Kanpaina bukatuta, bozketa eguna dute gaur AEBetan

Goizaldean amaitu da AEBetako presidentetzarako bozen kanpaina. Pennsylvanian egon dira Harris eta Trump; izan ere, baliteke estatu horrek erabakitzea nor egongo den Etxe Zurian.

Kamala Harris, bart, Filadelfian (AEB), kanpaina bukaeran. DAVID MUSE / EFE
Kamala Harris, bart, Filadelfian (AEB), kanpaina bukaeran. DAVID MUSE / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 5a
10:14
Entzun

Amaitu da AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskunde kanpaina. Baliteke Pennsylvaniak erabakitzea nor gailenduko den gaurko hauteskundeetan —hemeretzi ordezkari ditu estatu horrek—. Hala aurreikusten zen lehenagotik ere. Hori dela eta, Pennsylvaniako ordezkariak lortzeko ahaleginean igaro dituzte kanpainako azken orduak bai egungo presidenteorde Kamala Harrisek bai presidente ohi Donald Trumpek (2017-2021), balantza beren aldera iraultzeko boto gutxi horiek lortzeko ahaleginean. Harrisek ez du zuzenean Trump aipatu Filadelfian egin duen azken kanpaina ekitaldian. Horren ordez, gazteengana gerturatzeko ahalegina egin du: «Gazteak, zuen indarra ikusten dut, eta zuetaz oso harro nago». AEBetako hainbat hedabidek adierazi izan dute gazteen botoa nahitaezkoa izango duela Harrisek Etxe Zurira heltzeko. Hala, hauteskundeen atarian «baikor» dagoela adierazi du hautagai demokratak.

Trumpek Michiganen egin du kanpainako azken berbaldia. Azken egunetako bide beretik jo du, immigrazio politikei eta langabeziari garrantzi berezia emanez. Immigrazioari dagokionez, esan zuen heriotza zigorra ezarri nahi diola poliziaren bat, soldaduren bat edota AEBetako herritarren bat hiltzen duen edozein migratzaileri. Kanpainan behin baino gehiagotan bota du ideia hori. Aurkari politikoaren kontra ere egin zuen; Harrisek «herrialdea apurtu» duela adierazi zuen, eta berak «maila gorenera» eramango duela aldarrikatu: «Zuen botoekin, Kamala [Harris] kaleratuko dugu, eta Amerika salbatuko dugu».

%34,16

 

Botoa eman dutenen ehunekoa AEB Ameriketako Estatu Batuetan 240 milioi lagun baino gehiago daude deituta gaur botoa ematera. Horietako 82 milioik jada bozkatu dute; hau da, boto eskubidea dutenen %34,16k botoa eman dute.

Bi presidentegaien arteko lehia estua izango dela iragarri dute inkesta gehienek: batez beste, botoen %48,1 lortuko ditu Harrisek, eta %46,7 Trumpek. 82 milioi estatubatuar inguruk eman dute botoa jadanik, posta bidez. Kanpaina bukatuta, eta kontuan hartuta hauteskunde egunaren aurretik herritarren herenek botoa eman dutela, ABC News AEBetako telebista kateak inkesta bat argitaratu berri du. Bertan, orain arte zalantzan dauden estatuetan zer espero daitekeen jaso dute. Zazpi estatu dira, eta horiek erabakiko dute nor izango den garailea.

Arizonan, Ipar Carolinan, Georgian eta Nevadan Trumpek irabaziko luke, Arizonan izan ezik beste estatu denetan aldea puntu batena den arren. Harrisek, bestalde, Michiganen eta Wisconsinen irabaziko luke. Eta Pennsylvaniak ez alde batera ez bestera jarraitzen du: azken egunetako inkestek legez, ABC Newsek ere berdinketa aurreikusten du han. Horiek horrela, ezein hautagai ez da gutxieneko 270 ordezkarietara heltzen —Trumpi bi faltako litzaizkioke, eta Harrisi 19—. Hortaz, aurreikusten da Pennsylvaniak erabakiko duela.

Berdinduta hasi dira

New Hampshireko Dixville Notch herria izan da aurrenekoa botoa ematen, AEBetako gauerdian. Han sei lagunek eman dute botoa, eta Donald Trumpek eta Kamala Harrisek boto kopuru bera lortu dute: hiruna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.