Kanakyko egoera dudazkoa da oraindik ere

Frantziak Poliziaren eta ibilgailu militarren presentzia indartu du Kanakyn, bide mozketen kontra egiteko. Frantziara bidali zazpi atxilotuen egoeraz gehiago jakin ahal izan dute Frantziako senatari ekologistek.

FRANCE NEW CALEDONIA UNREST
Frantziako Polizia, Kanakyko bide mozketa batean, maiatzean. BRUNO FAVRE/EFE
Iñaki Etxeleku.
2024ko uztailaren 12a
13:55
Entzun

Frantziak armadako ibilgailu gehiago bidali dituzte Kanakyra, tartean gerrako hamar blindatu. Bozka errolda zabaltzeko egitasmoak maiatzetik piztu gatazkaren barrenean, bide mozteak zabaldu dira uhartean, eta, hain zuzen, mozte horiek desegiteko igorri dituzte ibilgailuak, AFP berri agentziak zabaldu duenez. Tarte horretan Frantziako espetxeetara bidali mugimendu independentistako zazpi atxilotuetarik bostek kartzelan jarraitzen dute. Beste biak kartzelatik atera dira, baina zaintzapean, uztai elektronikoarekin. Bihar, uztailaren 13an, Kanakyko Leinuburuen Nazio Batzordeak ezohiko biltzar nagusia eginen du.

AFP agentziaren arabera, Noumea hiriburua uharte hegoaldearekin lotzen duten bideetako mozketen desegiten ari dira gaur Frantziako indar armatuak. San Luis leinu independentistaren gune nagusian egin dituzte operazioak, Mont-Dore herrian. Hain zuzen ere, hor zuen Frantziako Poliziak gazte bat tiroz hil, asteazkenean. Gatazkak piztuz geroztik hil den hamargarrena. Rock Victorin Wamytan izena zuen, 38 urte zituen, eta Rock Wamytanen iloba zen, San Luis leinuko buruarena. Rock Wamytan Kanakyko Kongresuko lehendakaria da, lurraldeko batzar nagusiko burua, hots, eta 1998ko Noumeako akordioen izenpetzaile independentistetarik ere bada.

Preso urrunduak

CCAT Eremuko Ekintzen Koordinazio Talde independentistako 13 kide atxilotu ondoren, zazpi Frantziarat bidali zituen Frantziako justiziak, ekainaren 22an eta 23an. Kanakytik 17.000 kilometrora, Mulhouse, Riom, Blois et Dijon hirietako presondegietan sakabanatu dituzte. Zazpi giltzapetuetarik bi presondegitik atera ziren uztailaren 7an, zaintzapean. Frederique Muliava —artetik errateko, Kanakyko Kongresuko buru Wamytanen kabineteburu dena— eta Brenda Wanabo-Ipeze obligaziozko bizitegi batean ezarri ditu epaitegiak, uztai elektroniko batekin, Frantzian. Hain zuzen, Thomas Dossus senatari ekologistak Wanabo-Ipezeri bisita egin zion uztailaren 1ean presondegitik atera aitzin, eta Basta sareko aldizkariak elkarrizketa egin dio. «Gauzak nola iragan diren ikusirik, oraino shock egoeran zegoen», kontatu du Dossus senatariak, atxilotuarekin mintzatu ondoren. «Ez du ulertzen zergatik urrundu duten, dioenez ez baitu betekizun operatibo handirik CCATn».

Erbesteratzeko moldea ere salatu du giltzapetuak. «16.000 kilometro egin ditu, eskuburdinekin buruan buru, paradarik ukan gabe bere haurrei errateko bazihoala». Senatariak adierazi du, gainera, bisita egin zion egunean Wanabo-Ipezek oraino ez zuela aukerarik ukana haurrekin telefonoz mintzatzeko. «Hori zuen kezkarik handiena». Eragile independentistak Dossusi erran dionez, haien kontrako operazioa «larderiatzeko prozedura bat da».

Noumeako auzitegiko prokuradoreak akusazio larriak ezarri ditu zazpi atxilotuen bizkar, hala nola krimen bat prestatzeko gaizkile elkarte batean parte hartzea. «Ardurenean mugimendu independentisten kontra erabili akusazioak dira, hala nola korsikarren eta euskaldunen kontrakoak», gehitu du senatari ekologistak. Haren ustez, atxiloketa horiek «ez dute sua indartzen baizik. Han [Kanakyn] ez ditu nehondik ere bazterrak lasaituko».

Dossusen gisan, beste lau senatari ekologistak bisita egin diete beste sei preso kanakei.

Azen ontzeko, Charlotte Mannevy Kanakyko AFPko eta Le Monde-ko berriemaileak jakinarazi duenez, Sonia Backes uharteko hego lurraldeko batzarreko buru loialistak medikuntza laguntzak kendu dizkie 25.000 herritarri, istiluetan parte hartu dutenen zigortzeko. AFPko berriemaileak oharra egin du bere X kontuaren bidez: «25.000 pertsonari medikuntza laguntza kentzea, 4.000 matxinaturi ordainarazteko. Hara gizarte justiziako beste neurri eder bat hegoko lurraldeko lehendakariaren eskutik».

Leinuburuen batzarra

Larunbat honetan, Kankyko leinuburuak biltzar batean biltzekoak dira herrialdeko iparreko lurraldean. Oldarraldian parte hartzen duten herritar gazteekin mintzatzea da helburua, France Info irratiaren arabera.

Kanakyko Leinuburuen Nazio Batzordeko lehendakari Hippolyte Sinewamiren hitzak ekarri ditu Frantziako irrati publikoak. Ezohiko batzarraren helburuak zehaztu ditu: «Bizi ditugun gertakarien harira, gazteriari oroitarazi nahi diogu konfiantza egiten diogula, eta etorkizunean herria aitzina eramanen dutela. Baina, oroz gainetik, gure azpiegiturak ez dira hunki behar, hala nola eskolak eta herriko etxeak, herritarrentzat baliagarriak baitira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.