Hirugarren saiakeran osatu dute gobernua Austrian

OVP kontserbadoreak, SPO sozialdemokratak eta Neos neoliberalak izango dira agintean. Kontserbadoreen buruzagi Christian Stocker izango da kantzilerra.

Austriako Gobernu berriko kideak, gaur, kargua hartzen. MAX SLOVENCIK / EFE
Austriako Gobernu berriko kideak, gaur, kargua hartzen. MAX SLOVENCIK / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 3a
16:12
Entzun

Koalizio bat egiteko hirugarren ahaleginean, eta bozak egin zituztenetik 150 egun baino gehiagoren ostean, gobernua osatu dute Austrian. Iragan ostegunean jakinarazi zuten OVP alderdi kontserbadoreak, SPO alderdi sozialdemokratak eta Neos alderdi neoliberalak gobernatzeko akordio bat egin zutela. Eta, gaur, kargua hartu dute ofizialki. Iazko irailaren 29an egin zituzten bozak, eta koalizioa osatuko duten hiru alderdietatik OVPk eskuratu zuen boto gehien. Horiek horrela, kontserbadoreen buruzagi Christian Stocker izango da Austriako kantzilerra, hau da, gobernuburua.

Guztira 21 kide izango ditu Austriako Gobernuak: hamalau ministro eta zazpi Estatu idazkari. Kontserbadoreek eta sozialdemokratek seina ministerio izango dituzte, eta neoliberalek, berriz, bi —Atzerri eta Hezkuntza ministerioak—. OVPk, kantzilertzaren ardura izateaz gain, Barne Ministerioarena eta Defentsa Ministerioarena ere izango ditu, besteak beste. Sozialdemokratek, berriz, Finantza eta Justizia ministerioak hartuko dituzte. Sozialdemokraten buruzagi Andreas Babler kantzilerordea eta Etxebizitza, Arte, Kultura, Hedabide eta Kirol ministroa izango da.

Koalizioak indarra izango du Austriako Parlamentuan, gehiengo osoa aise gaindituta. Izan ere, 183 eserleku ditu herrialdeko parlamentuak, eta horietako 110 gobernua osatzen duten hiru alderdien diputatuek dituzte: OVPk 51, SPOk 41 et Neosek 18.

Indar hori gobernuan metatzea, ordea, ez da erraza izan, hiru alderdiek egin duten bigarren saiakeran lortu baitute akordioa —beste saiakera bat egin zuten FPO eskuin muturreko alderdiak eta OVPk, baina bertan behera utzi zituzten negoziazioak—. Bozak egin eta gutxira hasi ziren hiru alderdiak negoziatzen; baina elkarrizketa mahaia utzi zuen Neosek urtarrilean, beste bi alderdiei egotzita «aldaketa gutxi» egin nahi zituztela.

Desadostasun horiek gainditu izana izan du hizpide Austriako presidente Alexander van der Bellenek gaurko ekitaldian: «Itxaroten dakienak gauza onak lortzen ditu. [Koalizioko alderdiek] Desadostasunak gainditu ahal izan dituzte, herrialdearen interesa alderdien interesen aurretik jarriz». Gobernuak datozen urteetan «egiteko anitz» izango dituela gaineratu du presidenteak, eta bi helburu ezarri dizkie koalizioko alderdiei: batetik, «Europan bakea bermatzea»; eta, bestetik, «demokrazia liberala indartzea».

Eskuin muturrik gabe

Gobernutik at geratu den arren, eskuin muturreko FPO alderdiak lortu zuen boto gehien iragan irailean herrialdean egin zituzten hauteskundeetan. Herbert Kicklen alderdiak botoen %28,8 eskuratu zituen, eta parlamentuan 57 eserleku irabazi. Eta, gaur kargua hartu duen koalizioaren lehen saiakera bertan behera geratu denean, bazirudien eskuin muturra gobernutik gertu egon zitekeela. Izan ere, presidenteak gobernua osatzeko negoziazioak hasteko agindu zion Kickli.

FPOk eta OVPk elkarrizketak abiatu zituzten eskuineko koalizio bat osatzeko, baina atzerri politikei zegozkien desadostasunak zirela medio, bertan behera gelditu ziren negoziazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.