Klima larrialdia

Kanadako beroaldi bortitzean mila milioi animali hil direla uste dute adituek

Muturreko tenperaturetara ohituta ez dauden ekosistemen hauskortasuna agerian utzi du Ipar Amerikan gertatutakoak, adituen arabera.

Haur bat, bere burua freskatzen, AEBetan. MICHAEL REYNOLDS
2021eko uztailaren 8a
19:03
Entzun

The Guardian egunkariak gaur jakinarazi duenez, adituek uste dute Kanadako hego mendebaldean aurreko asteotan izan diren bero bortitzek sekulako triskantza eragin dutela itsasoko animalietan. Euren kalkuluen arabera, baliteke mila milioi baino gehiago izatea bero handiek hildako animaliak. Jakina denez, Kanadako eta AEBetako mendebaldeko kostan muturreko tenperatura altuak izan zituzten aurreko astean —50 gradura ere iritsi ziren une batzuetan—, eta 500 pertsona baino gehiago hil ziren beroaldi horren ondorioz. Orain, baso sute handiak pairatzen ari dira Kolunbia Britainiarreko probintzian.

The Guardian egunkariak hainbat adituri galdetu die beroaldiak eduki duen eraginari buruz, eta haiek nabarmendu dute litekeena dela mila milioi itsas animali baino gehiago hil izana. Christopher Harley Kolunbia Britainiarreko Unibertsitateko itsas biologoak triskantzaren tamaina nabarmendu du. Vancouverreko hondartzan paseatzea nahikoa da horretaz ohartzeko, haren esanetan. Hildako muskuilu, txirla, barraskilo, itsas izar eta bestelako animali ugari ikus eta zapal daitezke egunotan. Uraren tenperaturak egosi egin ditu, 30 gradura iritsi da, normalean hotz samar mantentzen den toki batean. Sakonera txikiko itsas inguru bat izateak ere erraztu du berotze azkar hori. Animali horientzat 30 gradutik gorako tenperaturei, are eta gehiago 40tik gorakoei, ordu askoan jarraian eustea ezinezkoa dela nabarmen du aditu horrek.

Bat-bateko berotze horiek ekartzen duten triskantzari buelta ematea kosta egingo dela uste dute adituek, bereziki espezie batzuentzat. Muskuiluek bi urteko epean berreskura dezakete lehenagoko egoera, baina itsas izarrek hamarkadak beharko dituzte. Meteorologoek ohartarazi dute hurrengo astean beste beroaldi gogor batek jo dezakeela Pazifikoko kostaldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.