Kanadan Trudeauk irabazi ditu bozak, baina gehiengorik gabe

Bloke Quebectarrak hamar diputatu zituen lehen, eta orain 32 ditu; hor galdu du Trudeauk babes gehien. Liberalek ez dute koaliziorik nahi, eta akordioak egin beharko dituzte

Kanadan Trudeauk irabazi ditu bozak, baina gehiengorik gabe.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Inkestek zalantzan jarri zuten azken egunetan Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak postuari eustea lortuko zuen ala ez, eta, lehengo nagusitasunik lortu ez duen arren, indarrean segituko du hautagai liberalak. Halere, kontserbadoreek baino boto gutxiago lortu du, eta ez du 2015eko gehiengoa berritzerik izan.

Bloke Quebectarra izan zen herenegungo bozetako onuradunetako bat. Azken urteetako joera txarrari buelta ematea lortu du Yves-François Blanchet buru duen alderdi subiranistak: hamar diputatu zituen lehen, eta 32 ditu orain —bigarren indarra Quebecen, liberalek baino bi diputatu gutxiagorekin—. 2008tik blokeak lortu duen emaitzarik onena da.

Herenegun egin zituzten hauteskundeak, eta liberalek irabazi izanaren arrazoia Kanadan duten boto zuzenaren sistema da. Sei milioi boto lortu dituzte kontserbadoreek, eta 5,7 milioi Trudeauren alderdiak, baina, barruti bakoitzak hautagai bakarra aukeratzen duenez, parlamentuak 157 diputatu liberal eta 121 kontserbadore izango ditu. Hamahiru diputatu falta izan zaizkio Trudeauri gehiengo osoa lortzeko, eta, beraz, akordioak lortu beharko ditu legegintzaldian zehar.

Emaitzak jakin ostean egin zuen agerraldia hauteskundeen irabazleak. Esan zuenez, «kanadarrek agenda aurrerakoi baten alde egin dute, klima larrialdiaren aurka gogor jardungo duen gobernu baten alde». Indarra galdu duten eskualdeetako biztanleei ere zuzendu zitzaien, Quebecekoei eta Albertakoei. Euren «frustrazioa» entzun duela adierazi zuen, eta hitzeman lan egingo duela «herrialdea batzeko».

Uste baino boto gutxiago lortu dituena NDP Alderdi Demokratiko Berria izan da. Lortutako 24 diputatuekin badute gobernuan eragiteko ahalmena. Jadmeet Singh hautagaiaren arabera, atzo mintzatu zen Trudeaurekin, eta «herrialdearen lehentasunen alde lan egitea» adostu zuten.

Trudeauren polemikak

Stephen Harper kontserbadorea bederatzi urtez izan zen lehen ministro (2006-2015), eta 2015ean indar handiz sartu zen Justin Trudeau. Kanpainan hainbat proposamen aurrerakoi egin zituen: erdiko klaseari zergak jaistea eta aberatsenari %1 igotzea; abortatzeko eskubidearen eta LGTBI kolektiboaren aldeko neurriak hartzea; Kanadako tropak Siria eta Iraketik erretiratzea; ingurumenaren aldeko politikak ezartzea; eta indigenekin harremanak hobetzea, besteak beste. Marihuana legeztatuko zuela ere hitzeman zuen.

Zenbait eragilek, ordea, proposamen horiek ez bete izana egotzi diote Trudeauri. Trans Mountain gasbidearen hedapena abian jarri izana da eztabaida gehien sortu duen neurria. Lehenik, auzitegi batek atzeratu egin zuen asmo hori, ez zitzaizkielako behar beste galdeketa egin gasbidea pasatzen den lurraldeetako indigenei eta NEB Energiaren Batzar Nazionalak proiektuak ingurumenean izan zitzakeen kalteak gaitzetsi zituelako ikerketa batean.

Trudeauren asmoek haserrea piztu zuten Alberta eta Columbia Britainiarra eskualdeetan; hauteskundeetan lehen ministroak ez du ordezkaririk lortu horietan. Herri indigenen bozeramaileek trudeauri egotzi zioten 2015ean emandako hitza ez betetzea. Gasbideen jabea AEBetako Kinder Morgan multinazionala da; Donald Trump pozik agertu zen atzo Trudeauren garaipenarekin, eta zoriondu egin zuen Twitter bidez.

Horrez gain, hauteskunde kanpainan zeresan handia eman du lehen ministroa Aladdin bisirraz mozorrotuta ageri zen argazki batek. Trudeau irakasle zen garaikoa da argazkia, eta eskolako festa batean aurpegia beltzez margotuta agertzen da. Ekintza horrek esanahi arrazista du Ipar Amerikan, eta hautagai liberalak barkamena eskatu zuen argazkiak argitara atera zirenean.

Blokearen gorakada

Herenegungo hauteskundeei esker, Alderdi Kontserbadoreak adina egin du gora Bloke Quebectarrak: hamar diputatu zituen, eta 32 ditu orain. Azken urteetako bilakaera ikusita emaitza positiboa den arren, historikoki izan duten indarrik ez dute oraindik: subiranistek bozetan parte hartzen dutenetik lortu dituzten emaitzarik txarrenetan hirugarrenak dira oraingoak. Bloke Quebectarrak 38 eta 54 ordezkari artean izan zituen 1993 eta 2008 artean, baina 2011n lau soilik eskuratu zituen.

Lehen aldiz, Blanchet izan da hautagai nagusia. Quebecentzat onuragarriak diren politikak babestuko dituela adierazi du, eta, independentziaz galdetuta, zuhur erantzun zuen: «Herrialde bat nahi dugu, baina uneotan gure hautesleek eman diguten zeregina ez da subiranotasuna lortzea». Quebeceko iazko hauteskundeetan ere emaitzak hobetu zituzten Alderdi Quebectarrak eta Quebec Solidarioak, bi alderdi subiranistek. Biak batuta, botoen %33 inguru eskuratu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.