dirauelako oraindik. Gu, kartzela berezietan geundela, basamortuaz inguratuta geunden, han ez zegoen inor, bakar-bakarrik geunden.

Euskal Herrian, garrantzi politikoa handia du ETAk jardunean ziharduen urteetako egintzen kontakizunak. Italian, nola epaitzen dute Brigada Gorrien iragana?

Aspaldian amaitua da gure borrokaren historia, baina oraindik ere baliatu ohi dute gaur egungo mugimenduen kontra jarrarazteko. Oraintxe bertan, badira lau kamarada, abiadura handiko trenaren kontrako taldeetakoak, obra bat sabotatzeagatik akusatu dituztenak. Aldo Mororekin, Brigada Gorrikook bost minutuan erakutsi genuen erregea biluzik zegoela, gauzak aldatzeko gai ginela, baina gero galdu egin genuen. Hala, bada, txorimalo bihurtu dira Brigada Gorriak, eta iraultza egitea ezinezkoa dela ohartarazteko balio dute. 2001ean Genovan globalizazioaren kontrako manifestazioak egin zirenetik, ezinago gogorra da zapalkuntza.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.