Kargua hartu du De Wever Belgikako lehen ministro berriak

Migrazio politika gogortzea du helburu N-VA eskuineko indar nazionalista flandriarreko liderra buru izango duen gobernuak.

De Wever (ezkerrean), gaur, karguaren zina egiten Belgikako errege Feliperen aurrean. OLIVIER MATTHYS / EFE
De Wever (ezkerrean), gaur, karguaren zina egiten Belgikako errege Feliperen aurrean. OLIVIER MATTHYS / EFE
Igor Susaeta.
2025eko otsailaren 3a
12:00
Entzun

Belgikak koalizio gobernu bat edukitzeko akordioa egin zuten bost alderdik joan den ostiral iluntzean, eta gaur lehen ministroaren kargua hartu du N-VA eskuineko indar nazionalista flandriarreko buru Bart de Weverrek. Karguaren zina egin du Felipe erregearen aurrean, Bruselan, eta ondoren EB Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuburuen eta estatuburuen bilera informal batean parte hartu du Bruselan bertan. Defizit publikoa nola murriztu izango da gobernu berriaren zeregin nagusietako bat: %4,4koa da. Migrazio politika gogortu asmo du De Weverrek, gainera.

N-VAk irabazi zituen boz federalak aurreko ekainaren 9an, eta, horrenbestez, ia zazpi hilabete behar izan dituzte gobernua osatzeko; hau da, 236 egun. Izan ere, N-VAk hauteskundeak irabazi zituen arren, garaipena ez zen oso nabarmena izan —botoen %17—, eta, orduan, beste hainbat alderdirekin negoziatu behar izan du. Aintzat hartu behar da, dena den, Belgikan ohikoa izaten dela gobernua osatzeko hilabete asko behar izatea; 2011n, adibidez, 541 egun egon ziren gobernurik gabe, eta 2019ko bozen ondoren, 493.

Eta Flandriako eta Valoniako alderdiekin osatu dute gobernua, zeinak eskuineko kutsua edukiko duen. Aliantzako kideak dira N-VA bera, CD&V Kristau-demokratak eta Vooruit sozialista Flandriakoak; eta Valoniakoak dira, berriz, MR Mugimendu Erreformista eta Engaiatuak indar kontserbadoreak. Hamalau ministro edukiko ditu kabinete berriak, eta horietatik lau izango dira emakumeak; gainera, bost presidenteordetza izango ditu gobernuak, baina bakar bat ere ez da egongo andrazko baten esku.

Alderdi horiek negoziatu dute, batez ere, nola aurre egin defizitari, zeren Europako Batasunak finkatua duen %3ko mugaren gainetik baitago. Egoera hori «onbideratzen» ahaleginduko dira, De Weverrek gaur sare sozialetan nabarmendu duenez. Belgikako zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, gobernu akordioak 800 orrialde inguru ditu, eta, besteak beste, lan merkatua erreformatzeko neurriak biltzen ditu, baita migrazio politika gogortzeko proposamen bat ere. Esaterako, asilo eskaeren kopurua murriztea du xede, eta errefuxiatu familiak bateratzeko baldintzak gogortu nahi ditu. De Weverrek esan izan duenez, «Europan eduki daitekeen zorrotzena» izango da Belgikako migrazio politika.

Defentsari dagokionez, gobernu berriak aurreikusten du Belgikaren BPG barne produktu gordinaren %2 horretara bideratzea 2029an —hori eskatzen du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak—, eta portzentaje hori %2,5ekoa izatea 2034an.

Eskarmentuduna

Politikari eskarmentuduna da De Wever (54 urte). 2004tik da alderdiko presidentea, eta Flandriako Parlamentuko kide ere izan zen. Kontuan hartu behar da, gainera, Anberesko alkatea izan dela 2013tik, eta Belgikako lehen ministro bihurtu delako uko egin behar izan diola. Sare sozialetan gaur azpimarratu du inoiz ez zela bere «ametsa» izan Belgikako lehen ministro izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.