Mundua «une historiko» batean dago, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera. Erregai fosilen erabilerak sortzen dituzten karbono dioxido isuriek goia joko dute 2025ean, eta petrolioaren, gasaren eta ikatzaren erabilera gailurrera helduko da 2030ean, IEAk gaur argitaratu duen txostenaren arabera. «Industria iraultzatik lehen aldiz ikusiko dugu erregai fosilen gailurra. Azken hiruzpalau hamarkadetan, energia iturrien %80 erregai fosilak ziren, eta 2030 inguruan %70 azpikoa izango da, gaur egungo energia politika mantentzen baldin bada», adierazi du Fatih Birol IEAko zuzendari exekutiboak. Txostenak ondorioztatu du 2050erako %60koa izan daitekeela erregai fosilen erabilera, egungo energia politikak indarrean jarraitzen badu.
Ukrainako gerrak sortu du horretarako abagunea. Izan ere, Errusiak ekoizten duen gasaren prezioen igoerak eta horrek eragin duen inflazio orokortuak «energia garbiak» erabiltzera «behartu» ditu munduko herrialde gehienak, Birolek azaldu duenez. Energia «garbiak» karbono dioxido isuri murritzak dituztenak dira; energia berriztagarriak eta energia nuklearra, alegia. IEAren txostenak nabarmendu du trantsizio energetikoaren «mugarri historiko batean» dagoela mundua, «epe ertainean» elektrizitatea lortzeko iturri nagusiak energia «garbiak» izango baitira.
«IEAk sinisten du segurtasun energetikoa lortzea eta klima larrialdiari aurre egitea bateragarriak direla. Energia garbien teknologiak areagotu behar dira horretarako: mundu seguruago bat izateko», esan du Birolek.
«Industria aro berria»
IEAko zuzendari exekutiboak esan du hiru arrazoik bultzatuta egin dutela munduko herrialde gehienek karbono dioxido gutxi isurtzen duten energia iturrien alde: «Energia seguruagoa delako, klimaren inguruko erantzukizuna dutelako, eta gobernu askok parte hartu nahi dutelako datorren industria aro berrian, zeina energia garbien industrian oinarrituko baita». Ukrainako gerrak bultzatu du trantsizio energetikoa, IEAren txostenaren arabera. «1,3 trilioi dolar inbertitzen dituzte orain munduan energia garbietan. Oraingo energia politikari eutsiz gero, 2030ean inbertsioa 2 trilioi dolarrekoa izango da», ondorioztatu du Birolek. Hala ere, nabarmendu du inbertsioak hori halako bi izan beharko lukeela 2050ean karbono dioxidorik ez isurtzeko: 4 trilioi dolarrekoa. «Hori lor dezake energiaren sektoreak», gehitu du.
IEAko ikertzaileek ondorioztatu dutenez, egungo energia politikei eutsiz gero, 37 gigatona karbono dioxido isuriko ditu munduak 2025ean, eta orduan murrizten hasiko da, 2050ean 32 gigatona isurtzen hasi arte. Horrek eragingo luke munduko tenperatura 2,5 gradu igotzea.
2021ean Glasgown (Eskozia) egindako COP26 Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko goi bileran ehun herrialde inguruk adostu zuten beren helburua izango zela munduko tenperatura gehienez 1,5 gradu igotzea 2050erako. Hori lortzeko, 23 gigatona karbono dioxido isuri beharko lirateke 2030ean, eta karbono neutraltasuna lortu beharko litzateke 2050ean, txostenaren arabera.
Energia berriztagarrien eta nuklearraren erabilera handitzeak ez du esan nahi erregai fosilen erabilera desagertuko denik, Birolek azaldu duenez. Gasaren, petrolioaren eta ikatzaren erabilera murriztu egingo da, ordea, txostenak aurreikusi duenez. «Motel» murriztuko da erabilera: egunean milioi bat barril gutxiago erabiliko dituzte munduan, 2050era arte. Ikatzaren erabilera murriztu egingo da datozen urteetan, eta gas naturalaren salmentek goia joko dute hamarkada honen amaieran, IEAko zuzendari exekutiboaren esanetan: «Gasaren urrezko aroaren amaierara gerturatzen ari gara. Eskaria murrizten ari da».
Petrolioaren sektorea «egonkortu» egingo da 2035 inguruan, eta salmentak murriztu egingo dira gero, txostenaren arabera. Auto elektrikoen salmentaren hazkunde posible baten ondorioa izango da hori, IEAren ustez.
Gainera, munduko hainbat herrialdetan karbono dioxido gutxi isurtzen duten energia iturrien aldeko apustua egiten ari dira: esaterako, AEB Ameriketako Estatu Batuetan, EB Europako Batasunean eta Japonian. IEAren txostenak ere garrantzia eman die Indian eta Txinan «energia garbien alde» ematen ari diren pausoei, baita Hego Korearen energia politikari ere: energia nuklearra eta berriztagarriak indartzen ari dira, txostenak azpimarratu duenez.
Errusiak, berriz, energiaren sektorean duen lidergoa «laster» galduko duela ohartarazi du Birolek: «Otsailaren 24ra arte Errusia zen munduan erregai fosil gehien esportatzen zituen herrialdea, baina Errusiak galdu egin du bere merkatu garrantzitsuena: Europa. Errusiak ekoizten duen gas naturalaren %75 eta petrolioaren %55 Europak inportatzen du. Oso zaila izango da Errusiarentzat Europa ordezkatuko duen bezerorik aurkitzea».
Are, Birolek adierazi du Errusiaren petrolio eta gas ekoizpena eta esportazioak murriztu egingo direla «datozen zortzi urteetan», eta gehitu du horrek ia bilioi bat euroko galera eragingo diola Errusiari 2030erako. «Nazioarteko energia gaietan asko gutxituko da, beraz, Errusiaren rola», IEAko zuzendari exekutiboaren ustez.