KARABAKH GARAIA

Karabakh Garaia: desegite bat, egoera normaldu edo gehiago gaiztotzeko

Egitura politiko gisa bihar desagertuko da Armeniaren eta Azerbaijanen artean gatazka iturri izandako lurraldea, eta Azerbaijanen menpe geratuko da. Bi herrialde horiek bake itun bat negoziatzekoak dira, EBren bitartekaritzarekin. Ez dira elkarren fio.

KARABAKH GARAIA.
Karabakh Garaiko hiriburu Stepanakerteko kale bat, hutsik, joan den urriaren 10ean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko abenduaren 31
05:05
Entzun

Atzera-bueltarik ez du: Karabakh Garaiko errepublika deseginda geratuko da bihar, urte berriarekin batera. Gehiengo armeniar ia erabatekoa duen (%99) lurralde hori gatazka iturri izan da azken hiru hamarkadetan, baina hango agintariek amore eman zuten aurreko irailean, Azerbaijanek operazio militar bat egin zuenean han. Ikusteko dago desegite horrek nola eragingo dien Armeniaren eta Azerbaijanen arteko harremanei. Zeren, Benjamin Poghosian Armeniako APRI ikerketa institutuko atzerri politikako goi kideak ohartarazpen bat egin du, posta elektronikoz. «Armenian bada beldur bat: Azerbaijanen helburu estrategiko bat ez ote den izango lurralde gehiago kentzea Armeniari, modu horretan lurreko korridore zuzen bat ezartzeko Turkiarekin». Harremanak normaltzeak, ordea, «luzerako segurtasun sentsazio bat» emango lioke Armeniari, ikerlariaren esanetan.

Hain zuzen, besteak beste segurtasunik sentitzen ez zutelako hasi ziren alde egiten Karabakh Garaiko herritarrak irailaren 19an, Azerbaijanek 24 ordu baino gutxiagoko erasoaldi bat egin zuenean: 200 bat lagun hil zituen; gehienak, militarrak. 120.000 herritar inguru bizi ziren han, eta, hurrengo bizpahiru asteetako exodoan, 105.000k Armeniara jo zuten, Poghosianen datuen arabera.

Karabakh Garaia 1990eko hamarkadaren hasieratik zen, de facto, Azerbaijan barruko errepublika independente bat, nahiz eta nazioartean ez zuen aitortzarik. Hain justu, operazio militarra amaitzeko Bakuk irailean jarri zituen baldintzetako bat izan zen Karabakh Garaiko agintariek onartzea Azerbaijanen parte zela. Eta onartu zuten. Hilaren 22an, baina, Samvel Xahramanian errepublikako liderrak adierazi zuen, Erevanen egindako diskurtso batean, desegitea bertan behera geratu dela, argudiatuta errepublikako legediak ez duela jasotzen instituzioak era horretan desegitea.

Azerbaijan nagusitu zen han irailean; hain zuzen, 2020ko gerran egin bezala, eremu horretako bigarrengoan; bi aldietan, Turkia aliatuaren laguntza militarrari esker. Lehen gerra (1988-1994) Armeniak irabazi zuen. Aurrenekoari eta duela hiru urtekoari irtenbidea emateko, su eten bat sinatu zuten. Oraingoan, berriz, «bake itun bat» izenpetzeko asmoa agertu dute bi herrialdeek, joan den abenduaren 7an gerra gatibuak trukatu ondoren kaleratu zuten ohar bateratu batean azpimarratu zutenez.

«Armenian bada beldur bat: Azerbaijanen helburu estrategiko bat ez ote den izango lurralde gehiago kentzea Armeniari, modu horretan lurreko korridore zuzen bat ezartzeko Turkiarekin».

BENJAMIN POGHOSIANArmeniako APRIko ikerlaria

Erevanen iritziz, akordio hori hiru printzipiotan zimendatu behar da. Batetik, biek beren lurralde batasuna aitortu behar diote elkarri. Bigarrenik, mugak zehazteko, hauek balio behar dute: ale batetik, Sobietar Batasuna desegin ondoren —blokeko errepublikak ziren biak ala biak— Estatu Independenteen Komunitatea sortzeko 11 estatuk sinatu zuten Alma-Atako protokoloak jasotakoak, eta, beste aldetik, Sobietar Batasunaren indar armatuek zedarritutako 1974ko edo 1979ko mapek. Eta, hirugarrenik, komunikazioak berrezartzeko aintzat hartu behar dira herrialdeen subiranotasuna eta lurralde batasuna. Armeniak Turkiarekin mendebaldean eta Azerbaijanekin ekialdean dituen mugak itxita daude duela hiru hamarkadatik.

Eta bake itunaren negoziazioetan bitartekari aritzeko prest agertu da EB Europako Batasuna. Charles Michel Europar Kontseiluaren presidenteak adierazi izan du «rol eraikitzailea» jokatu nahi dutela. Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea hainbatetan bildu direla Bruselan, 2021az geroztik. «Uste dut Kaukaso hegoalde seguru eta egonkor bat nahi duela EBk. Iruditzen zaio Kaukaso hegoaldea garrantzitsua izan daitekeela Txina Europarekin lotzeko erdiko korridorearen bidez —Txina-Kazakhstan-Kaspiar itsasoa-Kaukaso hegoaldea, Turkia, Europa—, Iran eta Errusia saihestuz», esan du Armeniako APRIko kideak.

Azerbaijango Topchubashov Center think tank-eko kidea da Shujaat Ahmadzada, eta pentsatzen du bai Erevanek eta bai Bakuk begi onez ikusten dutela EBk auzian duen egitekoa. «Brusela ez da epaile gisa jokatzen ari, baizik eta bideratzaile gisa, Bakuk eta Erevanek akordio bat lor dezaten», esplikatu du, posta elektronikoz.

Garrantzi geoestrategikoa

Kaukaso hegoaldean interes ekonomikoak, estrategikoak eta politikoak nahasten dira. Gasbideek eta oliobideek zeharkatzen dute eskualdea, Europa eta Asia lotzen dituzten bide komertzialek ere bai, eta eskualdeak muga egiten du, gainera, hiru potentziarekin: Errusiarekin, Iranekin eta Turkiarekin. Horiek ere badute zeresana auzian. «Errusiak eutsi egin nahi dio eskualdean duen posizioari, kanpoko eragile nagusiaren posizioari, eta arduratuta dago AEBek eta EBk azkenaldian handik kanporatu nahi dutelako. Iranen ustez, eskualdeko estatuek soilik arduratu behar dute beren arazoez. Turkiari gustatuko litzaioke Errusiak presentzia txikiagoa edukitzea eskualdean, baina ez du nahi AEBek eta EBk presentzia handiagoa edukitzea», azaldu du Poghosianek.

Ahmadzadarentzat, Moskuk «rol ezinbestekoa» jokatu izan du historikoki Azerbaijanen eta Armeniaren arteko nazioarteko elkarrizketetan, baina oroitarazi du Erevanen eta Kremlinen arteko harremanak gaiztotu egin direla 2020az geroztik, eta horrek «eten» egin duela Moskuk zuen egitekoa. Nabarmendu du, bide batez, Turkiak «nolabaiteko eragina» duela Azerbaijanen eta Armeniaren arteko negoziazioetan. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearentzat, azerbaijandarrak «anaiak» dira, eta nola Ankaran hala Bakun oso sustraituta dago bi estatu, nazio bat delako kontzeptua.

ILHAM ALIYEV. AZERBAIJAN.
Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea, bere herrialdeko bandera igotzen, Karabakh Garaian, urriaren 15ean. EFE

Horren guztiaren harira: Ankarak eta Erevanek ez dute harreman diplomatikorik izan urte luzez, Turkiak ez duelako aitortzen 1915ean hasi eta hainbat urtez Otomandar Inperioak egindako genozidioa: Armeniaren arabera, 1,5 milioi armeniar inguru hil zituzten sarraski hartan. 2022 hasieran, baina, harremanak normaltzeko negoziazioak hastea adostu zuten bi aldeek. Horrek ekar lezake, ondo bidean, Armeniaren eta Turkiaren arteko muga irekitzea, eta, Armeniako APRIkoaren iritziz, bai irekiera horrek eta baita Armenia eta Azerbaijanen arteko mugarenak ere Armeniako ekonomia «bultzatuko» lukete, eta horrek modua emango lioke esparru horretan Errusiarekiko duen «mendekotasuna» murrizteko.

«Desplazatuak itzultzea hipotetikoki posible baldin bada ere, gertaezina dirudi autonomia politikorik gabe eta nazioarteko presentziarik gabe».

SHUJAAT AHMADZADATopchubashov Center 'think tank'-eko kidea

Hori bai, ohartarazpen bat egin du: behin Karabakh Garaia hartuta, bake akordio bat sinatzeko «interesa» galdu du Azerbaijanek. «Gainera, ez du Errusia haserretu nahi, bake itun bat sinatuz Mendebaldearen plataformen bidez». Horren harira, gogorarazi du Aliyevek berak adierazten duela Armenia dela «Mendebaldeko Azerbaijan», eta ideia horren adibide gisa jarri ditu Azerbaijanek 2021ean eta 2022an Armenian egindako sartu-irtenak, eta «Armeniako lurretan 200 kilometro koadro okupatu» izana.

Ahmadzada ikerlari armeniarrari ez zaio iruditzen, ordea, Azerbaijanek «erabateko gerra bat» nahiko duenik Armeniaren lurrak «hartzeko» asmoz. «Bakuren helburuen kontrakoa litzateke hori». Azerbaijango iturri ofizialek adierazi izan dutenez, bi herrialdeen subiranotasuna eta lurralde batasuna izan beharko lituzke oinarrian bake akordioak.

Halere, joan den irailaren 28tik, Karabakh Garaiko agintariek errepublika desegitea sinatu zutenetik, Paxinian eta Aliyev ez dira batzartu, mugarri horren aurretik beste batzuetan egin bezala. EBk deituta, urriaren 5ean ziren biltzekoak, Granadan (Espainia), baina Azerbaijanek bilera bertan behera utzi zuen azken orduan, horren arrazoiak plazaratu gabe. Michelek jakinarazi zuen orduan urria amaieran batzartuko zirela Bruselan. Ez zen halakorik gertatu, ordea. «Atzerri ministroak azaroan Washingtonen egitekoak ziren bilera ere bertan behera utzi zuen Azerbaijanek», gehitu du Poghosianek. Dena den, atzeratze horiek «performancetzat» jo ditu Ahmadzadak, eta aurreikusten du bilerak egin egingo dituztela.

Desplazatuak «kokatzeko» plana

Iraileko gertakarien eta erabakien ondorioz, jatorri armeniarreko milaka karabakhtarrek etxea utzi behar izan zuten; ezin ziurtasun osoz esan, baina, ia seguru, betirako. Bakuk adierazi zuen armeniarrak «azeriarren artean gizarteratzeko» asmoa zutela. NBE Nazio Batuen Erakundeak misio bat bidali zuen Karabakh Garaira, eta ondorioztatu zuen soilik «50 eta 1.000 artean» zirela oraindik han zeuden armeniarrak.

KARABAKH GARAIA

  • 1923. Karabakh Garaiko probintzia autonomoa sortu zuten Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren barrenean.
  • 1987. Karabakh Garaiko armeniarrek dozenaka mila sinadura bidali zituzten Moskura, probintzia Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistan sartzeko.
  • 1988. Manifestazioak ugaritu ondoren, Karabakh Garaiko Sobietak Moskuri eskatu zion Armenian sartzeko. Moskuk eskaera ukatu, eta lehenbiziko borrokak piztu ziren azeriarren eta armeniarren artean.
  • 1991. Sobietar Batasuna deseginda, Azerbaijanek autonomia kendu zion Karabakh Garaiari, eta gehiengo armeniarrak independentzia aldarrikatu zuen erreferendum bidez. Gerra hasi zen.
  • 1994. Errusiaren bitartekaritzarekin, Azerbaijanek su etena sinatu zuen Armeniarekin eta Karabakh Garaiarekin. Beraz, Karabakh Garaia de facto independente bihurtu zen. Sei urteko gerran 30.000 pertsona baino gehiago hil ziren —25.000 azeriarrak—, eta milioi bat inguru desplazatu azeriar eragin zituen.
  • 2016. Gerraz geroztiko borrokarik gogorrenak piztu ziren apirilean. Hilabetean, bi aldeetako ehundik gora lagun hil zituzten.
  • 2020. Irailaren 27an gerra piztu zen berriro, eta 44 egun iraun zuen, azaroaren 10era arte. Egun horretan su etena sinatu zuten Armeniak, Azerbaijanek eta Errusiak. Armeniak lehenengo gerran eskuratutako zenbait eskualde, gehienak, berreskuratu zituen Azerbaijanek, bai ekinbide militarrarengatik, baita meniarako akordioaren bidez ere. 5.600 bat pertsona hil ziren gatazkaren ondorioz. Bi aldeetako hildako kopurua antzekoa izan zen; gehien-gehienak, militarrak.
  • 2022. Azerbaijango ekintzaile batzuek aurrena eta gero armadak Laçingo korridorea blokeatu zuten, Armeniatik Karabakh Garaira bidez iristeko modu bakarra.

  • 2023. Azerbaijanek operazio militar bat hasi zuen irailaren 19an. 200 bat lagun hil ziren; gehienak, militarrak. Hurrengo egunean, su etena adostearen truke, Karabakh Garaiak men egin zien Azerbaijanen eskakizunei. Egun batzuk geroago, errepublika desegitea sinatu zuten Karabakh Garaiko agintariek. Errepublikan bizi ziren armeniar gehien-gehienek, 120.000 lagun inguruk, ihes egin dute handik; batez ere, Armeniara.

Egun haietan, Armeniak eskatu zion Nazioarteko Justizia Auzitegiari exijitzeko Azerbaijani ihes egin zutenek era seguruan itzultzeko baldintzak izango zituztela. Eta bai, azaro erdialdean, hori egin dezala exijitu zion auzitegi horrek Bakuri. Nolanahi den ere, Poghosianek ez dio garrantzi handirik ematen horri. «Azerbaijanek Karabakh kontrolatzen duen bitartean, armeniar bakar bat ere ez da itzuliko hara». Antzeko iritzia du Topchubashov Center think tank-eko kideak: «Desplazatuak itzultzea hipotetikoki posible baldin bada ere, gertaezina dirudi autonomia politikorik gabe eta nazioarteko presentziarik gabe. Bi baldintza horiek nekez beteko direnez, ez dirudi itzulera berehala gertatuko denik».

Horri gehitu behar zaio Azerbaijanek duela Karabakh Garaiko gerrek eragindako barne desplazatuak —milioi bat baino gehiago, Ahmadzadaren arabera— atzera Karabakh Garaian «kokatzeko plan anbiziotsu bat». Dena den, «ikusteko» dago zer gertatuko den. Bitartean, Karabakh Garaia hutsik dago.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.