Kardinal baten aurkako lehen epaiketa hasi dute Vatikanoan

Dohaintzen dirua bidegabe erabiltzeaz akusatu dituzte Becciu eta beste bederatzi lagun

Becciu, Vatikano Hirian, artxiboko irudi batean. CLAUDIO PERI / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Vatikanoko Estatu Idazkaritzako ordezko ohi GiovanniAngelo Becciu kardinala eta beste bederatzi lagun epaitzen hasi da herrialde hartako Estatu Auzitegia. Fiskaltzak argudiatu du akusatuek funts publikoen kudeaketa paralelo bat eraman zutela hamarkada batez, eta, besteak beste, dirua bidegabe erabiltzea, euren karguez abusatzea eta eroskeria egotzi dizkie. Vatikanoko justiziak kardinal baten aurka hasitako lehen epaiketa da, eta, fiskalaren arabera, «sistema ustel eta harrapakari bat» amaitzeko aurrenengo pausoa.

Joan Paulo II.a, Benedikto XVI.a eta Frantzisko Aita Santuekin, Eliza katolikoko hainbat goi kargutatik igaro zen Becciu; besteak beste, Vatikanoko Estatu Idazkaritzako ordezko izan zen 2011tik 2018ra —instituzioko kargurik garrantzitsuenetan bigarrena—. Gero, Santuen Gaietarako Kongregazioko prefektu bihurtu zen, Frantzisko Aita Santuak kardinal izendatzearekin batera. Vatikanoko elizgizon boteretsuenetako bat zen, Aita Santuaren gertukoa, baina haren patua zeharo aldatu zen iazko urrian. Haren aurkako salaketak zirela medio, kargua uztera behartu zuen Frantziskok, eta kardinal izateak ematen dituen eskubide guztiak galdu zituen, tituluamantendu arren. Azken 120 urteetan, hiru aldiz baino ez da izan halako kasu bat.

Zehazki, funts publikoak bidegabe erabiltzeaz akusatu dute Becciu, 2013an Londresen eginiko higiezinen eragiketa bat kudeatzeagatik; bera zen halako operazioen arduradun nagusia. Denera, 350 milioi euro inguruko operazioa izan zen, luxuzko etxebizitzen eraikin bat erosteko. Merkatuan duen prezioa baino gehiago ordaindu zuten eraikinagatik, eta Vatikanoak galera ekonomiko handiak izan zituen, 73 eta 166 milioi euro artekoak. Gainera, San Pedroren Oboloa funtseko dirua erabili zuten horretarako; Elizari eginiko dohaintzetatik jasotako dirua da, eta teorian Aita Santuaren jarduna finantzatzeko eta haren karitatezko obrak bultzatzeko erabiltzen da.

Hori, baina, ez da Becciuren aurkako salaketa bakarra. L'Espresso astekariaren arabera, Londresko inbertsioaren kasuaz gain, kardinalak San Pedroren Oboloko eta Italiako Apezpiku Batzarreko funtsetako dirua desbideratu zuen bere anaiaren kooperatiba baten mesedetan. Becciuk, baina, ukatu egin du deliturik egin izana, eta bere kontra egin duen «makineria baten biktimatzat» jo du bere burua.

Ustelkeria eta xantaia

Ikerketaren hastapenetara jotzeko, 2019ra egin behar da atzera. Erlijio Obren Institutuak eta Kontu Ikuskari Nagusiaren Bulegoak uda hartan jarritako salaketen ondorioz hasi ziren horiek. Bigarrenak eman zuen Eliza katolikoko goi kargudunek ustez eginiko delitu larrien berri; besteak beste, iruzurra, ustelkeria, xantaia eta eroskeria kasuak aipatu zituen. Kontu ikuskaritzaren arabera, Vatikanoko Estatu Idazkaritzak Aita Santuak jasotako dohaintzen parte bat erabiltzen zuen «bezeroen onespenik gabe tituluetan inbertitzen zuten funtsetan» eta paradisu fiskaletan kokatutako espekulazio arrisku handiko funtsetan inbertitzeko.

Kardinalarekin batera, beste bederatzi lagun ere eseri dira akusatuen aulkian: Gianluigi Torzi eta Raffaele Mincione finantza agenteak; Rene Brulhart eta Tommaso Di Ruzza, AIF Vatikanoko Finantza Ikuskapenerako Aginteko presidente ohiak; Monsinore Mauro Carlino, Becciuren idazkari izana; Vatikanoko Estatu idazkaritzaren inbertsioen arduradun ohi Enrico Grasso; Nicola Squillace abokatua; Fabrizio Tirabassi Estatu Idazkaritzako Administrazio Bulegoko idazkari ohia; eta Cecilia Marogna, ustez nazioarteko harremanetan aditua, «misio diplomatiko sekretuak» egiteaz arduratzen zena. Haiei HP Finance, Logsic Humanitarne Dejavnosti, Prestige Family Office eta Sogenel Capital Investment sozietateak gehitu behar zaizkie. Etxebizitzen salerosketekin lotutako delituak egozten dizkiete denei, hala nola dirua bidegabe erabiltzea, estortsioa, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea...

Fiskaltzak uste du Vatikanoko goi kargudunek ez zutela ezer egin bi finantza agenteek milioika euroren komisioak jasotzea eragozteko. Izan ere, Mincione izan zen Londresko eraikina erosteko bitartekaria. Fiskaltzaren arabera, Estatu Idazkaritza engainatu zuen hark, eraikinaren zati bat bereganatzeko, eta 40 milioi euro ordaindu behar izan zizkioten etxebizitzak Vatikanoaren esku soilik geratu zitezen. Tratu hori lortzeko, Torzi kontratatu zuen Edgar Peña Parrak, Becciuren ondorengoak. Hark ere, ordea, jokaldi bera egin zuen, eta 15 milioi euro exijitu.

Londresko eraikinak eragindako anabasak Becciuk Estatu Idazkaritza utzi ostean ere jarraitu arren, Vatikanoak egungo kargudunak babestu ditu, eta ukatu egin du Pietro Parolin kardinalak eta haren lantaldeak «ekimenek izan zezaketen erantzukizun juridikoen berri izan zutenik». Parolin 2013tik da Estatu idazkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.