Ez dute zehaztu apropos edo istripuz izan ote den, baina Finlandiako Gobernuak baieztatu du Balticconnector gasbide eta komunikazio kablean igandean atzeman zituzten arazoak «kanpoko ekintza» batek eragin dituela.
Finlandiatik Estoniara Baltiko itsasoaren azpitik gasa eramateko erabiltzen dute hodia, eta igandean presio jaitsiera sumatu zuten horretan. Itxi egin zuten berehala, gasa ateratzen ari zelakoan. 48 kilometro ditu hodiak, eta arazoa Estoniaren eremuan sumatu zuten.
«Litekeena da gasbideari eta komunikazio kableari eginiko kaltea kanpoko ekintza baten ondorioa izatea», esan du gaur Finlandiako presidente Sauli Niinisto. «Ez dago oraindik argi kaltearen kausa, eta ikertzen jarraitzen dute Finlandiak eta Estoniak elkarlanean».
Finlandiako ikertzaileek adierazi dute aztertzen ari direla kaltea «apropos edo istripuz» gertatu ote den, baina tamainak erakusten duela litekeena dela apropos egin izana, eta horretarako «ezagutza berezia» beharko litzatekeela. «Hau ezin du edonork egin».
Kaltea konpontzeko, hilabeteak beharko direla adierazi du Helsinkik.
Tallinneko Gobernuak, berriz, adierazi du kalteak ez dituela leherketa batek eragin, baizik eta «gizakien ekintza mekaniko» batek. Ondorioak azkarregi ez ateratzeko eskatu du gaur Hanno Pevkur Defentsa ministroak. Zehaztu duenez, gasbidea eta komunikazio kableak ez daude leku berean kaltetuta, baizik eta elkarrengandik urrun dauden bi gunetan.
Seismic signals consistent with an explotion detected in vicinity of gas #pipelines in the Eastern #BalticSea Sea at 01:20 (local time in Finland) on 8th October.https://t.co/9spRw2QVn4
— NORSAR (@NorsarInfo) October 10, 2023
Halere, Norvegian lurrikarak ikertzen dituen Norsar fundazioak baieztatu du «leherketa batekin bateragarriak diren seinale sismikoak» atzeman zituztela igandean, gasbidea dagoen inguruan.
Nord Stream gogoan
Gertaerak gogora ekartzen du iazko irailaren 26an Nord Stream gasbidean gertaturikoa. Orduan, bi leherketa handi gertatu ziren Errusiatik Europako mendebaldera gasa eramateko eraikitako gasbidean.
Berehala ondorioztatu zuten sabotaje ekintza izan zela. Geroztik hainbat hipotesi zabaldu dira ekintzaren egileen inguruan. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak erasoa agindu eta planeatu zuela idatzi zuen otsailean Seymour Hersh kazetari estatubatuarrak. Washingtonek Pulitzer saridunaren erreportajea gezurtatu zuen, baina aste batzuren buruan, martxoan, AEBetako The New York Times egunkariak eta Alemaniako Die Zeit astekariak zabaldu zuten «talde ukrainazale batek» lehertu zituela Nord Stream gasbidearen bi hodiak.
Aurrekari horrekin, NATO aliantza militarrak berehala hartu du eskua aferan. Jens Stoltenberg idazkari nagusiak gaur esan du aliantza «informazio trukatzen» ari dela Finlandiarekin eta Estoniarekin.