Kaosa Frantziako eskuinean, ultraeskuinarekin elkartzeko aukeragatik

LR-ren buruzagiak esan du RNrekin aliantza bat egin «nahi» duela Asanblearako bozetarako, eta alderdikideen haserrea eragin du; dimisioa emateko eskatu diote. Le Penek Ciottiren «hautu adoretsua» goraipatu du.

Eric Ciotti LR-ren presidentea —irudiaren erdian—, apirilean, ekitaldi batean. VALERY HACHE / EFE
Eric Ciotti LR-ren presidentea —irudiaren erdian—, apirilean, ekitaldi batean. VALERY HACHE / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 11
22:00
Entzun

Frantziako eskuina, LR Errepublikanoak alderdia, zatitzeko zorian dago. Edo dagoeneko zatituta dago. Edonola ere, LRko presidente Eric Ciottik gaur eguerdian jakinarazitakoak, hau da, Asanblearako bozetarako Marine Le Penen RN Batasun Nazionalarekin elkartzearen aldekoa dela, hautsak harrotu ditu alderdikideen artean. Geroztik, kaosa da nagusi LRn. Tentsio handiko orduak dira, akusazioz, kritikaz eta ohartarazpenez beterikoak, eta oraindik ez dago erabat argi nola amaituko den afera hori guztia. Eta alderdiaren barne egoera geroz eta korapilatsuagoa den honetan, zatiketa baterako aukerak handitu dira eskuindarren artean.

Maniobra politikoetarako eta erabaki azkarrak hartzeko egunak dituzte Frantzian, iragan igandean Emmanuel Macron presidenteak Asanblea desegin eta hauteskundeak aurreratzea erabaki zuenetik. Eta Ciotti ere, antza, erritmo horretan aritu da; alderdikideek esandakoak aintzat hartuta, bakarrik egin du RNrekin aliantza bat egiten saiatzeko hautua. «LR ahulegia da bloke macronistaren eta ezkerrean egin duten naturaz kontrako aliantzaren aurka egiteko. Aliantza bat behar dugu Batasun Nazionalarekin eskuinekoen bloke bat sortzeko, bloke nazional bat», argudiatu du LRko buruzagiak TF1 telebista kateko albistegian egin dioten elkarrizketan.

Adierazpen horiek egiten ari zelarik, Ciottik bazekien alderdikide garrantzitsuenen iritzia zein zen; halako koalizio bat osatzearen kontra daudela, alegia. Eta behin LRko buruzagiaren elkarrizketa amaituta, denek adierazi dute ideia hori sare sozialetan eta hedabideetan: Gerard Larcher Senatuko presidenteak, Olivier Marleix Asanbleako talde parlamentarioko presidenteak, Bruno Retailleau Senatuko taldearen buruak —«[Ciottik] Gezurra esan digu»—, Valerie Pecresse Ile-de-France eskualdeko presidenteak —Paris barne hartzen du eskualde horrek—, Laurent Wauquiez Auvernia-Rodano-Alpeak eskualdekoak eta Xavier Bertrand Frantzia Garaikoak ere bai, kasurako.

Denak aritu dira ahoan bilorik gabe, baina Florence Portelli mintzatu da gogorren, LRko presidenteordeetako bat. LCI telebista kateari egindako adierazpenetan, Portellik esan du Ciotti «bota» behar dutela, ez dagoela «beste aukerarik», eta alderdi eskuindarrak «urteak» pasatu behar baditu «hauteskunde lurzoruan», hala beharko duela. «Ezin ditugu gure balioak aldatu postuen truke», kritikatu du alderdiko presidenteordeetako bat denak, Asanbleako diputatu karguei buruz ari zela —RNk 577 aulkietatik 89 lortu zituen 2022ko bozetan, eta LRk, 64—.

«LR ahulegia da bloke macronistaren eta ezkerrean egin duten naturaz kontrako aliantzaren aurka egiteko».

ERIC CIOTTILR-ren buruzagia

Gerora, LRko buruzagiaren asmoen kontra agertu direnak testu bateratu bat argitaratu dute Le Figaro egunkarian, eta, haren bidez, argi utzi dute RNrekin akordioak egiteko asmoa soilik Ciottirena dela, soilik haren izenean egin duela proposamen hori eta eskuin muturrarekin elkartzea ez dela alderdiaren jarrera. Sinatzaileen artean daude, aurrez aipaturikoez gain, Frantziako eskuineko alderdi horretako kide historikoetako batzuk —besteak beste, Michel Barnier, François Baroin eta Christian Jacob—.

Hori bai, dimisio eskari horiek guztiak jaso ondoren, Ciottik ez du amore eman; oraingoz ez, behintzat. Alderdiaren egoitzaren aurrean zegoela, arratsalde hasieran, hedabideei esan die ez duela utziko LRren buruzagitza, eta bere erabakia justifikatu du azalduta alderdikideen babesa duela. Goi kargudunen artean ez behintzat, gaur adierazitakoak kontuan harturik. «Soilik militanteek bota ahalko naute», esan du Ciottik.

Alderditik kanpo, bozetarako ezkerreko koalizioa osatu nahi duten indar politikoak —LFI Frantzia Intsumisoa, PS Alderdi Sozialista, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista— ere agertu dira LRren presidentearen asmoen kontra, baita Frantziako Gobernuko hainbat ministro ere —tartean, LRtik atera eta Macronen alde egin zutenak— eta presidentearen Renaissance alderdia ere bai.

Ciotti hautagaitzen aurretik kargugabetzea

Portellik esandakoak aintzat hartuta, badirudi Ciotti alderdiko presidente kargutik botatzen saiatuko direla. Egutegiak eta epeek, ordea, arazoak sortuko dituzte pauso hori garaiz emateko, eta, beraz, aliantza posible hori blokeatzeko.

Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian —hilaren 30ean— lehiatzeko hautagaitzak datorren igandean aurkeztu behar dituzte beranduenez. LRren zuzendaritzaren laurden batek Ciottiren dimisioaz aritzeko bilkura bat eska dezake, baina, hori eginez gero, alderdiko presidenteak zortzi eguneko epea izango luke hori antolatzeko; hau da, denbora luke, sobran, RNrekin akordio bat egiteko bilera horren aurretik. Halere, azkenean, Annie Genevard idazkari nagusiak bilkura batera deitu du, biharko 15:00etarako; ez da alderdiaren egoitzan izango.

Eta kaos horren guztiaren erdian, politikari bat oso pozik agertu da: Le Pen. LRren presidenteari egindako elkarrizketaren ondoren, iragan legegintzaldian RNren Asanbleako talde parlamentarioko presidente izan denak esan du Ciottik «hautu adoretsu bat» egin duela, eta bide beretik mintzatu da, gerora, Jordan Bardella eskuin muturreko alderdiaren presidentea, Europako Parlamenturako bozetan zerrendaburu izandakoa. «Ciottik frantziarren interesa aukeratu du gure alderdienaren aurretik. Elkar ditzagun gure indarrak», adierazi du Bardellak.

RNren asmoa, hortaz, LRrekin elkartzea da, baina ikusteko dago azkenean hori gertatuko den eta, gertatzekotan, zer baldintzatan. Aldiz, eskuin muturreko alderdi hori ez da batuko ultraeskuineko beste taldearekin, Eric Zemmourren Errekonkistarekin, gaur arratsaldean jakinarazi dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.