Hamar egun daramatza Kanadako lehen ministroaren karguan Mark Carneyk, eta hauteskundeak egiteko garaia dela erabaki du. Parlamentua desegitea eta bozak apirilaren 28ra aurreratzea agindu zuen atzo gobernuburu berriak. Justin Trudeau lehen ministro ohiak (2013-2025) dimisioa eman ostean iritsi zen Carney kargura, hilaren 14an. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen erabakiek eta mehatxuek Kanada krisi batera daramatela azaldu du lehen ministroak. «Gure bizitzetako krisirik handienaren aurrean gaude», ohartarazi zuen atzo Carneyk, Ottawan emandako prentsaurreko batean.
Urtarrilaren 20an AEBetako presidente kargua hartu ostean, Trumpek %25eko muga zerga orokorrak ezarri dizkie Kanadak AEBetara esportatzen dituen produktuei, eta zerga horiek areagotzeko prest agertu da. Gainera, neurri ekonomikoez baliatuta, presio egin nahi dio Ottawari Kanada AEBetako «51. estatu» bihurtzeko. Mehatxu horien testuinguruan hartu du bozak aurreratzeko erabakia Carneyk: «Trumpen arabera, Kanada ez da herrialde bat. Makurrarazi egin nahi gaitu, AEBak gure jabe izan daitezen». Baina halakorik ez dela gertatuko ziurtatu zuen.
Urtarrilean Trudeauk dimisioa eman, eta martxoaren 9an egin zituen Kanadako Alderdi Liberalak hauteskunde primarioak. Horietan, botoen %85,9 eskuratu zituen Carneyk, eta Trudeauren lekua hartu zuen alderdiaren lidergoan eta Kanadako Gobernuan. Lehen ministro berriak 59 urte ditu, eta ibilbide luzea egina du ekonomiaren alorrean. Kanadako Banku Zentralaren gobernadorea izan zen bost urtez, 2008tik 2013ra, eta, FSB Finantza Egonkortasunerako Kontseiluko presidentea ez ezik (2011-2018), Ingalaterrako Bankuaren gobernadorea ere izana da (2013-2020).
Gaur-gaurkoz liberalek ez dute gehiengoa parlamentuan; are, Carneyk ez du eserlekurik bertan. Horregatik, gobernuak zail zuen bide luzea egitea, eta Carneyk apirilera aurreratu ditu urrian egitekoak ziren bozak. Azken inkestek Alderdi Liberala jotzen dute hauteskunde horiek irabazteko faboritotzat. Hala, laugarren aldiz jarraian nagusiko lirateke liberalak Kanadako boz orokorretan. Gainera, CBC Kanadako irrati-telebista publikoak inkestei egindako jarraipenaren arabera —datuak atzokoak dira—, parlamentuko behe ganberan gehiengoa lortuko lukete liberalek, botoen %37,5 eskuratuta. Eta haien atzetik, gertu, geratuko litzake Alderdi Kontserbadorea, botoen %37,1 eskuratuta.