Kaosean bizirik irauten duen herrialdea

Haiti noraezean dago. 2021etik gobernurik gabeko estatu bat da, eta bandek botere handia eskuratu dute azken urteotan.

Poliziak Port-au-Princeko kaleetan MENTOR DAVID LORENS / EFE
Poliziak Haitiko hiriburuko kaleetan, hilaren 8an. MENTOR DAVID LORENS / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 17a
05:10
Entzun

Karibeko Antilla Handiak osatzen dituzten irletako bat da Haiti, eta, bere kokapenaren ondorioz, esku hartze militar asko izan ditu. Kubatik gertuen dagoen estatua da Latinoamerikakoen artean, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara iristeko migratzaileek egiten dituzten bideetako baten erdian dago. Gainera, desegonkortasun politiko handia du; hein handi batean, ez diotelako utzi egonkortasunik izaten. Eta, bi failaren artean dagoenez, hondamendi natural asko jasan ditu; lurrikarak eta urakanak, besteak beste. Horiek guztiek, ezinbestean, krisiak eragin dituzte Haitin.

Azkena 2021ean gertatu zen, eta zuzeneko lotura du egungo egoerarekin: Jovenel Moise Haitiko presidentea hil zuten. Harrez geroztik, egoera politikoak eta indarkeriak okerrera egin dute, muturreraino iritsi arte. Bandek lurralde askoren kontrola bereganatu dute urteotan, eta, gaur egun, kasurako, Port-au-Prince hiriburuaren %80 dute kontrolpean. Are, G9 Familia bandako buru eta polizia ohi Jimmy Cherizier Barbecue-k Tet Kale alderdiarekin eta Poliziarekin lan egin zuela argitaratu dute Haitiko hedabideek; Tet Kale alderdiak hauteskundeak irabazi zituen 2017an, eta Moise Haitiko presidente bilakatu zen orduan. Talde horien eragina, hortaz, indarkeriatik harago doa.

Haiti

Haitin, egun, salbuespen egoera eta etxeratze agindua dute ia herrialde osoan. Erabaki horren atzean gertakari bat dago: joan den hilabetean, bandek herrialdeko presondegi bati eraso zioten, eta 3.600 presok ihes egitea lortu zuten. Bandek duten boterea eta eragina hain da handia, ezen mehatxuen ondorioz Henryk dimisioa aurkeztu behar izan baitzuen iragan martxoaren 12an; betiere, presidentetzarako hauteskundeak antolatzeko trantsizio gobernu bat —Presidentetzako Kontseilua— osatu eta lehen ministroa aukeratzen duten arte.

Gobernu horretako ministroak iragan martxoaren 22an hautatu zituzten, baina horiek oraindik ez dute gobernuburua izendatu. Hilaren 3an zenbait akordio egin zituzten; besteak beste, Presidentetzako Kontseiluaren osaketaren ingurukoak. Baina joan den igandean salatu zuten Henryren gobernuak ez dituela errespetatu itun horiek, hark argitara ateratako dekretu batek ez baitu aintzat hartzen adosturikoa. Haitiko behin-behineko lehen ministroaren «gaitasunik eza» salatu zuten, eta testu hori «inpugnatzeko» asmoaren berri eman zuten.

Malagako Unibertsitateko (Espainia) Historia irakasle Antonio Jesus Pinto Tortosak ez du uste asko luzatuko denik Haitiko lehen ministroa aukeratzeko epea. Hala ere, haren arabera, presidentetzarako hauteskundeak ez dituzte «berehala» egingo. Izan ere, Caricom Karibeko Komunitatearen, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Kanadaren interesak «lotuta eta ondo lotuta» egon arte ez dute bozik egingo. AEBak beti saiatu dira etekina ateratzen Haitiko ezegonkortasunari, Kubatik gertuen dagoen herrialdea delako. AEBek 1915etik 1934ra arte okupatu zuen Haiti, eta 1991n presio egin zuten Jean Bertrand Aristide herrialdeko presidente kargutik kentzeko, Pintok azaldu duenez: «Egoera horiek berriz gertatuko direla uste dut».

«Henryk dimisioa emango zuela iragarri zuenetik, atzerriko soldaduak dabiltza hiriburuan, bandak indargabetzeko eta Barbecue hiltzeko asmotan».

ANTONIO JESUS PINTO TORTOSAMalagako Unibertsitateko Historia irakaslea

Aristideren erabakiek zeharkako eragina izan dute egungo egoeran. 1995ean bozak irabazi ostean, Haitiko presidente kargura itzuli zen, eta, militarrek zeukaten boterea ezerezteko, armada desegitea erabaki zuen. Harrez geroztik, bandek botere handiagoa lortu dute, eta, azkenean, 2017an berriz osatu behar izan zuten armada, Moise estatuburu zela.

Urte horretan, hamahiru urteren ondoren, NBE Nazio Batuen Erakundearen misio bat bertan behera utzi zuen erakundeko segurtasun kontseiluak, Minustah Haitin Egoera Egonkortzeko Nazio Batuen Misioa hain zuzen. Misio horretako tropei kolera hedatzea eta sexu abusuak egitea egozten diete herritarrek, eta mesfidantza dute erakundearen inguruan. Orain, berriro, NBEk misio armatu bat bidaltzea onartu du, egonkortasuna lortzeko asmoz; Kenya izango da horren buru, eta 1.000 polizia bidaliko ditu; Antigua eta Barbudak, Bahamek eta Jamaikak ere tropak bidaliko dituzte. AEBek eta Kanadak, berriz, ekonomikoki lagunduko dute.

Tortosari «interesgarria» iruditzen zaio misio hori. Izan ere, Afrikako herrialdeen artean AEBetatik «hurbilen» dagoen herrialdea da Kenya, eta azaldu du NBEk bere erara «moldatu»nahi duela etorkizuneko Haitiko Estatua. «Henryk dimisioa emango zuela iragarri zuenetik, atzerriko soldaduak dabiltza hiriburuan, bandak indargabetzeko eta Barbecue hiltzeko asmotan», esan du Malagako Unibertsitateko irakasleak.

Haiti porrot egindako herrialdetzat daukate aditu askok, iraganeko okupazioak jasan dituelako eta laguntza humanitarioaren menpe dagoelako. Beste batzuentzat, berriz, bere kabuz eraikitzen utzi ez dioten herrialdea da. Hain justu, Kubako Gobernua misio horren aurka azaldu da, «kanpoko esku hartze hori inoiz ezin» baita «konponbidea izan, Haitiko arazoen kausa baizik»; urteotan «arpilatze koloniala eta neokoloniala, eta atzerriko esku hartzea» jasan dituela salatu zuen, martxoaren 15ean argitaratutako oharrean.

Tortosak «ulertzen» du Habanak esandakoa, eta beste aditu batzuek ere esan dute Haiti ezin dela laguntzen menpe egon. Horrekin lotuta, haitiarren ezaugarrietako bat autogestiorako gaitasuna dela nabarmendu du Malagako Unibertsitateko irakasleak; 2010eko lurrikararen ondoren horren bidez atera ziren krisitik. Bestalde, GKE gobernuz kanpoko erakundeek egiten duen lana ezbaian jarri du; horien finantzaketa Haitiko «eliteek» kontrolatzen dute, eta beraiek erabakitzen dute dirua nori eman eta nola banatu.

362.000

Haitin zenbat barne desplazatu dauden. Plan International gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 362.000 barne desplazatu daude Haitin, eta horietatik %32 adin txikikoak dira; horregatik, «premiazko laguntza» eskatu du herrialde horrentzat.

Indarkeriaren eragina

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak apirilaren 12an ateratako txostenean jasotakoaren arabera, martxoaren 8a eta 9a bitartean 95.000 lagunek egin dute alde hiriburutik.

Horrez gain, RNDDH Haitiko Giza Eskubideen Defentsarako Sare Nazionalak iragan ostegunean jakinarazi zuenez, aurtengo lehen hiruhilekoan 208 pertsona hil dituzte herrialde horretan. Gainera, azaldu zuen bandek sexu erasoak egin dizkietela 64 emakume eta neska adingaberi, baina ohartarazi zuen litekeena dela kopurua handiagoa izatea.

Gainera, indarkeriaren gorakadaren ondorioz, Dominikar Errepublikak mugak itxi zituen errefuxiaturik ez jasotzeko, eta iragarri zuen bere kontrolpeko mugen barruan dauden haitiarrak jatorrizko herrialdera itzularaziko dituztela; errepublikako presidente Luin Abinaderrek esan zuen ez zuela errefuxiatu gunerik onartuko bere mugen barruan.AEBek ere hori egin dute.

Tortosak bi interpretazio egin ditu itzulera horien inguruan: batetik, «Haiti berreraikitzeko langileak» bidaltzen ari direla; eta, bestetik, AEBak eta Dominikar Errepublika «deserosoak» diren migranteak botatzen ari direla.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.