Eskozia

Kargurik gabe aske utzi dute Sturgeon, bederatzi orduz atxilotuta egon ostean

SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak beste erreferendum bat bultzatzeko jaso zituen dohaintzen inguruko auziarekin lotuta atxilotu dute.

Sturgeon, 2019an. ROBERT PERRY, EFE
2023ko ekainaren 11
17:10
Entzun

Bederatzi orduz egon da atxilotuta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro eta SNP alderdiko buru izandakoa. Atzo goizean atxilotu zuten, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketarekin eta Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumeko kanpainarekin lotuta. Hasieran, Eskoziako Poliziak esan zuen 52 urteko emakume bat atxilotu zuela, eta, gero, BBC kateak baieztatu zuen Sturgeon zela atxilotua. Bederatzi orduren buruan, baina, aske utzi zuten, kargurik gabe.

Zehazki, atxiloketak zerikusia du alderdiak beste erreferendum bat bultzatzeko jasotako dohaintzekin. 761.000 euro inguru lirateke SNPk 2017 eta 2020 bitartean bigarren erreferendumerako jasotakoak. Daily Record egunkariaren arabera, alderdiak ez zizkion behar zenean deklaratu 450.000 euro Hauteskunde Batzordeari, baizik eta ondoren.

Sturgeonek martxoan utzi zion Eskoziako lehen ministro izateari; orduan utzi zuen SNPren lidergoa ere. Beti adierazi du dohaintzen inguruko susmoak faltsuak direla, eta alderdiaren gardentasuna defendatu du. Aske geratu ostean, ohar bat kaleratu du Sturgeonek bere sare sozialetan: «Inoiz ez nieke minik egingo SNPri eta herrialdeari». Haren arabera, errugabetasunarena «ez da presuntzio soila»; «zalantza izpirik gabe dakit errugabe naizela». Adierazi du egun bat edo pare bat hartuko duela gertatutako guztia «prozesatzeko», eta, ondoren, Eskoziako Parlamentura itzuliko dela.

Apirilean, Peter Murrell haren senarra atxilotu zuten, azken hauteskundeetan bere patrikatik alderdiari dirua eman ziolakoan. SNPk argudiatu du Murrellek emandako dirua dohaintza pertsonal bat izan zela, eta itzuli diotela. Murrell ere aske eta kargurik gabe utzi zuen Poliziak. Handik bi astera Colin Beattie SNPko diruzaina ere atxilotu, eta ondoren aske eta kargurik gabe utzi zuten hura ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.