Klima larrialdia. Isuriak

Karbono dioxido isuriek goia joko dute 2025ean

Ukrainako gerrak bultzatutako energia politikari eutsiz gero, erregai fosilen erabilera gailurrera helduko da, IEAren arabera. Gehitu du Errusiak energiaren esportazioan lider izateari utziko diola «laster»

Castejongo (Nafarroa) ziklo konbinatuko zentrala. Irudikoa, Castejon 2, Iberdrolarena. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Mundua «garai historiko» batean dago, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera. Erregai fosilen erabilerak sortzen dituen karbono dioxido isuriek goia joko dute 2025ean, eta petrolioaren, gasaren eta ikatzaren erabilera gailurrera helduko da 2030ean, IEAk atzo argitaratu zuen txostenaren arabera. «Industria iraultzatik lehen aldiz ikusiko dugu erregai fosilen gailurra. Azken hiruzpalau hamarkadetan, energia iturrien %80 erregai fosilak ziren, eta, 2030 inguruan, %70 azpikoa izango da, gaur egungo energia politikari eusten baldin bazaio», adierazi zuen Fatih Birol IEAko zuzendari exekutiboak atzo.IEAko ikertzaileek ondorioztatu dute 2050erako %60koa izan daitekeela erregai fosilen erabilera, egungo energia politikak indarrean baldin badirau.

Ukrainako gerrak sortu du horretarako abagunea. Izan ere, Errusiak ekoizten duen gasaren prezioen igoerak eta horrek eragin duen inflazio orokortuak «energia garbiak» erabiltzera «behartu» ditu munduko herrialde gehienak, Birolek azaldu zuenez. «Energia garbiak» karbono dioxidoko isuri apalak dituztenak dira; energia berriztagarriak eta energia nuklearra, alegia. IEAren txostenak nabarmendu du trantsizio energetikoaren «mugarri historiko batean» dagoela mundua, «epe ertainean» energia «garbiak» izango baitira elektrizitatea lortzeko iturri nagusiak.

«IEAk uste du segurtasun energetikoa lortzea eta klima larrialdiari aurre egitea bateragarriak direla. Energia garbien teknologiak areagotu behar dira horretarako: mundu seguruago bat izateko», adierazi zuen Birolek.

«Industria aro berria»

IEAko zuzendari exekutiboak esan zuen hiru arrazoik bultzatuta egin dutela munduko herrialde gehienek karbono dioxido gutxi isurtzen duten energia iturrien alde: «Energia seguruagoa delako, klimaren inguruko erantzukizuna dutelako, eta gobernu askok parte hartu nahi dutelako datorren industria aro berrian, zeina energia garbien industrian oinarrituko baita». Ukrainako gerrak bultzatu du trantsizio energetikoa, IEAren txostenaren arabera. «1,3 trilioi dolar [ia 1,3 bilioi euro] inbertitzen dituzte orain munduan energia garbietan. Oraingo energia politikari eutsiz gero, 2030ean inbertsioa 2 trilioi dolarrekoa [ia bi bilioi eurokoa] izango da», ondorioztatu zuen Birolek. Hala ere, nabarmendu zuen inbertsioak hori halako bi izan beharko lukeela 2050ean karbono dioxidorik ez isurtzeko: ia 4 bilioi eurokoa. «Hori lor dezake energiaren sektoreak», gehitu zuen.

IEAko ikertzaileek nabarmendu dutenez, egungo energia politikei eutsiz gero, 37 gigatona karbono dioxido isuriko lituzke munduak 2025ean, eta orduan murrizten hasiko litzateke, 2050ean 32 gigatona isurtzen hasi arte. Munduko tenperatura 2,5 gradu igotzea eragingo luke horrek.

Iaz Glasgown (Eskozia) egindako COP26 Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko goi bileran ehun herrialde inguruk adostu zuten beren helburua izango zela munduko tenperatura gehienez 1,5 gradu igotzea 2050erako. Hori lortzeko, 23 gigatona karbono dioxido isuri beharko lirateke 2030ean, eta karbono neutraltasuna lortu beharko litzateke 2050ean, txostenaren arabera.

Energia berriztagarrien eta nuklearraren erabilera handitzeak ez du esan nahi erregai fosilen erabilera desagertuko denik, Birolek azaldu zuenez. Gasaren, petrolioaren eta ikatzaren erabilera apaldu egingo da, ordea, txostenak aurreikusi duenez. «Motel» apalduko da erabilera: egunean milioi bat barril gutxiago erabiliko dituzte munduan, 2050era arte. Ikatzaren erabilera murriztu egingo da datozen urteetan, eta gas naturalaren salmentek goia joko dute hamarkada honen amaieran, IEAko zuzendari exekutiboaren esanetan: «Gasaren urrezko aroaren amaierara gerturatzen ari gara. Eskaria apaltzen ari da».

Petrolioaren sektorea «egonkortu» egingo da 2035 inguruan, eta behera egingo dute salmentek ondoren, txostenaren arabera. Auto elektrikoen salmentaren igoeraren ondorioa izango da hori, IEAren ustez.

Gainera, karbono dioxido gutxi isurtzen duten energia iturrien alde egiten ari dira hainbat herrialde munduan: esate baterako, AEB Ameriketako Estatu Batuetan, EB Europako Batasunean eta Japonian. IEAren txostenak garrantzia eman die Indian eta Txinan «energia garbien alde» ematen ari diren pausoei ere, baita Hego Korearen energia politikari ere: energia nuklearra eta berriztagarriak indartzen ari dira, txostenak azpimarratu duenez.

Bestalde, Birolek ohartarazi zuen Errusiak energiaren sektorean duen lidergoa galduko duela «laster»: «Otsailaren 24ra arte, Errusia zen munduan erregai fosil gehien esportatzen zituen herrialdea, baina galdu egin du bere merkaturik garrantzitsuena: Europa. Errusiak ekoizten duen gas naturalaren %75 eta petrolioaren %55 Europak inportatzen du. Oso zaila egingo zaio Errusiari Europa ordezkatuko duen bezerorik aurkitzea».

Birolek adierazi zuen Errusiaren petrolio eta gas ekoizpenak eta esportazioek behera egingo dutela «datozen urteetan», eta horrek ia bilioi bat euroko galera eragingo diola Errusiari 2030erako. «Nazioarteko energia gaietan asko apalduko da, beraz, Errusiaren rola», IEAko zuzendari exekutiboaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.